ATZEKOZ AURRERA. Kepa Altonaga. Biologoa

«Behar dugu hizkuntza bat transozeanikoa, noranahikoa»

Baionako Euskal Ikasketek antolatu duten hitzaldi zikloan parte hartu du. Bere dibulgazio lan ugariek garraiatzen duten mezu bera aldarrikatu du, bere estiloan: euskara-batu-supradialektalean.
GUILLAUME FAUVEAU

Ainize Madariaga -

2019ko apirilak 18
Aurten lehen aldia da agregazio lehiaketara aurkezteko hautagaien prestaketa euskaraz egiten dela Baionan. Bordeleko Montaigne unibertsitateko Euskal Ikasketek dute ardura hori hartu, eta mintzaldi zikloa antolatua dute maiatzera bitarte Baionako campusean, publiko orori zabalik. Karia horretara, bertzeak bertze, Kepa Altonagak (Loiu, Bizkaia, 1958) hitzaldia eman du, Duvoisin kapitainaren malura liburutik abiatuta.

Euskal kulturaren berritzeak XIX. mendean izan da jardunaldien gaia.

Euskararen historia lan mardul horretan ikusi nuen Blanca Urgellen Lehen euskara modernoa oso lan politean, euskara moderno bat behar dugula. Duvoisinek mamitu zuen hori bera, oztopoak oztopo, zeren eta Bonaparte printzeak lapurteraren kaiolan preso mantendu baitzuen. Orduko hura, uste dut oso proiektagarria dela gaur eguneko egoerara. Alegia, euskara batua hor daukagu; asumitu egiten dugu arrakastatsua dela, baina euskara batu guztiz arrakalatua daukagu.

«Zabarkeria-multiformea, murritza, euskalkitik sukalkira, analfabetismoa», horiek dira euskaraz prosa egitearen zure kezkak.

Kanonikoa eta denona izan beharko lukeen euskara normalizatu formal hori ez da erabiltzen. Batzuetan esaten da naturaltasunarengatik dela; baina batzuk konbentzituta gaude hori dela gure hezkuntza sistemaren frakasoa: jendea ez baita ganoraz jabetu hizkuntzaz, eta ez baitaki formalki egiten. Hala, dauzkan defizientzia eta hutsune guztiak disimulatu eta makillatu egiten ditu esanez dialektoz aritu dela. Baina dialektoa zer den dakien batentzat, badakigu entzuten dena ez dela hori, baizik eta euskara erdipurdikako bat, batueraz zein dialektoz. Luigi Anselmik dio: «askozaz hobeto ulertzen dira Iparraldeko klasikoak, Iparraldeko gaur eguneko idazleak baino». Muturreraino eramatea da, baina hor bazen eredu bat.

Nola eskolatu behar dute euren burua kazetariek?

Erreferentziazko idazleak irakurrita: Axular, Leizarraga, Jean Etxepare... Hor behar da entrenamendua, eta, batez ere, ardurak hartu. Bultzatu nahi badugu ere, edozein erabilerak ez du balio, eta gutxiago leku batzuetan.

Proiekzio kulturalerako euskara, aberastua, transozeanikoa, supradialektala eta kaiolatik kanpokoa aldarrikatzen duzu.

Eta batuaren orubean eraikia. Hots, hegaldi transozeanikoetarako baliagarria dena; ez domestikoetarako, etxe inguruan eta txikikerian. Behar dugu hizkuntza bat noranahikoa, eta hori esanda dago: Lizardik.

Zure saiakeren ibilbidean irudi du diskurtsoa gero eta definituagoa duzula, baina zerk piztu zizun kezka hori?

1981ean unibertsitatean hasi behar izan nuen euskaraz ematen erdaraz ikasitakoa. Maila batekin eman behar duzu; bai sakontasunean, bai esateko moduan. Erdaretan badakizu zer den erdipurdiko maila, ona eta kalitatezkoa. Preseski, maila hori eman nahi duzu euskaraz ere, eta abiapuntuan zaizu agertzen kezka hori, zeina urteak baitaramatzat gainditu nahian. Diozu diskurtsoa dudala gero eta definituago, baina gurago izango nuke esango bazenit estiloa eta prosa ditudala gero eta definituago. Alegia, Villasantek oso ondo agertu zuen hori guztia Euskara batuaren auziaz liburuan, baina ez zuen praktikatu predikatzen zuena. Zuk esaten baduzu erlatibo anaforikoa behar dugula, bada, erabili ezazu.

Zure eredua: Stephen Jay Gould?

Kur-kur. Inspirazio eta eredu; saiakera kilikorrak egiteko estilo horretan. Pixka bat aurreratzeko: nire hurrengo lanaren gaia dinosauroen eta euskaldunen ingurukoa izanen da, zeina jadanik erabili bainuen Etxepare Aldudeko medikua lanean: Azkue eta Txomin Agirrerekin... Baina beste perspektiba batetik izango da. Ideia Goulden liburu batek emandakoa da: Zumaian dagoen kate-mugako ikerketa batzuen inguruan. Etorkizunerantz begiratzeko gaia da, baina, esan ohi denez, traineruak aurrera egiteko atzera begiratu behar du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna