Jaizkibelgo itzulia

Mendilerro honetan dauden dorreak liberalek eraiki zituzten, XIX. mendean, 1874an, Hirugarren Karlistaldian, zaintzarako postu modura.

Jaizkibelgo itzulia.
mikel arrizabalaga
2019ko irailaren 10a
00:00
Entzun

Irundik (Gipuzkoa) Donostiara doan Donejakue bidearen zati bat Jaizkibel menditik igarotzen da, Hondarribia eta Pasaiako herrien artetik, hain zuzen. Irun eta Hondarribia arteko zatia oso hiritarra da, baina, Jaizkibelera gerturatuz goazen heinean, asfaltoak nagusi izateari uzten dio. Guadalupeko Santutegira iristean, seinale horiek erakutsiko diguten bidetik segituz, Jaizkibelgo basetxea gure ezkerrera utziko dugu. Lehen bidegurutzera heltzean, Donejakue bidea bitan banatzen da: lehena mendi magaletik joaten da, eta bigarrena, berriz, mendi bizkarretik. Guk, ibilaldi honetan, biak lotuko ditugu, itzuli osoa eginez.

Guadalupeko Santutegiaren ondotik abiatuko gara, eta, Donejakue bidearen seinaleei segituz, porlanezko bidetik aurrera egingo dugu. Jaizkibelgo basetxea gure ezkerrera utzi, eta lehen bidegurutzera helduko gara, eta, bertan, Donejakue bidea bitan banatuko da. Lehena mendigunearen magaletik doa, eta bigarrenak, berriz, mendi bizkarretik eramango gaitu. Guk, bigarren hori aukeratu, eta berehala malda belartsu eta pikoari aurre egingo diogu, alanbrezko hesiaren ondora igo aurretik. Hemendik aurrera, bidea leundu egiten da, eta erraz iritsiko gara Erramuzko Dorrearen ondora. Dorre hori tontorrean dagoen San Henrike gazteluaren inguruan eraikitako gotorlekuen lerroko dorreetako bat da, oinplano karratua duen bakarra; besteek oinplano hexagonala dute. Guztiek bi solairu eta terraza bat zituzten, eta, gaur egun, soilik hareharrizko hormak mantentzen dira zutik. Mendilerro horretan dauden dorreak XIX. mendean eraiki zituzten, liberalek, 1874an, Hirugarren Karlistaldian, zaintzarako postu modura. Handik dagoen ikuspegia oso zabala da, Txingudiko Badiaren argazkia ederra izanik.



Aurrera segituz, Jaizkibelgo estazio megalitikoaren aztarna batzuk ikusi ahal izango ditugu. Gertu ikusiko dugun Santa Barbara dorrerantz joango gara, eta hara iristean ohartuko gara oinplano hexagonala duela. Haren izenaren jatorria garai batean han egon zen ermita batean bilatu behar da. Gertu, antzinako paradorearen arrastoak, eta, urrutiago, tontorraren ondoan dauden antena erraldoiak. 1999 urte arte paradorea izan zenaren azken arrastoei (lau arku) bizkarra eman, Iskulingo trikuharriaren ondotik pasa, eta aldapa gogortu egingo da. Altuera hartuz goazen heinean, atzera begiratu, eta ikuspegia zabalduz joango da. Jaizkibel edo Allerru tontorrean dauden erpin geodesikoaren eta buzoiaren ondora iristen garenean, berehala ikusiko ditugu San Henrike gaztelua izan zenaren hondarrak.

Badiaren bista ederrak

Jaizkibelgo dorreen ibilbidetik segituz, antenak atzean utzi, eta xenda nabarmenetik jaisten hasiko gara. Berehala iritsiko gara hirugarren dorrearen ondora, eta, bide beretik jarraituz, bigarrenera. Bide eroso horrek errepidearekin elkartzen den lepo txiki batera eramango gaitu. Azken malda txikiari aurre egin, eta azkar iritsiko gara Menditxikin dagoen azken dorrearen ondora (lehenengo dorrea). Pinudian marrazten den xendatik errepidera atera baino lehen, ezkerrerantz egiten duen xenda batek laster utziko gaitu lurrezko pista zabalean. Norabidea aldatu, eta, gure mendean ikusiko ditugun Bidasoaldeko eta Pasaiako badiaren ikuspegi ederrez gozatuz, aurrera egingo dugu, eta Jaizkibelgo magalak puntatik puntara zeharkatu. Donejakue bidearen gezi horiek lagunduko digute bide zuzena aukeratzen, eta, gorabehera handirik gabe, abiapuntura itzuliko gara, Guadalupeko Amaren baselizara, hain zuzen ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.