ATZEKOZ AURRERA. Pascale Michiels eta Kathleen Vandenhoudt. Kantagileak

«Izatearen etengabeko sentsazioa dugu hemen»

Txinatar ilargi-gitarraz americana eta roots & bluesa jotzen dute, beren boz indartsuek lagundurik. Euskal bira bukatu berri dute.

DAVID HENDERSON.
Ainize Madariaga
Hozta
2019ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Meditazioak nola, Pascale Michielsek (Merkger, Flandria,1968) eta Kaathleen Vandenhoudtek (Diest, Flandria, 1969), inguru osoa ahantzirik, hemen eta orain egonarazten dute. Entzulea besarkatu eta irensten du haien bozak eta musikak. Bada balditzekorik. Euskal Herriko bira bukatu berri dute Hoztan (Nafarroa Beherea).

Flandriatik Euskal Herrira.

PASCALE MICHIELS: Elizondon bizi den Vader Marinus herbeheretarrak ikusi gintuen; hortik proposatu zigun Euskal Herrira joatea eta Pantxoa Etxebehere Pottoka amaiurtarrarekin bira bat egitea. Zortzi kontzertu eman ditugu: mamitsua izan da, bai, jende sakona eta beroa ezagutu baitugu; zinez hunkitu nau sakonki. Izugarri kontent naiz, ahantzezina izan da abentura hau. Euskal bakea topatu dugu. Adibidez, Tomas Sobrino Elizondoko pintorea, So Quiet kantua entzun eta berehala, negarrez hasi da, ez baitzuen musikarik atzematen bere erakusketarako.

KAATHLEEN VANDENHOUDT: Ezin sinetsia izan da. Ez dago hitzik. Urrats bat egin, eta ondokoak bertze askotara eramaten zaitu. Deus ez da sobera izan, borobila izan da, eta denak lotura izan du. Marea bezala: energiaz hustuak etorri ginen, baina orain gainezka gaude! Idatzi nahi izan dut, baina emozio sobera dudanez, ezin izan dut! Denbora beharko dugu hori guzia digeritzeko.

Zer bada bertzeetan ez dagoenik?

K. V.:Udazkeneko hostoak bezala erori gara; usatuak gara jendea ezagutzen, baina hemen bertze zerbait da, harago doa, izatearen etengabeko sentsazioa dugu, etxean gara.

P. M.: Zaila da hitzak atzematea sentimendua deskribatzeko. Bibrazio bera sentitu dut denetan.

Hiri nahiz herrietan ibili zarete.

K. V.: Beran, kontzertutik landa, publikoa guregana lerroan etorri zaigu besarkatzera! Baionako Zamai ostatukoa ere hunkigarria izan da: errefuxiatu batek, gure kantuak entzun, eta aurreskua dantzatu zigun.

P. M.: Hastapenean ulertzen ez bagenuen ere, sentitzen genuen bazela egia zen zerbait. Ez dakigu, ezin dugu erran, baina hor dago. Bihotza bihotzean, etxean gara hemen.

Mikroari dena ematen diozue.

K. V.: Mikro aitzinean biluzten gara.

P. M.: Dena ematea da gu izateko manera bakarra, horretarako da bizia!

Txori kanta zale...

P. M.: Marinusek eman zigun euskal kantu bat kantatzeko ideia. Txoria txori-ren hitzek hunki gaituzte errotik; hala, gureratu dugu, eta badugu asmoa Flandrian ere kantatzeko.

Ingelesez duzue abesten. Zergatik ez nederlanderaz?

P. M.: Ingelesez baitugu sentitzen eta munduko artistatzat baitugu geure burua. Jendeak jende dira, eta kito. Hemen, naturan bizi zarete; hunkitzen nau, negarretan utzi nau; euskaldunek historia tristea duzue, hunkigarria, indioak bezalakoak zarete; guk ez dugu horrelako bizirik.

K. V.: Flandrian izpiritua zerratuagoa da Euskal Herrian baino. Anberesen politika gero eta eskuinekoago bilakatzen ari da. Norberak bere emaztea dauka, eta lanjerosa bihurtzen ari da. Oraindik beharrezkoa ez bada ere, nago ez ote naizen hasiko mintzatzen egin ezin dutenentzat, engaiatuz.

Kantatu, aldarrikatzeko?

P. M.: Ez da beharrezkoa homosexualitateaz mintzatzea. Gu amodioaz ari gara: amodio hutsak forma anitz biltzen badu ere, funtsa infinitua du. Horregatik, batzuetan, handitzeko hobe da bereiztea. Forma eta esentzia bereiztea zaila da.

Akort eta apart.

K. V.: Ez gara sekula bikote izan.

P. M.: Ahizpak bezalakoak gara. Bozak hain ongi doaz elkarrekin... Opari honekin zerbait egin behar zen! Gauza garrantzitsuetan bat egiten dugu. Bat eta batek bat handia ematen dute. Badira 23 urte elkarrekin kantuz ari garela.

Bi disko badituzue plazaratuak.

K. V.: Berria prestatzen ari gara. Horretatik, Tricks on me kantatu dugu; maitatu duguna galtzeak ematen duen minaz. Bihotz-altxagarria da. Eroa ere izan behar da! Gurean, inor galtzean, gordea atxikitzen dugu.

P. M.: Erakusteko, normala dela min ukaitea. Irri egiten badugu, negar ere bai; utz diezaiogun sentimenduari bizitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.