Europar funtsak: bidesari hirukoitza

Mikel Alvarez eta Endika Perez
2021eko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Zenbait unetan, historiaren ibilbidea bizkortu egiten da, eta hilabete batzuek hurrengo bosturtekoak zehazten dituzte. Batzuetan, gainera, eztabaida politiko bizkortu eta itxuragabearen abiadurak azkarregi uzten ditu atzean erabat indarrean dauden eztabaida eta ikuspegiak. COVID-19aren pandemia sindemia bihurtu da, lehenengoari egungo kapitalismoaren azkartzea eta joera autoritarioa gehituz. Hor gaude.

Eusko Jaurlaritzak Espainiako estatuari esleitutako Europako funtsak eskuratu ahal izateko bere proiektuen proposamena aurkeztu berri du. Zerrenda hori Madrilen badago ere, Urkulluren gobernuak apirilera arte du funts horiek zein proiektuk eskuratuko dituzten zehazteko aukera.

Europar Batasunaren etorkizunerako eta beraz kontinenteko langile klaserako puntu erabakigarrianaurkitzen gara: Maastrichteko Ituna funtsezko puntua izan zen merkatu bakarra eraikitzeko, eta 2008tik betikotutako austerizidio zein langile-klasearen aurkako aurrekontu politiketarako beharrezko azpiegitura jarri zuen. Next Generation Europe planak kapitalismoaren aro berri bat egituratu nahi du, arrakalak gero eta nabariagoak dituen fase batean.

EBk bere buruari auto-zuzenketa taktikoa egin dio ipar estrategikoa aldatzeko bokaziorik gabe. Transnazional handien irabazi-tasari eusteko gaitasunik gabe, produkzio-egitura zaharkituegia du etekinak pilatzen jarraitzeko eta erronka ekologikoari aurre egiteko. Bi urterako aurrekontu-egonkortasunaren arauak bertan behera uztea, Espainiako estatuko ICO kredituak eta estatuei baliabide publiko asko eta asko bideratzeko erabakia beharrezko zuzenketa bat da, guztiak berdin jarrai dezan, baita enpresaburu handien sektoreentzat ere.

EBko funtsak birkonfigurazio plan honen proposamen nagusia dira, titular gehien bereganatu dituena baina gutxien eztabaidatu dena. Oinarrizko bi ideia nagusi daude funts horien norabidea ulertzeko orduan.

Alde batetik, laguntzen baldintzazkotasuna, bai zorra sortzen duten mailegu gisa, bai erreforma politikoei lotutako zuzeneko finantzaketa gisa. Azken honek, sotila izanagatik ere, klase herrikoien interesei eragingo dien kaltea ezkutaezina da. Azken asteotan Escrivá ministroak pentsioen erreformarako egindako proposamenarekin edo Espainiako Gobernuak lan-erreforma ez indargabetzearekin ikusi dugun bezala, beltzezko gizonen itzala luzea da Madrilgo eta Gasteizko bulegoetan. Europako seihilekoaren «gomendioek» berritu gisa aurkezten diguten politika zaharraren eskema bera jarraitzen dute, joko-zelaia are gehiago estutuz. Eta ez hori bakarrik; izan ere, Europako Batzordeak gobernua premiatu du erregulazio autonomikoaren zatiketa konpon dezan, gizarte- eta lan-politiken birzentralizazio berriari ateak irekiz.

Azpimarratzekoa den bigarrena, hazkunde ekonomikoa biztanleria osoaren ongizatearen parekoa delako kontakizun zaharra darabiltela da. Horrela, hazkunde hori «berritzeko eta ekonomiaren bultzatzaile izateko gaitasun nahikoa dutenek» baino —alegia, multinazionalek eta enpresa handiek— ezingo lukete zuzendu. Erabat faltsua. COVID-19a baino lehen, BPGak zenbait puntu egin zuen gora, baina lan-errentek behera egin zuten, langile klaseak erosteko gaitasuna murriztua ikusi zuen eta pobreziak gora egin zuen EAEn egindako Pobreziari eta Gizarte Desberdintasunei buruzko azken Inkestak erakusten zuen bezala. Ez dago gizarte osoa berdin-berdin zeharkatzen duen interes lineal eta bakarra. Kontakizun hau gurpil kapitalista gelditu ez dadin, enpresa multinazionalei funts publikoen —batez ere langileok azken bost urteetan sortutako errentekin elikatutako diru publikoen— transferentzia justifikatzeko erabiltzen ari da, estraktibismoa eta lankidetza publiko-pribatua, goren-gorenean.

