Frantziako Tourra

Orain hautagaia al naiz?

Geraint Thomas izan da faboritoen multzoko indartsuena La Planche des Belles Fillesen, baina alde txikiak egon dira. Dylan Theunsek irabazi du etapa, eta Giulio Ciccone bigarrena da lider berria

Orain hautagaia al naiz?.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Geraint Thomasek (Ineos) ez du ahotsik altxatu azken asteetan. Frantziako Tourreko historian, aurreko aldiko irabazleak gutxitan emango zuen aurtengoan adina zeresan. Egia da sasoi honetan orain arte eginikoek ez zutela harengan fede itsua izateko arrazoirik ematen, baina iazko Tourra nahikoa berme da ondo kontuan hartuta izateko. Txirrindularitza munduan, baina, iazkoa errepikatzea ezinezkoa izango zuelako uste moduko bat zabaldu da, galestarraren loria urtea ia-ia historiaren gutizia bat izan balitz bezala. Hori gutxi ez, eta bazirudien Egan Bernalen (Ineos) agerpen ikusgarriak Thomas, ezinbestean, haren morroi izatera mugatu beharko zuela. Galestarrak pazientzia estoiko handiz jasan du hori, umore ironikoa duen samurai bat balitz bezala. Zain egon da, errepidean hitz egiteko zain.

Eta atzo hartu zuen hitza, lehen mendate etapan. Ez oso ozen, baina bai errespetua eskatzeko, eta irabazteko hautagai dela gogoratzeko nahikoa. Bera izan zen faboritoen multzoko indartsuena La Planche des Belles Filleseko(7 km eta %56,8) aldapetan. Alde txikiak izan ziren, anekdotikoak kasik, hamar segundotik beherakoak, baina bera izan zen indartsuena. Vincenzo Nibali (Bahrain) 51 segundora eta Romain Bardet (Ag2r) 1.09ra izan ziren atzean gelditu ziren izen handi bakarrak.

Thomasek gustura bukatu zuen, baina helmugan ikusi zen irribarre handiena ez zen berea izan, Dylan Theuns (Bahrain) izan baitzen etapako irabazlea. Dauphinen erakutsi zuen sasoiko zegoela, eta atzo lortu zuen bere ibilbideko arrakastarik handiena. Flandriarrak buruz buruko esprint itoa irabazi zion Giulio Cicconeri (Trek). Igoerako azken 200 metroak %20tik gorako pendiza duen aldapa ziren, eta kamera geldoko esprinta egin zuten. Hain zen aldapa pikoa, helmugako marra pasatu berritan eta pedalei eragiteari utzi zionean, antolakuntzako kide bat gerturatu behar izan baitzitzaion gerritik heldu eta erori gabe besoak altxatu ahal izateko.

Lehen biek helmugaraino eraman zuten eguneko ihesaldia. Zazpi minututik gorako aldea ere izan zuten 160 kilometro eta Lehen Mailako lau mendate zituen etapa batean. Lau minuturen aldearekin ekin zioten azken igoerari, eta irabazlea 1.44ko aldearekin helmugaratu zen. Cicconek 11 segundora eta zapore garratzarekin bukatu zuen etapa, herio batean, baina handik gutxira jaso zuen eguneko albiste ona: elastiko horia berak jantziko du gaur. Julian Alaphilippe (Deceuninck-Quick Step), onenekin batera atzean, 1.35era sartu zen, eta sei segundogatik galdu zuen lidergoa. Frantziarrak eraso indartsua jo zuen azken kilometroetan, ausart defendatu zuen elastiko horia, baina ahalegin antzua izan zen. Min eman zion; ezin izan zuen disimulatu, eta agerikoa zen haren atsekabe aurpegia.

Landa, ausart

Aurtengo Tourrean lehen mendate etapa oso goiz iritsi da, goizegi agian, eta faborito gehienak zuhur ibili ziren La Planchen. Inork ez zuen atzean gelditu nahi. Ez zen lehen azterketa, hori Pirinioetan iritsiko da, baina kontrol proba gisa neur zitekeen. Mikel Landa (Movistar) izan zen logika hori hautsi zuen bakarra, helmugatik hiru kilometrora erasoa jo baitzuen. Ordurako ezinezkoa zen iheslariak harrapatzea, tartea egiteko erasoa zen, beraz, eta bi kilometro egin zituen ihes eginda berriz ere harrapatu zuten arte. Itxura ona eman zuen.

Faboritoen arteko eraso festa azken kilometroan iritsi zen. Antolatzaileek beste kilometro bat erantsi diote La Plancheko igoera klasikoari, eta erantsitako tarte horren erdia %24ko pendiza duen lurbidea da. Alaphilippe izan zen sua piztu zuen aurrenekoa, eta ondoren jo zuen erasoa Thomasek. Iaz tankera horretako eraso saio batzuk egin zituen, azken kilometroetara arte zain egonez, eta horrela irabazi zuen Tourra.

Galestarra, horrenbestez, bakarrik helmugaratu zen, eta bosgarren dago orain sailkapen nagusian. Bi segundoren aldea atera zion Thibaut Pinoti (FDJ); zazpikoa Nairo Quintanari (Movistar); bederatzikoa Jakob Fuglsang (Astana), Egan Bernal (Ineos), Mikel Landa (Movistar) eta Richie Porteri (Trek); eta hamalaukoa Adam Yatesi (Mitchelton). Alde txikiak, izan ziren, Nibali eta Bardetentzatizan ezik. Haiek izan ziren igoerako galtzaileak. Egun bakarreko proba da, baina atzoko maila asko hobetu ezean, ondo kostata sartuko dira podiumerako lehian. Nibali, orain, Thomasengandik 1.13ra dago, eta Bardet, 2.08ra.

Atzoko berotuaren ondoren, gaur maratoia, eta ondo bidean esprinta, jokatuko dute Belfort eta Chalon-sur-Saone artean. Etapak 230 kilometro ditu, eta hirugarren eta laugarren mailako mendate bana. Azken 90 metroak lauak dira; beraz, esprinterrak dituzten taldeak ondo antolatzen badira, ihesaldi batek aukera gutxi izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.