Feminismoa zigorpean Bilbon

Susana Andino eta Almudena Lloret
2022ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Lerro hauen bidez, 2020ko martxoaren 8an Bilboko San Frantzisko auzoan gertatutakoaren berri eman nahi dugu. Aspalditik, Martxoaren 8an, Bilboko emakumeok auzoetatik abiatzen diren zutabeetan antolatzen gara, Kale Nagusian bat egiteko eta, egun berezi horretan, urteko egun guztietan emakumeen eskubideen alde borrokatzen jarraitzeko indarrez betetzen gaituen aldarrikapen eta jai kutsuko manifestazio jendetsua hasteko.

Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako emakumeentzako topagunea San Frantzisko plaza da, Martxoaren 8an auzoko emakumez gainezka zegoena, horietako asko ileorde more, konfeti, pankarta, aldarrikapen mezu eta airera botatzeko purpurina eta guzti. Giro horretan, purpurina moreak Udaltzaingoaren auto bat apur bat zikindu zuen, eta, horren ondorioz, bizilagun batzuk identifikatu gintuzten. Ekintza hori guztiz neurrigabea iruditu zitzaigun, baina pentsatu genuen ez zela momentuko deserosotasunetik harago iritsiko. Hala ere, joan den astean, duela bi urte identifikatutako kideetako bati kontu korrontea bahitu zioten 700 eurotik gorako isuna ez ordaintzeagatik.

Gure auzoetan batez besteko errenta eta bizi-itxaropena Bilboko txikienetakoa da, eta langabezia eta pobrezia tasa, altuenetakoa. Baldintza sozioekonomiko kaltegarri horiekin batera, azken urteotan gentrifikazio eta turistifikazio prozesu kezkagarria jasaten ari gara, alokairuak garestitzen eta funts putreen jarduerak bultzatzen ari baitira, beste ondorio larri batzuen artean. Pandemiak, gainera, nabarmen handitu du poliziaren presentzia; eta polizia hori ez da oinez ibiltzen, autoz baizik.

Martxoaren 8a egun berezia da feministentzat, eta horrela izan beharko litzateke beren diskurtsoetan genero-berdintasuna eta indarkeria matxisten aurkako borroka txertatu dituzten euskal erakundeentzat, batez ere Pekinen duela 25 urte egindako adierazpenetik eta ekintza-plataformatik abiatuta. Erakunde horien funtsezko zati bat euskal polizia da, auzoetako bizilagunen zerbitzura egon beharko lukeena, hurbilekoa izan beharko lukeena (ezinezkoa da autoz ibilita), eta giza eskubideak betetzen direla zaindu beharko lukeena.

Polizia-auto bat apur bat zikintzeagatik Martxoaren 8an militante feminista bati isun bat jartzea bat dator printzipio horiekin? Ez, noski, eta horregatik publikoki salatzen dugu. Nahikoa da adierazpen feministen aurkako jazarpenaz eta zigorraz!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.