Xabier Amuriza.
PASCALEN ESFERATIK

Animaliak

2020ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Animalia bat hil duzu eta poztu zara. Tiroa huts egin duzu eta zapuztu zara. Hil eta poztu. Huts egin eta zapuztu. Animalia hori ez zenuen behar. Zerbaitegatik (oreka ekologikoagatik, adibidez) hila izan zedin ere ez zen behar. Zoaz Arratera eta ikus plater-tiroa. Ikus, jarraian, uso-tiroa. Zer du uso-tiroak plater-tiroak ez zuena? A, bai! Usoaren mugimenduak zorizkoago omen. Ziur? Objektu mekaniko askoz zorizkoagoak fabrikatzen dira, oso merke.

Aitor ezazu hiltzea atsegin duzula. Alegia, zure atseginaren osagaietako bat hiltzea da. Eta lagunak izan gaitezen nahi al duzu? Agian, ez da hiltze soil bat ere. Agian, masakrea da eszitatzen zaituena, usoak erreskadan eroriz, lumak airean. Arrateko Ama... Neure itzartzeetako batean, gizaki bakarra naizela aurkituko banu, uste dut biziraungo nukeela. Itzartze berdin batean, txori guztiak falta direla aurkituko banu, ziur nago ezingo nukeela eraman.

Ez dakit argi zezenak benetan sufritzen duen, ez dakidan bezala adar batek gibela zeharkatu dion toreroak benetan sufritzen duen. Ez dakit zuk benetan sufritzen zenuen, sokatik eseki zintuztenean. Arrazoia sinplea da: ni ez naiz zu. Nik eta zuk eta denok dakiguna da sufrimenduak edo oinazeak zeinu eta soinu argi batzuk igortzen dituela kanporantz, gizaki nahiz animaliengan oso antzekoak, ia berdinak direnak. Hori guztia bistan dela, besteen sufrimendua trikimaina zientifiko eta artistikoekin ukatzeak ez luke gizalege izan behar.

Oinaze-zeinuen azpian, sufrimendurik ez egotearen kasuan ere (ez dut ukatzen gerta daitekeenik fenomeno singularren baten eraginez), gaia ez da batere aldatzen. Zuk sufrimenduaren espresioa jasotzen eta gozatzen duzu. Utz animalia bere tokian, eta jar zeure gogoari begira. Horrelako espresio brutal baten gozamena gizatasun noble baten seinale iruditzen al zaizu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.