ATZEKOZ AURRERA. Clemence Merceron. Setemeko kidea

«Haiek jasaten dituzte gure kontsumoaren ondorioak»

El Salvadorren ehungintzan lanean ari diren emakumeen errealitatea bertatik bertara ezagutu ondoren, bestelako sistema ekonomiko baten alde lan egiteko gogoberriturik itzuli da Merceron.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2019ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Europako boluntariotza egiteko jo zuen Setem elkartera Clemence Merceronek (Challans, Frantzia, 1994). Elkarteak antolatzen dituen auzolandegiei esker, El Salvadorren eman du abuztua, ehungintzako sektorean lanean ari diren emakumeen egoera bertatik bertara ezagutzen, besteak beste. Jet lag-a erabat gainditu gabe eman du bizitako esperientziaren berri.

Zerk eraman zaitu auzolandegietan parte hartzera?

Interesa hasieratik nuen: gogo handia nuen hegoaldeko herrialde baten errealitatea ezagutzeko. Gero, hiru hilabeteko formakuntza ikastaroa ere asko gustatu zitzaidan.

Aurretik aritu zara boluntario?

Frantzian ez dut halakorik egin. Lehenbiziko esperientzia izan da.

Nolakoa espero zenuen El Salvador?

Europatik atera naizen lehen aldia da. Joan aurretik bilerak egin genituen egoera ekonomikoa, politikoa eta segurtasunarena ezagutzeko.

Zer aurkitu duzu El Salvadorren?

Lehenbizi Cabañasen egon ginen, eta azken asteetan San Salvadorren, Mujeres Transformando GKEarekin. Lehenbiziko astean asko ikasi genuen hango gatazkari buruz eta sistema politikoaz. San Salvadorren aldaketa sumatu genuen: etxeetako atarietan segurtasun neurriak zeuden, guardia armatuak...

Zer ekarri duzue motxilan?

Ohar asko, elkartearen kamisetak, oroigarriak eta frijol-ak [babarrunak]. Horretaz gainera, oroitzapen anitz. Herrialdeari buruz asko ikasi dugu, baita emakumeen egoeraz ere: etxez etxeko brodatzaileak, makiletan lan egiten dutenak... Haien lan baldintzak ikaragarriak dira: hamasei orduz egiten dute lan egunean, bete ezineko helburuak dituzte, eta askok haurrak zaindu behar dituzte. Jende hori ezagutzea hunkigarria izan zen. Borroka egiteko eta ekiteko gogoa pizten du.

Zer lan egiten du Mujeres Transformando GKEak?

Helburu dute emakumeak ahalduntzea eta haien eskubideen alde borrokatzea. Batez ere lan eskubideekin ari dira, ehungintzaren sektorean. San Salvadorreko eta inguruko 11 emakume talderekin egiten dute lan. Talde bakoitzari hilabetean bi tailer ematen zaizkio: lan eskubideez eta osasunaz. Elkartearen bidez bestelako gauzak ere egin ditzakete; adibidez, egun batez hondartzara joan ziren.

Emakume horiek zer esaten zizueten zuei?

Oso kontent ziren hara joan ginelako eta gurekin denbora pasatzeko aukera izan zutelako. Beren egoeraz aritu zitzaizkigun: batzuk lanetik bota dituzte antolatu direlako, baina hala ere tailerretan parte hartzen dute. Tailerrek haien bizitza aldatu dutela esan ziguten.

Zure bizitza ere aldatu da esperientzia honen ondoren?

Baietz uste dut, baina oraintxe iritsi naiz: bizitakoa barneratu behar dut oraindik. Oso interesgarria eta oso intentsoa izan da bertatik bertara ezagutzea; ez dira urrutiko albisteak. Konturatzen zara zuk erabakitzen duzula nola kontsumitu eta haiek jasaten dituztela ondorioak.

Zer mezu zabalduko duzu hemen?

Munduan eta ehungintzan gertatzen denaz gehiago informatu behar dugu. Haiek bizi dutena ez luke inork bizi beharko. Hemen gauza batzuk alda daitezke: beti arropa berria erosteari utzi, bigarren eskuko jantziak eskuratu, jantziak konpondu eta berrerabili, eta, bestela, marka handiei erosteari utzi.

Nola aldatu litezke kontsumo ohitura horiek?

Sentsibilizazioa eta informazioa lehenbizi, jende askok ez baitaki zer gertatzen den han, eta askok ez dute jakin nahi ere, zoriontsuago baitira horrela. Ondoren, alternatibak proposatu behar dira. Kontsumo ekintza orok ondorioak ditu, eta asko esaten du norberaren ikuspegiari buruz.

Bueltan, Zarak eraikin oso bat ireki du Iruñean. Zer pentsatu duzu?

Lan handia dagoela egiteko. Sistema kapitalista hau sustatzeari utzi behar diogu, eta jantziak egiten dituzten pertsonak batere errespetatzen ez dituzten marka horiei diru gehiago emateari utzi. Jantzi bat egiteagatik langileak ez du dolar bat ere jasoko. Desoreka hain da handia, ez duela inolako zentzurik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.