OROITARRITIK. Pello Iturria. Estafetako botikaria

«B12 bitamina eta ibuprofenoa dira egunotako izarrak»

Turistak, entzierroko korrikalariak, barraketako ferialariak, aktoreak... Iruñeko Alde Zaharrean ibiltzen diren askok jotzen dute Iturriarengana, festak eragindako ajeak konpontzeko.

LANDER ARROIABE OLAORTUA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko uztailaren 10a
00:00
Entzun

Ez du mugitzeko beharrik festaz gozatzeko. Sanferminen bihotzean egiten du lan Pello Iturria botikariak (Iruñea, 1951): Estafeta kaleko farmazian. Gehiegikeriei hertsiki lotutako festa bat den heinean, ez zaio lanik falta.

Sanferminen epizentroan dago Iturria botika. Nola egiten duzue lan zurrunbiloaren erdian?

Lan egiteko beste era bat da, oso ezberdina. Estafeta karrikan beste modu batera bizi dira festak, eta denetarik izan ohi dugu. Sekulako algara dugu beti ate aurrean: erraldoiak eta kilikiak ez direnean, peñak dira aurretik pasatzen direnak, txarangak, giri taldeak...

Entzierroa ongi ikusiko duzue botikatik, ibilbidearen azken zatian egonda...

Entzierroa ezin dugu botikatik ikusi, hesiengatik. Nik, batzuetan, lagun baten etxeko balkoitik ikusten dut. Eta gainontzean, telebistaz. Dena den, farmaziari dagokionez, entzierroak badu eragina. Lasterketa amaitu eta berehala etortzen dira asko, erorikoa izan dutela eta hankak edo besoak urraduraz beteak dituztela.

Askok erreferentzia gisa hartua dute Iturria farmazia.

Gaiarre antzokiko aktoreak, adibidez, sarritan etortzen zaizkigu. Pedro Osinaga zenak urtero-urtero egiten zuen antzezlanen bat sanferminetan, eta bi egunean behin azaltzen zen gurean, eztarria leuntzeko pilulak erostera. Toreroak, banderilleroak eta beste batzuk ere etorri ohi dira, gasak eta halakoak hartzera. El Cid, Francisco Rivera eta enparauak... Jendeak botikan bertan eskatzen zien argazki edo sinaduraren bat. Barraketako ferialari ugari ere biltzen zaizkigu botikara, etxean ahaztutako botikaren batez galdezka. Sendagaiaren izenaz akordatu ez, eta hortxe ibiltzen gara kutxen koloreak eta tamainak alderatzen sendagaia zein izan daitekeen asmatu nahian. Eta lagunak ere etortzen zaizkigu farmaziara, noski. Horiek sanferminetako egunak baliatzen dituzte bisita egiteko eta botikaren ondoko tabernan zerbezatxo bat hartzeko.

Nola moldatzen zara turista amerikar eta australiarrekin?

Ongi. Nik ingelesez ez dakit, frantsesez bai. Baina moldatzen gara, ingelesez dakien lankide bati esker. Ez dugu inoiz arazorik izan haiekin.

Zer eskatzen dizue jendeak, nagusiki?

Klasikoak: eztarriko minaren kontrako pilulak, beherakoari edota idorreriari aurre egiteko erremedioak, buruko mina baretzeko zerbait... Orain esaten den legez: Gauez ez baduzu jartzen freno, goizez ibuprofeno. Izan ere, ibuprofenoa eta B12 bitamina dira egun hauetako izarrak botikan. Oso eraginkorrak dira. B12 bitamina aurretik hartzen da, ajea eta biharamuneko buruko mina prebenitzeko.

Non zinen zu Espainiako Polizia Armatuak German Rodriguez hil zuenean?

Zezen plazan. Urte hartan Gasteizen nintzen lanean, eta Azkoiengo lagun batekin etorri nintzen Iruñera. Lasai asko geunden plazan, zezenketa bukatuta, eta txikien pankartaren atzetik sartu ziren poliziak tiroka. Izugarria izan zen. Gogoan dut antsietate krisi bat sufritzen ari zen emakume bat ikusi nuela, harmaila azpian, jendea ihesi, ikara batean. Zezen plazatik atera eta korrika alde egin genuen Askatasunaren plazaren ingurumarietara, eta handik, etxera. Dena den, gazteak ginen, eta, agian, momentuan bertan ez ginen ohartu gertatzen ari zenaren larritasunaz. Hurrengo egunera arte ez genuen jakin hildakoa German Rodriguez zela.

Ezaguna zenuen?

Nik German ez nuen ezagutu, baina bai haren anaietako bat: Fernando Rodriguez medikua; kolegioan ikasi genuen elkarrekin. Zazpi urtez ikaskide izan ginen, eta haren anaia hil zutela jakin genuenean kolpe latza hartu genuen.

Sanferminak bertan behera utzi zituzten 1978ko uztailaren 8aren ostean. Festa ebatsi zizueten, baina urte hartako irailean berreskuratu zenuten.

78ko sanfermin txikiak, bai! Sekulakoa izan zen hura. Entzierroak eta guzti antolatu zituzten irailean, eta aparteko giroa zegoen kalean. Nabari zen jendearen gogoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.