Dirudien baino arriskutsuagoa

Danel Elezkanoren buruz buruko jokoak harritu egin du Jon Apezetxea. Teknikariak erradiografia egin die pilotariaren dohainei, eta haren sena eta lanerako grina nabarmendu ditu.

Imanol Magro Eizmendi.
Eibar
2019ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Astelena pilotalekuko harmailak ia hutsik daude. Pilota aukeraketa bukatu berri da. Zale kuxkuxero batzuk baino ez daude, kazetari setati pare bat, Aspeko teknikariak, eta igandean elkarren aurka jokatuko duten bi pilotariak, takoak kentzen. Elezkanoren alboan, Jokin Etxaniz Aspeko kirol zuzendaria dago, argibideak ematen. Pilotariak arreta guztia jarria du azalpenean. Jon Apezetxea ere teknikaria da enpresan, eta eszena aztertu du. «Jokinek asko landu du Danelen burua, indar handia eman dio. Hark sinetsarazi dio buruz buru ere joka dezakeela, eta ez dela aurkariak baino gutxiago».

Apezetxeak makina bat kilometro egiten ditu astean Aspeko pilotarien atzetik. Entrenamendu asko gidatzen ditu, eta Elezkanoren jarrerak liluratua du. «Lanerako ederra da, plazer hutsa. Edozer gauza esan, eta beti kasu egiten dizu, inoiz ez aurpegi txarrik». Horren adibide, gaur goizean goiz Astelenara itzuliko dela entrenamendu teknikoa egiteko. Langilea baita Elezkano, eta horrek bihurtu du pilotari. Deigarriak izan dira azken asteetan Irribarriarekinbatera eginiko entrenamenduak.«Eta gehienetan hark irabazi du», esan du teknikariak; baina ez dio garrantzia berezirik ematen. «Partidak beste gauza bat dira».

Elezkano 2016ko uztailean iritsi zen Aspera —26 urte ditu—. Ordura arte partidarik irabazi gabea zen Lehen Mailako buruz burukoan. Azken bi txapelketetan, baina, finalerdietara iritsi da, eta Apezetxea harritu du. «Buruz buru bai. Binaka eta lau eta erdian pilotari ona zela bagenekien, oso irabazlea, baina buruz buru... Ez nuen halakorik espero». Aurrelaria hobeto ezagutzen joan ahala, baina, teknikariak ulertu du zergatik egin duen gora. «Agian ez du beste batzuek adina transmititzen, eta ez du beste batzuen distirarik, baina huts gutxi egiten ditu. Danel gutxitan geratu da irrigarri bere ibilbidean. Zerbaitegatik diogu denok gauza bera: jendeak uste duen baino gehiago jokatzen du».

Elezkano ez da kolpe bizikoa; eskuin motza du, eta agian horrek atera du faboritoen kinieletatik. Apezetxea bat dator. «Koadro eta erdi gehiago joko balu, urtero legoke buruz burukoa irabazteko hautagai nagusien artean. Baina egungo jokatzeko moduak mesede egiten dio; beti jotzen du aurrera, errematera. Gero, eskuinarekin, paretan jartzen ikasi du, altuera ematen... Pilotakada luzea du gainera. Ez bortitza, baina bai luzea; frontis osoa baliatzen du». Azalpenak ematean, behin baino gehiagotan egiten dio ihes «oso pilotaria da» esaldiak. Zer esan nahi du? «Kolokazio ona duela, ia beti hartzen dituela erabaki onak. Nabaritzen zaio pilotalekuan ordu asko sarturikoa dela».

Binakako azken bi finalak jokatu ditu; buruz burukoa, baina, beste kontu bat da, eta, gaur-gaurkoz, Irribarria eta Urrutiren moduko espezialista handien azpitik dagoela dirudi. Azpitik, agian; baina urrun? «Ez», garbi erantzun du Apezetxeak. «Hark ez du oparirik egiten. Elezkanok ez du huts egingo, hari irabazi egin behar zaio. Iaz ondo irabazi zion Bengoetxeari, eta Olaizolak ondo jokatu behar izan zuen kanporatzeko. Igandean lanak emango dizkio Irribarriari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.