ATZEKOZ AURRERA. Josu Ozaita. Antropologoa eta ikerlaria

«Tradizio bizia eta aldakorra da Gau Beltza ospakizuna»

Gau Beltza ospakizuna lantzeko ikastaroa antolatu du Udako Euskal Unibertsitateak, bihar. 'Itzalitako kalabazen berpiztea' liburuaren mamia azalduko du Josu Ozaita ikerlariak, Gau Beltza jaia hizpide.
JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Nagore Arin -

2019ko irailak 20
Gaur egun edonork ezagutzen du Halloween ospakizuna; Gau Beltza eta Arimen Gaua, ordea, ez dira hain jai entzutetsuak. Globalizazioaren adibide da lehena; bestelako balioak dituzten jai ereduak besteak. Hain justu, ospakizun horien jatorri eta joera gaurkotuak ikertu dituzte Josu Ozaita (Ibarra, Gipuzkoa, 1980) eta Jaime Altuna antropologoek, Itzalitako kalabazen berpiztea liburuan. Ikerketa horren xehetasunak azalduko ditu Ozaitak bihar, Eibarren (Gipuzkoa), Udako Euskal Unibertsitateak Gau Beltzaren jaiaren harira antolaturiko jardunaldian.

Iraganetik datorren ohitura bat da, baina AEBetako ikur bilakatu da. Zein ibilbide izan du urriaren 31k?

Lehen, hildakoen eguna bezala ospatzen zen; zeltek ospatzen zuten. Udan, ardiekin ibiltzen ziren, eta, itzultzean, beste aldi baten hasiera balitz bezala bizi zuten. Hiru egunetan zenbait erritual egiten zituzten: uste zuten hildakoak bizidunengana etortzen zirela. VIII. mendean, Aita Santuak Santu Guztien Eguna izendatu zuen azaroaren 1a. Gerora, XVIII. mendean, ingelesak eta irlandarrak AEBetara joan ziren, eta zelten ohitura hori eraman zuten.

Berehala zabaldu zen?

XX. mendearen hasieran zabaldu zen, sinbolo bilakatu arte. Interesgarri iritzi zioten jaia kohesio sozialaren eta identitatearen sinbolo gisa erabiltzeari. Ostera, jai global gisa saldu du kapitalismoak, eta merkantilizazio prozesu bat jasan du.

Nola ospatu da Euskal Herrian?

Mende honen hasieran hasi zen Halloween zabaltzen, eta haurrek ospatu egiten zuten. Egia da merkantilizazio prozesu bat izan duela: Port Aventura eta Sendavivaren gisako parkeek erabiltzen dute, eta beste marka batzuek ere bai, eta ingelesa ikasteko modu jostagarria ere ematen du... Tradizio bizia eta aldakorra da; garaiaren arabera aldatu egiten da. Duela urte batzuk, Santu Guztien Egunarekin ospatzen zen; guztiok joaten ginen familiarekin hilerrira, loreak jartzera, baina indarra galduz joan da. Baztertzen ari gara kutsu erlijioso hori; modu ludikoago batean ospatzen da orain.

Nola sortu zen ikertzeko ideia?

Jaia zabaltzen ari zela ikusi genuen. Antropologoentzat beti da interesgarria festa berriak eta errituak aztertzea, eta tradizio bat sortzen ari zela ikusten genuen. Sakondu egin nahi genuen, eta haurren ikuspegia ere bildu. Gainera, komunikabideetan eta sare sozialetan ikusi genuen gure aitona-amonek kalabazekin jolasten zutela: aurpegi forma eman eta kandelak sartzen zituztela. Juan San Martin beka atera zenean aurkeztu genuen proiektua, eta hortik etorri da liburua.

Aldatu zaizu ikuspegia?

Polita izan da dinamismoa ikertzea. Tradizioak nola aldatzen diren eta zein biziak diren ikusteko ere balio izan du. Distantzia batekin ikusten nuen, merkataritzako jaia delako, baina, aldi berean, oso ederra da haurrak jai hori antolatzen ikustea: beste balio batzuk biltzen dituzte, eta ez dute dirurik gastatzen; ganbaratik mozorro bat hartu, aurpegia margotu, eta gozoki eske joaten dira.

Euskal Herriko adibiderik?

Mutrikun, esaterako, 1980. urtean hasi ziren Gau Beltza antolatzen, eta orain ari da zabaltzen. Azken urteetan indarra galdu du, baina eredu interesgarria da. Herrikoia da, eta hainbat eragilek hartzen dute parte: gaztetxekoek mamu bat egiten dute, dantza taldeak parte hartzen du, tabernak apaindu egiten dituzte, eta gauean parranda egoten da.

Baduzu jaia ospatzeko ohiturarik?

Haurrentzat erakargarria zenez, Baliarrainen Gau Beltza antolatzea proposatu nuen. Gure testuingurura moldatu dugu. Helduak ere mozorrotzea nahi zuten haurrek, ez zuten nahi jaia distantziatik bizitzea, beraz, bideo zirikatzaileak egin genituen: 'Zein aspergarriak diren gurasoak, ez dira mozorrotzen' eta horrelako esaldiekin.

Jendea erakartzea lortu zenuten?

Hitzaldi bat, kalabaza tailerra eta gaztaina jana egin genituen; beldurrak paper batean idatzi, eta sutara bota genituen; kanpaiak jo, eta argi guztiak itzali genituen: berezia izan zen; iluntasuna lortu genuen. Eske erronda bat eta beldurarren bidea ere egin genituen. Ez da izan Halloween jaiaren erreakzio bat; beste erreferentzia bat sortu dugu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Nagore Arin

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna