Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA

Donostiakoak, «adeitsuak»

Donostia bisitatzen ari diren turistek Kontxako hondartza eta Parte Zaharreko pintxoak goratu dituzte. Hala ere, hirian «jendearen adeitasuna» gustatu zaie gehien.

Mikel Elkoroberezibar Beloki -

2018ko irailak 1 - Donostia

Donostialdeko baserritarrek berek ereindako barazki eta loreak saltzen dituzte goizero Bretxako merkatuan, eta kolorez eta jendez betetzen dituzte arkupeak. Katherine Ning estatubatuarra tomate batzuei argazkiak ateratzen ari da sakelako telefonoarekin. New Yorken bizi da, eta bi aste igaroko ditu Iberiar penintsula ezagutzen, bere kasa: «Granadan, Sevillan, eta Bilbon izan naiz; hirugarren eguna dut Donostian, eta Bartzelonara joango naiz bihar goizean goiz». Eskolan frantsesa ikasten izan zuen Euskal Herriaren berri, eta Donostia entzuna zuen gastronomiarengatik: «Euskal kulturaz oso gutxi nekien, baina entzuna nuen hemen beste hizkuntza bat hitz egiten dela. Imajinatzen nuen Donostia hiri espainiar bat izango zela, baina hona etortzean ikusi dut oso kultura desberdina dutela eta jendea oso harro dagoela bere identitateaz».

Donostia turistaz betetzen da urte osoan, eta gehienbat, udan. Hiriari buruz, Kontxako hondartza eta pintxoak azpimarratzen dituzte, bai eta jendearen adeitasuna ere.

Maria eta Benjamin Sanchez senar-emazteak Bulebarrean paseoan dabiltza, hiriko planoa eskuan hartuta. Filipinarrak dira jatorriz, baina Australian bizi dira, eta astebete igaro dute Donostian: «Hondartzan egon gara, elizak ikusten, Parte Zaharrean, museoetan... Erosketak ere egin ditugu, eta pintxoak jaten ibili gara. Hemengo janaria oso goxoa da!». Haien alaba Londresen bizi da, eta hango lagun batzuek gomendatuta etorri dira Euskal Herrira: «Etorri aurretik ez genekien ezer Euskal Herriaz, ez genekien existitzen zenik ere!». Zoragarria dela deritzote.

Berdea, jende jatorrarekin

Ana Graciak eta bere alabak bazuten Euskal Herriaren berri, Errioxan (Espainia) bizi baitira: «Euskal Herriaren ondoan bizi garenez, ondo ezagutzen dugu, eta asko gustatzen zaigu: hain da berdea eta hain du jende jatorra. Hartu kontuan: Errioxan ETB ikusten dugu!».

Ama-alabak pare bat egunerako joan dira Donostiara, «guztia» ikusteko helburuarekin: «Askotan egonak gara Donostian, baina monumentu guztiak ikustera gatozen lehen aldia da. Besteetan, hondartzara joaten ginen, eta pintxoak jaten genituen; oraingoan, horiez gain, katedrala, monumentuak, Miramar jauregia, eta Haizearen Orrazia ere bisitatu ditugu. Orain, ibilbide turistikoa hasiko dugu. Estropadak ikusten egon ginen atzo!».

Bulebarreko turismo bulegoaren sarreran jendea biltzen hasi da, eta errioxarrak haiengana hurbildu dira, ibilbide turistikoa hastear baita. Argi du Ana Graciak: «Donostiako lekurik ederrena Kontxako hondartza da. Zoragarria iruditzen zait, eta are gehiago gauez». Alabak berretsi du, buruarekin baietz esanez, amak esana.

Gidaren azalpenei adi, taldea Alderdi Ederrerantz joan da. Hala ere, Bulebarra ez da turistaz hustu. Mari Carmen Suao eta Antonio Mesa senar-emazteek eta euren alaba txikiak, berriz, ez dituzte nahastu, Tarragonako (Katalunia) herri txiki batekoak baitira. Hirian gau bat baino ez dute egin, eta orain udaletxea ikustera doaz. «Oraindik oso gutxi ikusi dugu. Apartamentua Abuztuaren 31 kalean dugunez, atzo Parte Zaharrean ibili ginen gehienbat, eta pintxoak jan genituen. Hemen ondo jaten da», esan du Mesak. Kontxako hondartza eta Anoetako futbol zelaia ezagutzen zituzten aldez aurretik, eta «hiria ezagutzeko» baliatuko dute egonaldia. Gehien gustatu zaiena? Jendearen adeitasuna: «Iritsi bezain pronto, emakume donostiar batek apartamentua aurkitzen lagundu zigun, oso adeitsu».

«Euskara da munduko hizkuntzarik zaharrena», esan die gidak ibilbide turistikoa Bulebarrean hasi berri duten turistei, ingelesez. Kontxarantz joan dira, eta gero, pintxoak jatera.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©JAIZKI FONTANEDA/ FOKU

«Ez da gaztetxearen inguruko film soil bat»

Amaia Jimenez Larrea

'Mari. Isilik nahi gaituztenan' Oñatiko Antixena gaztetxearen hamargarren urteurrenaren harira sortutako film bat da, fikziozkoa. Datorren astean estreinatuko da, Oñatin eta Durangoko Azokan.
Hilabete honetan bi aldiz agertu da Belharra, Donibane Lohizune parean. Europako uhinik handiena da. Matt Etxebarne ageri da argazkian, foil taula <em>hegalaria</em> lagun. ©FRANCK LAPUYADE

Belharra: hogei urteko mugarria

Ainize Madariga

Hogei urte bete dira Donibane Lohizuneko Belharra uhin erraldoiaren gainean surf egin zutela lehen aldikoz. Axi Muniainek arraunean ere igan zuen lehentze, 2013. urtean. Gero eta haboro dira ausartzen direnak orain: Matt Etxebarne da haietako bat. Baina denek oroitarazi dute lanjer handia.

 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Hemengo irrati batzuk hasiak dira jolasten adimen artifizialarekin»

Urtzi Urkizu

Adimen artifizialarekin narrazioak sortu, eta horiek 'Zero eta bat' podcastera eramaten ditu Erezumak. Gaur sareratuko du hirugarren atala. «Esperimentatzen jarraituko dut».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...