Koldo Izagirre

Oilar dohakabearen lepoa

2020ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Kulturak terrorismoan ukan duen eragina argitara ekartzea da gure lehentasuna, ikerketa batzorde bat antolatuko dugu laster. Horixe plazaratu du alegia deus ez. Inorekin kontsultatu gabe. Orduak eman ditu ideia umotzen, telefono deialdi eta deiadar guztiak etenda. Ohi denez, hedabideetako marrazoek gogor samar hartu dute.

Amuari muzin ezin, nolako ergelak zareten.

Batzorde hori osatuko dutenen izenak, otoi. Adituak izanen direla, berme demokratiko sendokoak denak oro. Kulturan adituak ala terrorismoan adituak? Horien ordaintzeko zein putzutan sartuko duen salabardoa. Nazioarteko batzordea noski? Horrelakorik bururatu ez, baina baietz, eginak dituztela lehen kontaktuak.

Bizkarreko amultsuak alderdiko lagunek. Hitzik ateratzeke ordea, irri murritza ezpainean. Berandu heldutako irrati nazionaleko kazetari bat artatu behar izan du karrikan bertan tentu handiz. Lagunetara itzuli delarik, kultura eta terrorismoarena ez ote duen atzekoz aurrera planteatu. Ergelak! Egizue komunikazio ikastaro bat, otoi. Algara ozen bat eraiki du. Kopeta zimur lagunak edo lankideak edo alderdikideak.

— Argiago formulaturik —apal eta astiro idazkari nagusiaren morroi leiala—, kulturak terrorismoan ukan duena ez baina, ikertu beharrekoa ez ote da terrorismoak kulturan ukan duen eragina?

Mehatxu aire bat galderaren tonu gozoan.

— Ni ez naiz alderdi honetan sartu politika akademikoa egiteko.

Politikak urraturen bat erantsi dizun irakurle horrek atzeman duzu noski «Ni ez naiz alderdi honetan sartu» entzutea zeinen mingarria egin zaien prentsaurrekora etorri diren militante zailduei, alderditar zintzo batek «Ni ez naiz alderdian sartu» esan behar bailuke, hau, hori, hura, edozein alderdi, bakarra delako beti afiliatuentzat.

Lagunak susmo gaiztoan utzita, akademia politikora barik bere bufete bostmodernora jo du oraino dohakabea bilakatu ez zaigun gizajoak. Hastantzen zaien lotsagabeari beha, elementu ona zela-eta alderdira ekarri zuen parlamentari autonomikoak berak beste esaldi gogoangarri hau bota du ahapetik…

— Neuk bihurrituko zioat lepoa oilar horri.

Kafetegian sartu eta eztarria siku daukala esan behar izan du. Siku, Nekane. «Edabe on bat prestatuko dizut, baina poliki hartzeko, e?». Gustatzen zaidak oilanda hau.

Dutearen lurrunak lausotu egin dio zerbitzari ipurtederraren panorama. Musuzapi bat hartu eta betaurrekoak garbitzen ari, idazkariaren kontakatiluak esandakora joan zaio akordua. Terrorismoak eragina ukan duela kulturan, ha zer gai berria! Oker zaudete, kamaradak! Zeuek bai daukazuela burua batekoz bestera!

Edabe ona, bai.

Berriz arte alai bat oilandaren irri gozoari.

Kafetegitik jalgitzerakoan, tupust egin du kasik sartzen ari den beste horien abokatu batekin. Konstituzioaren etsai lanjerosa, argudiatzen ausartzen da.

— Nire atzetik ala?

— Aurretik ezin!

Ez dut dimitituko. Bota nazatela ahalerdi horretarik. Eskandalu txipi bat, irabazian aterako naiz. Aurretik ezin? Adarra jo zidak horrek.

Tupustez, izerdi hotza bekokira.

Kulturak eraginik ukan baldin badu terrorismoan, ondorio atera liteke… Bai, ondorio atera liteke terroristak baduela aski sentimenik kulturak hunki ahal izan dezan! Parkearen erdian zorabio. Posible ote da? Ni liluratzen nauen bezala liluratzen ote du kankailu hori kafetegiko oilandak?

Eta lasterka ekin dio pindarra dariola.

Minutua eman du sartu aitzin arnasa hartzen, esatekoa hautatzen, tonua doitzen.

— Kentzak hire kultura zikina ipurdi horren gainetik!

Ahotsa heze eta hitzak ozen. Hiriko kafetegirik apartsuenaren atalburutik, oilar dohakabeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.