Eszenatokia hau bada, aktoreen mugimenduak ez dira askoz itxaropentsuagoak. Bruselak eztabaida politikoaren esparrua zehaztu du eta Espainiako Gobernua eta EAEko eta Nafarroako gobernuak ez dira gidoitik ateratzen ari. Gasteizko gobernuak aurkeztutako lehen proposamenaren oinarria PwCk idatzitako txostena zen, eta lehentasunak herrialdearen bilakaera zuzentzen duten 2-3 multinazionaletan zentratuta zeuden. Bigarren proposamenak ñabardura gehiago izan ditu. Euskadi Next planaren baitan dagoen zerrenda berriak funtsak esku gehiagotan banatzea izan du helburu, patronalaren zati baten eta beste enpresa eragile batzuen kritikei aurre eginez. Era berean, ezin dugu alde batera utzi herri kritika eta presio sozialaren balioa; izan ere, zalantzarik gabe, Urkulluren gobernuak bere burua birkokatu behar izan du testuinguru horretan. Horren ondorioz, herrialdeko eliteen birkokapena ikusten ari gara atrezzo berde eta digital baten atzean; norabide estrategikorik gabekoa eta, noski, herritarron gehiengoaren ongizatea bermatzeko helbururik ez duena.

Azkenik, mamia argia bada, erabakiak hartzeko modua are adierazgarriagoa izan da: eztabaida ekidin da, herri honetako gehiengo sindikal eta soziala kanpoan utziz. Azpiazu sailburuak esan zuen: «Hori ez da modu asanblearioan egiten, ezta proiektu batzuk edo besteak sartzea nahiago duenaren enkante bat plaza publikoan jarriz ere». Herri honetako langileon etorkizuna garrantzitsuegia omen da guk geukerabakitzeko.

Beraz, une honetan, bidesari hirukoitza izango dugu: Gasteizek ezarritakoa lehena, azken hamarkadako politika neoliberalenekin erabat bat datorrena; Madrilgo bigarren bidesaria, azken batean funtsen xedea erabakitzen duena delako; eta azkenik, Bruselako bidesaria, indarrezko alkandora hori gero eta estuagoa izan dadin presio egiten ari dena.

Aprobetxa dezagun egoera hau langile guztien artean erabakitzeko zer eredu produktibo eta erreproduktibo nahi dugun. Aprobetxa dezagun egoera hau Europako funtsetatik harago, ekonomia gehiengoaren zerbitzura nola jarri eztabaidatu eta erabakitzeko. Erabil dezagun leiho taktiko bat behar estrategikoak mahai gainean jartzeko. Gure agendak zeharkatu behar dituzten ezinbesteko bektoreak dira erreforma fiskal sakona, prekarizazioa eta pobrezia amaitu eta bizitza duinaren aldeko lan harreman eta babes sozial eredua, sektore publiko estrategiko eta berritzailea ekoizpen-sektoreetan, gure ekoizpen-matrizea gizarte-premietara egokitzeko apustu irmoa, langileok ekonomian modu autonomoan parte hartzea, zaintza publiko komunitarioko sistema integrala edota burujabetza ekonomiko eta soziala gauzatzea.

Garaiz gabiltza zelofan distiratsuz estalitako formula zaharrak baztertzeko eta irtenbide bideragarri bakarraren alde egiteko: langileen interesak eta beharrak erdigunean jartzea eta eredu subirano, sozialki justu eta benetan jasangarri baterantz igarotzeko proposamen bat egituratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.