ATZEKOZ AURRERA. Matxalen Bilbao. Dantzaria

«Garaia baino lehen jaio nintzen dantza garaikiderako»

Dantza garaikidean aitzindaria izan zen Bilbao Euskal Herrian. Ibilbide oparoa osatu du 36 urtean, eta gaur egun tailerrak ematen ditu. Bere kasa ikasitako guztia transmititzea du helburu.
MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Zihara Jainaga Larrinaga -

2019ko uztailak 24

«Dantzak iraungo du, eta gu joan egingo gara». Ez du dantzarik gabeko bizimodurik irudikatzen Matxalen Bilbao dantzariak (Bermeo, Bizkaia, 1961). Joan den astean, dantzari profesionalak zein amateurrak dantza garaikidean trebatzeko tailerrak eman zituen Getxoko Utopian musika zentroan. Sarritan ematen ditu halako saioak. Hain zuzen ere, aitzindaria izan da dantza garaikidearen alorrean Euskal Herrian, eta garrantzi handia ematen dio urte luzez bere kasa sortutako teknikak ondorengoei transmititzeari.

Euskal Herrian, aitzindari izan zara dantza garaikidean. Zer bilakaera ikusi duzu zure ibilbidean?

Hasieran, oso dantzari gutxi ginen. Orain, berriz, gero eta jende gehiago dago dantza egiten duena. Hala ere, esparru mugatua da oraindik. 1986. urtean hasi nintzenean, dena egiteko zegoen, baina esan dezaket urte hauetan sarea eraikitzen lagundu dudala egungo dantzariek daukatena eduki dezaten. Guk ez genuen eskola, irakasle, konpainia edo diru laguntzarik.

Zer esan nahi izan du zeuretzat aitzindari izateak?

Eredu izateko erantzukizun handia dut. Ni garaia baino lehen jaio nintzen dantza garaikiderako. Ez nuen eredurik izan, eta figura horren falta asko sumatu dut. Oso garrantzitsua da zure esparruan eredu bat edukitzea, eta, era berean, pertsona bat duintasunez horretara dedikatu daitekeela ikustea. Horregatik, erantzukizun handia dut ondorengo belaunaldiekin, batik bat dantza esparru normal bat bezala ikus dezaten. Arteek, oro har, normaltasun handiagoa behar lukete gizartean. Norbaitek artista izan nahi duenean zerbait berezitzat ez hartzeaz ari naiz.

Tailerretan zer transmititzen diezu ikasleei?

Pasio handia. Bizitzan egiten dugun guztian pasioa jarri behar da. Era berean, niretzat lana garapen pertsonalaren parte da, eta ezinbestekoa da interesa aurkitzea gizartearentzat begi bistakoak ez diren gauzetan. Bakoitzak nahi duen tokian aurkitzen du interes hori.

Zer behar du dantzari batek?

Joan den astean eman nuen tailerrean, adibidez, parte hartzaile gehienak ez ziren dantzari profesionalak. Askok esperientzia bizi nahi zuten, hori soilik. Dantzaria izateko ez da beharrezkoa instrumentu eder bat, hots, gorputz ikaragarri bat izatea. Praktika eta praktikatzeko gogoa dira garrantzitsuenak. Dantza oso esparru ezezaguna da; ezagutzen ez duenak formari bakarrik begiratzen dio, eta atzean ideia asko ditu.

Zure obretan, kezkak eta ezinegonak adierazten dituzu dantzaren bitartez. Nola egiten da hori?

Etengabeko ikaskuntza da. Dantzak oso tresna onak eskaintzen ditu, eta terapeutikoa ere bada, dantzaren bitartez arazo fisiko asko kontrolatu daitezkeelako. Ahaldundu egiten zaitu dantzak.

Zertan bereizten da garaikidea?

Oraingo dantza da. Klasikoan du sorburua, baina oso akademikoa da. Abstraktua edota literala izan daiteke, koreografoak zer kontatu nahi duen.

Eta zuk zer teknika erabiltzen dituzu?

Ibilbide profesionalean zehar, ikerkuntza propioa egin dut. Nire barneko eremuaz eta morfologia fisikoaz kontzientzia hartzean, orduantxe hasi nintzen hobekien dantzatzen. Dantza egitea norbere gorputza ezagutzea da, eta gorputz horrek ez du zertan perfektua izan.

Esan izan duzu zure obretarako dantza piezak sortu eta gero jartzen diezula musika.

Pieza berri baten aurrean nagoenean, musikarik gabe lan egiten dut. Soinu eremua ez dut dantza egiteko erabiltzen, baizik eta maneiatzen ditudan ideiak laguntzeko. Arte librea da dantza.

Euskal Herrian gelditzeko hautua egin zenuen. Noizbait damutu zara?

Inoiz ez. Denok kanpora joango bagina, hemen ez zen ezer aldatuko. Egia da kanpoan testuingurua askoz hobea dela, dantza gehiago egingo nuela. Baina hemen gelditzeko ardura ere badugu, gure herrialdeko dantza eraikitzeko ardura.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Albiste gehiago

<b>Gripea.</b> Herritar bati gripearen kontrako txertoa jartzen, Zarautzen. ©GORKA RUBIO / FOKU

Gripearen txertoan laguntza bila

Jakes Goikoetxea

Bioarabako talde bat ikertzen ari da ea gripearen txertoa hartzeak eraginik daukan bai SARS-CoV-2 birusaz kutsatzeko arriskuan, bai kutsatu osteko bilakaeran. Iaz Araban txertatzera deitu zituzten 64.000 herritarren datuak erabiltzen ari dira; txertatu zirenenak eta ez zirenenak.

Legebiltzarreko izendapenaren ostean, Andoni Aldekoa astelehenetik aurrera izango da EITBko zuzendari nagusi. ©HITZA

Andoni Aldekoak soilik EAJren eta PSEren aldeko botoak jaso ditu

Urtzi Urkizu

EITBko zuzendari nagusi berria izendatu du Eusko Legebiltzarrak. Oposizioko taldeek kontra bozkatu dute, eta prozedura kritikatu

 ©JON URBE / FOKU

«Aitaren izenak ez du beti laguntzen»

Maialen Arteaga

Esti Markez Mikel Markez aitarekin batera hasi zen abesten. Orain, aitarekin batera, lehenengo kantu propioak kaleratuko ditu, 'Azalberritzen' diskoan. Bi artisten bosna kantu bilduko ditu lanak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Zihara Jainaga Larrinaga

Informazio osagarria