Txema Ramirez de la Psicina

Donald zuen semea da

2020ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Nola ailegatu da zahar laranjatu hori hain urruti? Zergatik lortu ditu ia bost milioi boto gehiago? Donald Trump, agian, joango da, baina marka utziko du. Eta ez soilik AEBetan. Deigarria egin zait, ordea, zein autokritika gutxi egin duten mundu osoko komunikabideek Trumpen fenomeno mediatikoari buruz. Lantu eta negar dezente, ulu eta garrasi ugari entzun eta ikusi ditugu, han eta hemen, «faxista ero» horrek lortutako markagatik. Faxista laranjatua izango da bai, baina tentela ez. Galdera da: nola izan da posible? Nola liteke AEBetako eta mundu osoko komunikabide garrantzitsuenak guztiz kontra izanda ere, horrelako fenomeno bat izatea ustez informazio eta ezagutzaren gizartea deitzen den honetan? XXI. mendean, ez gizarte feudal batean.

Trumpen abokatu ohi Michel Cohenen arabera, Donaldek 2016an, bere hautagaitza aurkeztu zuenean, ez zuen oso serio egin. Bere buruari egindako dema modura planteatu zuen, baita, noski, bere marka hobetzeko ere, dirua irabazteko eta bere ikusgaitasuna handitzeko. Hautagaitza bitartekoa zen, ez helburua. Kontuan hartubehar da lau urte lehenago, 2012an, NBC kateak amaitutzat eman zuela The Apprentice saioa, Donald izarra bihurtu zuen reality show-a, hain zuzen. Trumpek berak ere ez zuen uste 2016an irabaziko zuenik. John Carlinek, bere azken zutabean, gogora ekarri du orduko hauteskunde gauean, Hillary Clinton garaitu zuela jakin eta gero, izan zuen erreakzioa: txunditurik eta izuturik geratu omen zen presidente aukeratu berria. Bere emazte Melaniaren erreakzioa ere adierazgarria izan zen. Negarrez hasi zen. Ez pozarren, izuturik baina. Barrutik, zerbaitek esaten zion Donaldi ez zegoela inolaz ere prestatuta halako erronka bati aurre egiteko. Baina denborak aurrera egin zuen eta azkenerako sinetsi egin zuen. Agintaldia reality show-aren luzapena izan da. Etxe Zuria telebistako plato bihurtu du. Lehiaketan erabilitako zigor eta sari sistema bera baliatu du, harrokeriaz aginduz, gertuko medioak mimatuz eta beste guztiak (hau da, %99) mespretxatuz eta irainduz.

Atipikoa. Bere ibilbidea eta agintaldia atipikotasunak markatu ditu. Modu eta zentzu guztietan izan da desberdina. Eredu nagusitik at ibili da. Star system-ek horixe maite du, berritasuna. Alde horretatik, artista hutsa izan da. Jendea engaiatu eta engainatu egin ditu maila, indar eta proportzio berean. Bitxia oso. Establishment ekonomikoaren adierazle klasiko izanda ere, elite finantzario eta mediatikoaren aurkako mezuak aupatu zuen Etxe Zurira 2016an. Ongi baliatu da hainbat sektorek klase politikoarekiko sentitzen zuen nazka sentsazioaz. Ederto erabili zituen gizartearen zati handi batek adierazten zuen zurztasuna (ez gaituzte defenditzen!) eta komunikabide hegemonikoekiko distantzia. Berdin dio gezurrak edota kirtenkeriak botatzen baditu. Bera hautagai errebeldea da, politikokizuzena den ororen kontra altxatzen den business-man ausart eta garailea. Eta, gainera, kanpaina honetan COVID-19a bera ere menderatzeko gai den soldadua dela erakutsi du. Warrior peto bat.

The Washington Post-en arabera, Trumpek 20.000 gezur baino gehiago bota ditu azken lau urteotan emandako diskurtsoetan. Beste ikerketa baten arabera, 1.400 fake sortu ditu bere agintaldian; hots, egun bakoitzeko bat. Norbaitek ikertu bekar luke COVID-19a gainditu duela dioen hori ere ez ote den horietako bat. Hala ere, berriro diot, duela lau urte baino ia bost milioi boto gehiago lortu ditu. Zergatik? Nolatan hazi da piztia? Zerk eman dio bazka?

Komunikabide hegemonikoek kale egin dute. Ez dira gai izan gizartean ematen ari diren fenomeno konplexuak interpretatzeko. Clickbait-en diktaduran instalatu dira, kontsumo azkarraren dinamika eroan. Lantaldeak murriztu eta albisteak mehetu dituzte ia telegrama bihurtzeraino. Komunikabide nagusiak inoiz baino gehiago dira beren nagusien ahots eta morroi. Salmentak eta audientziak ez ezik, sinesgarritasuna ere galdu dute. Eta horretaz baliatu dira Trump eta bera bezalako eskuin muturreko populista asko eta asko. Komunikabide hegemonikoei argi esan behar zaie: ez du balio orain jantziak urratzeak edota besoak burura eramateak. Donald zuen semea da, zuen gabezien ispilu, zuen morrontzaren erakusle.

Komunikabide hegemonikoek iritzipublikoa bideratzeko gaitasuna ere galdu dute. Duela hogei bat urte El País edota El Correo-ren editorial batek politikarien diskurtsoa baldintzatzen zuen. Gaur egun ere bai, baina ez duela hogei bat urte bezala. Egun, sare sozialen jarioak ere politikari eta gizarte-eragileen diskurtsoak markatzen ditu. Iritzi publikoa osatzeko mekanismoak aldatu egin dira. Ezer ez da berdin.

Itxuraz elkar konektatuta eta ustez ondo informatuta dagoen gizarte batean bizi gara. Nago sentsazioa baino gehiago irudikeria dela. Egia da digitalizazioak komunikabide kopurua handitu duela, baina susmoa dut paletako koloreen espektroa murriztu egin dela. Osasun egoeran behin eta berriz erabiltzen dugun burbuilaren metaforak honetarako ere balio du. Nor bere burbuila informatiboan bizi da, handixeagoan edo ttipiagoan, baina burbuiletan bizi gara. Anpulu horietan bizi garenok espazio komunetan ibiltzen gara, komunikabide berberak kontsumitzen ditugu eta sare sozial berberetan elkar elikatzen dugu. Sare horiek aldez aurretik bereizi ditugu, gure joera ideologiko, kultural, sozial edo sexualean oinarrituta. Nolabaiteko konfort egoera batean bizi gara. Eremu horietan gure printzipioak berretsi eta arerioen kontrabalioak ezeztatzen ditugu egunero. Hori denoi gertatzen zaigu. Kontua da, Trumpen kasuan, jarraitzaile horiek ez direla soilik gogaide arruntak. Fan sutsuak dira. Eta armatuta daude, nagusia defendatzeko prest. Bizitza emateko listo, baita kentzeko ere. Burbuilak, lehenago edo beranduago, lehertu egiten dira. Denborak esango digu leherketa hori soilik sorginkeria estetiko baten amaiera izango den ala AEBen barruan ustekabeko ondorioak izango dituen inplosio baten hasiera.

Bizkitartean, komunikabide nagusiei autokritika gehiago eskatu behar zaie. Atzo telebista nagusiek presidentearen prentsaurrekoaren zuzeneko seinalea eten zuten gezurretan ari zelako. Seinale bat da. Beranduegi dator. Orain ez negar egin. Donald zuena da eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.