Euskal irakaskuntza bidegurutzean

2021eko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Lizartzako eskolara 1960ko hamarkadan, neskak Zamoratik etorritako maistrekin aritzen ziren, eta mutilak, Sokrates maisuarekin, aparte. Maisu-maistrek ez zuten erabat euskalduna zen herri batean egonaldi xamurra izaten, arrotza zitzaien ingurune hartan. De colores se visten los campos en la primavera kantua erakusten zigun, eskola berriko leihoetan txorientzat ogi apurrak egiten jartzen gintuen bitartean. Amak ondo orrazturiko ileak kopeta estaltzen zigun azpian deserosotasun keinuaz mozorrotuta banan-banango argazkiak atera genituen, atzean Espainiako mapa genuela. Franco garaiko eskola hura, abian ziren inguruko ikastetxe guztien modura, hizkuntza eta kultura aldetik espainiartzeko tresna izan zen.

Tolosa ia erabat erdalduneko Eskolapioetan hasi ginenean, inguruko herri ttikietakook ikaskideen ahotik gutxiespeneko hitzak jasotzen genituen, euskaraz hitz egiteko gure joeragatik. Erdi lotsatuta, isilpean hitz egiten genuen euskara moteltzen hasi zitzaigun. Nerabezaroan, herri irakinaldiaren erdian euskalduntasunaren kontzientziaz jabetuta, dena erdaraz egitetik, gure artean euskaraz egitearen hautua egin genuen, hasieran nekeza egin bazitzaigun ere. Euskarari txokoa egin zitzaion, hainbat ordu emanez Xabiertxo-z lehenik eta, Uxola irakasle modura, Euskera Radiofónico liburuaz ondorengo urteetan. Adeste Fideles zirraraz kantatzen genuen garai haietan, Poliziak akordeoia eskuetan zuen umea pilotakadaz jotzean eten ziren Gabonak. Euskara genekienok, gela barruan euskara batuko aditz taulak irakasten jarri gintuen apaiz nafar hura ere gogoan dut. Bat-batean, ikasle euskaldunok aintzat hartuak izan ginen.

1970eko hamarkada latz eta ilusioz betetako haietan frankismoak jazarritako ikastolen aldeko apustua egin zen herri ekimen zabal eta berritzaile bati esker. Ikastoletara bidaltzen hasi ziren herritarrek seme-alaben ikasketak balioetsiko zituzten jakin gabe, bitarteko pedagogiko, ekonomiko eta irakasleria euskaldunik gabeko, ziurtasunik gabeko egoera hartan urrats nekeza eta ausarta egin zuten. Ikastolen mugimenduak euskarazko irakaskuntzaren lehortean, lehen ttantta herabetik hasita, erreka meharra izatetik, ibai zabal eta emaritsua bihurtzeko bidea egin zuen. Irakasleek dena egiteko zen material pedagogikoa osatzeari ekin zioten, bide berriak jorratuaz. Herritarren babes eta lan isilaz, esfortzu ekonomiko izugarria eginez ikastolenmugimendu sendo eta berritzailea zabaldu ahal izan zen Euskal Herriko zazpi eskualdeetan. Mahasti eta galsoro epeleko eskualde erdaldunetan ere, ikasleentzako euskara hitz egin eta garatzeko gune ia bakarra bihurtu ziren ikastolak.

Gaur egun, lan egiten dudan herrira ikasturtean zehar etengabeko isurian datozen etorkin guztiei harrera egiten diegu, sustraietatik abiatuaz jakintzaren hegaletara garamatzan Iñaki Epelde margolari handiak eginiko gure ikastolako ikurraren aterpean. Ikastolak publifikatzeko aukera 1993an zabaldu zenean, ulertzekoa da langileek publikoetakoen lan baldintzak aintzat hartuta eginiko eskaintza onartzea. Aldi berean, goraipatu beharra dago publifikatu gabe jarraitzea erabaki zuten ikastolek herritarrengandik urte guztiotan babes zabala jaso izana. Eskola publiko, ikastola eta itunpeko eskoletako irakasleen lan baldintzak parekatu beharko lirateke. Lanbide bera, soldata bera. Erakundeetatik sare desberdinetako gurasook ez al dugu eskubiderik ikasleko ordain bera jasotzeko? Ez dut uste, oraingoz, zerga ordainketa intsumisioa egiteko eskubidea dagoenik. Publikotasuna xede bihurtu da, dozena bat lanpostu publikorako, loteria tartean balitz bezalaxe, Barakaldoko BEC betetzeko adina lagun aurkezten den gizarte prekarizatu honetan. Iturgin edo okin lanetan ari den beharginaren lan baldintzak duindu ditzagun! Lanean ari diren ororenak, alegia. Euskal kulturgintzan sormen lanean laguntzeko soldata moduko formularen bat sortzea ere ez legoke gaizki.

