Xabier Lete: kasualitatezko kantaria, kausalitatezko poeta

Mirari Garmendia Otamendi
2020ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Gizakion transzendentziazko galdera handienen erantzunen bila jorratu zuen bidean, egin zen Lete, poeta handia. Existentziaren argi-ilunetan murgilduz, edertasunaren alde tragikoaren ikuskatzaile paregabea izan zen. Malenkoniaren printzea. Izatearen sakontasunaren bilatzailea eta aurkitzen zituen esanahi berrien adierazle bikaina. Irakasle handietatik ikasi zuen berak ere, eta jaso zituenak, bere izate sakon eta berezi horretatik iragazita utzi zizkigun, gure izateen eta ondoren etorriko direnen aberastasunerako.

Tormentuan indarturiko arima baten ezinegonetik, gure mundua irudikatu eta aditzera eman zuen. Mundu materiala, poesiaz interpretatu eta hobetu zuen. Existentzialismoaren eta nihilismoaren artean jorratu zituen borrokak, ez ziren alferrikakoak izan. Horri esker, gure zalantzak eta ezinegonak irudikatu eta ulertzeko, mundu hobeago bat jaso dugu.

Gizakiaren mugak, patua, zorigaitza, eta hilkortasuna metaforaz edertu zituen. Erruak eta desleialtasunak asaldatzen zuten. Bazuen, ordea, itxaropenerako betarik. Beldur atabikoen adierazle bikaina izanik, okerrena edertzeko gai zen. Nahi eta ezinen poeta, deskribatzaile zorrotza.

Bere poemei transzendentzia darie. Oinazearen poeta. Oinazetik, arima eta gorputzaren oinazetik (bereizi badaitezke), hain zuzen ere, idatz daitekeela erakutsi zigun. «Edertasunaren neurri bakarrean bizi behar dugula» esan bazuen ere, edertasun horretara iristeko, ezohiko bideak zabaldu zizkigun.

Ezjakintasunak baldintzatzen gaituen bizimodu honetan, gainazaleko begiradak gailentzen direnean, begiak inon lausotzeko denbora hartu ezinik gabiltzala, bizitzaren hainbat alderdik duten sakontasunak, ihes egiten digu. Hau honela izanik, hutsalkeriak balira bezala tratatzen ditugun hainbat eta hainbat bizipen, sakralizatzeko aukera eskaintzen digu Letek, bere poemen bitartez. Poeta intimista. Bakardadean, begiak itxita eta bere ahotsaz gozatuz, idatzi zituen poemak entzutean, norbanakoaren izate sakonenarekin eta izadiarenarekin konektatzea posible dela pentsatzera eraman gaitzake. Bere ahots baxu ozen, sarkorrak, munduarekin bakeak egiteko gogoa pizten du. Azalaren geruzak banan-banan, igurtzirik gabe, erresistentzia baketsuan zeharkatzen dituen bitartean.

Aberria, izadia, maitasuna eta gorrotoa, denboraren izaera berezia, biribil eta ziklikoa... Dena zuen kezka iturri eta denetan jarri zuen begirada jasoa. Kausa guztien jakin-minak eragiten zion ziurgabetasunak, eraman zuen sorkuntzara. Bere barrua hustera, eta entzun nahi zuen guztiarekin bere hitz samindua partekatzera.

Pribilegioa da bere hitzen bitartez inguratzen gaituenari esanahia eman eta ulertu ahal izatea. Euskaldunok, jatorrizko hitzetan, entzuteko dugun pribilegioa.

Kasualitatez iritsi omen zen kantura, kausa askok bideratu zuten, ordea, poeta izatera. Asaldatu zuten kezkek, gaixotu zuten oinazeek, atsekabetu zuten gertaerek eta argitasuna eman zioten bizipenek, guztiei aurkitu diegu, honela, izateko arrazoia. Denak izan dira poetaren goiargiaren iturria. Harriari, esku jakintsuek zizelaren bitartez, eskultura erauzten dioten bezala, hala, Leteren bizitzan gertaturiko bizipozek eta bizipenek, esku jakintsuak bailiran, poeta, gizaki soiletik erauztea lortu zuten.

Joana da, badira kasik hamar urte. Argi-ilunez bete zuen bere bizitza, ilunean zen ordea, paregabea, ilunena edertzen, gizakion antzinako beldur eguneratuak metaforaz leuntzen. Errazagoa iritsi zaigu mundua, bera, aurretik izan dugunok. Eta ederragoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.