ATZEKOZ AURRERA. Jaione Urtasun. Ipuin kontalaria eta aktorea

«Antzerkiak bizirik behar du, ezin da beti berdina izan»

Sasoi honetan lan gehiago du Urtasunek. Haurren aurrean aritzea gustatzen zaio, ikusle «zintzoak» direlako. Bere lanaz mintzatu da: «Txikiekin, begietara begiratu behar da ipuinak kontatzeko».

IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2019ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Koloretako soinekoarekin eta oihalezko poltsa handi batekin agertu da Jaione Urtasun (Iruñea, 1988) Iruñeko Civicanen. Poltsan koloretako pilotak ditu, elkarrizketa bukatzean erabiltzeko. Ipuin kontalari ariko da. Aktore ere bada La Piel konpainian, Xabier Flamariquerekin batera. Haurrak izan ohi ditu ikusleriatik begira.

Zer moduzko ikusleak dira haurrak?

Normalean, oso zintzoak: aspertzen badira, nabaritzen da, eta ez badute gustuko, mugitzen hasten dira. Baina oso esker onekoak ere badira.

Ikusleengandik oso gertu aritzen zara. Nolakoa da harremana?

Gertutasun hau asko gustatzen zait, benetan ikusten dituzulako erreakzioak, irri egiten dutelako norbait ukitzean edo haur bat ateratzean. Txikiekin, begietara begiratzea garrantzitsua da ipuinak kontatzean.

Helduak hobeto edo okerrago portatzen dira?

Orain, liburutegi gehienetan hasi dira gurasoen sarrera debekatzen, askotan atzean hizketan geratzen direlako, kafetegian baleude bezala. Baina beste askok parte hartzea bultzatu eta laguntzen dute.

Gaztetxoek asko ikusten dute Youtube. Pentsatu duzu inoiz youtuber izatea?

Noizbait, txantxetan edo, pentsatu dut pertsonaia bat sortu eta zerbait egitea; baina ez, sekulako lana da. Oraingoz, oholtzarekin aski dut.

Internetek eragin dio zuen lanari?

Eragina izan du kontatu dezakezulako ipuin bat proiektore batekin irudiak jarriz edo musika jarri bozgorailu txiki batekin. Baina umeek ez dituzte ipuin gutxiago entzuten.

Nola egiten duzu saio osoan haurren arreta mantentzeko?

Asko gustatzen zait haiek parte hartzea; fisikoki asko mugitzen naiz, eta clownarena asko egiten dut. Irribarreak eraginez lortzen da arreta erakartzea. Hasieran beroketa egiten dugu; gero, oihu egin behar dute, eta jolas txikiak egiten ditugu. Eserita eta isilik zailagoa da.

La Piel taldearekin, ninientzako antzezlan bat prestatu duzue. Oso desberdina da hori?

Aurten estreinatu dugu 0-5 urte bitartekoentzako antzezlana. Nafarroan ez dago horrelakorik. Beste antzerki mota bat da: bisualagoa, musikala, eta ukitzeko gauzekin.

Zer nahiago duzu: ipuinak kontatu, edo antzerkia egin?

Ipuin kontaketa niretzat erraza da, bakarrik noalako. Baina besteak badu antzerkiaren xarma, eta besteekin lan egitea. Beti bakarrik aritzea aspergarria da.

Zureak dira ipuinak?

Batzuk nireak, edo liburuetatik ateratakoak; beste batzuetan, ipuin bat hartu eta aldatu egiten dut.

Zer mezu zabaltzen dituzu ipuinen bidez?

Askotariko ipuinak kontatzen ditut. Oso gogoko dituzte animalien ipuinak, adibidez; orduan, animaliak zaintzea eta natura errespetuz tratatzea izaten dut hizpide. Beste batzuetan, ahaleginaren garrantzia azpimarratzen dut. Eta, jakina, zoriontsu izatea eta ipuinaz gozatzea, edo euskaraz bizitzea.

Inprobisatzen duzu?

Normalean gidoiari jarraitzen diot, baina, ikusleen erantzunaren arabera, inprobisatzeko aukera dago: zerbaitek funtzionatu badu, errepikatu, eta halakoak. Antzerkiak bizirik egon behar du, eta ezin da beti berdina izan.

Zer behar du ipuin on batek?

Pertsonaia asko eta askotarikoak agertzea gustatzen zait, eta haurrak pertsonaiarekin batera joatea.

Orain ez dituzu haurrekin tailerrak egiten; gazte eta nerabeekin, bai. Nolakoa izan da aldaketa?

Umeekin dena jolasa da, baina gazteek badituzte beharrak, eta protesta egin nahi dute. Badituzte haien kezkak, eta hori antzerkiaren bidez komunikatu nahi dute.

Zertarako balio du antzerkiak adin horretan?

Protestatzeko, komunikatzeko... Eta, nik uste, batez ere lotsak kentzeko. Besteek egindakoaz asko egiten dute barre; beraz, laguntzen die besteen lanak errespetatzen, ikusten nola sentitzen diren, eta, jakina, askatzen eta barre egiten.

Eta zuk, zertarako behar duzu?

Nire bizitza da antzerkia. Denetarako: maitatzeko, egunero bizitzeko... Dena azalaren bidez sentitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.