Iparraldean Frantziako Iraultzaren hiritartasun eta balio gorenen gillotinaz, ideia berrien aurkako izatearen aitzakiaz, euskal herritar ugari Landetako lur idorretara erbesteratu zen. Barnealdeko plazetan ageri diren euskara besterik ez zekitenen Morts Pour La Patrie estatuen begiradapean, gaurko ondorengoak ia erabat erdaldunduta agertzen zaizkigu. Iparraldean elebitasunezko irakaskuntza bultzatzen duen Ikas Biguraso mugimendua eta Ikastolen ahalegin eskergaitza, egalité-aren Frantziako Errepublikaren itsasoan itotzen da.

Ikastetxeak marketinaren erakusleihoan jarri dira, eta hezkuntza komunitateko elkarlana sumatu beharrean, langilearekiko bezeroaren epaia sumatzen da. Hortik, hiritar bakoitzaren kultur bereizketa guztiak berdinduta, askatasuna galduta, pentsamendu bakarreko tiraniaren disidentzia oro suntsitzeaz arduratuko den goiko begi orojakile agintariaren esku, duela ia 90 urte Aldous Huxley-k iragarri zuen Mundu zoriontsua eratzear ote dugu?

Tolosaldeko ikastetxe guztiak euskara nagusi den D ereduan ari dira. Eskola publikoak, itunpekoak eta ikastolak euskaldunak dira. Baina, zoritxarrez, Euskal Herrian egoera oso bestelakoa da, batez ere Iparralde eta Nafarroan. Dena den, euskarazko ereduetan ere, Shakespeare harritu zuen Joana Albretekoa Nafarroa protestantearen berri, euskal kantu eta literatura, euskal kulturaren ezagupena, oro har, bertako gazteengan bermatuta dagoenik ez dut uste. Euskararen kantitatea eta kalitatea hobetzeko bide luzea dugu denok.

Lagun oso onak ditut ikastetxe itunpeko, publiko eta ikastoletan ari direnak. Askok egin dute euskal irakaskuntzaren aldeko lan eskerga. Aurrerantzean eredenen elkarlana beharko da. Badira ere,Nafarroa Oinez edo Herri Urrats direnean dirua ematen dutenak, Nafarroan eta Iparraldean bai, ikastolen lana aitortu daitekeela argudiatuz. Euskalgintzak ez du limosnarik behar, garapenerako egitura sendoa baizik. Gaur eguneko Euskal Herrian euskaldunok gutxiengoa garela ahaztu egiten zaigu. Ez dut uste euskal herritarren ekimenaz ikastolek Euskal Herrian duten euskarazko irakaskuntza kapitala horren erraz eta merke lurrundu daitekeenik. Euskaltzaindiarekin eta AEKrekin batera, Euskal Herriko zazpi probintziak lotzen dituen euskalgintza erakunde bakanetakoa den ikastolen mugimenduari, euskal sindikatu eta erakunde politikoek babes argia ematea ezinbestekoa izango da aurrerantzean ere. Ezin daiteke esan, zoritxarrez, euskalgintza zazpi probintzietan bermatuko duen eraketa politikoa bihar edo etzi eratzear dagoenik. Gure Evaristok bere kantan dioen modura, ez gara inor, eta euskal ortzi hauskorra sendotzearren, apaltasunez lanean jarraitu beharko dugu. Etorkizuna dugu irabazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.