Noiz sortua: 2020-01-22 00:30:00

ATZEKOZ AURRERA. Karmele Gorroño. Ilustratzailea

«Ilustrazioaren lanbidea ez da inolaz ere egonkorra»

Irrimarra bikoteko kideetako bat da Gorroño. Adierazi duenez, eskatu izan diete «mesede gisa» marrazkiak dohainik egiteko. Hala ere, uste du halakoak gero eta gutxiago gertatzen direla.
IRRIMARRA Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Satrustegi -

2020ko urtarrilak 22
Irene Iruretarekin batera, Irrimarra ilustratzaile bikotea osatzen du Karmele Gorroñok (Galdakao, Bizkaia, 1987). Arte ederretako ikasketak egin zituzten elkarrekin, eta 2016. urtetik ilustrazioaren munduan dabiltza buru-belarri. Askotariko lanak egin dituzte; esaterako, Altzoko Handia-ren album ilustratua, horma irudiak eta erretratuak. Hain zuzen ere, beren lanekin osatutako erakusketa bat jarri dute ikusgai Taberna Nagusia kultur etxean, Basaurin (Bizkaia). Otsailaren 7ra arte bisitatu ahalko da.

Ilustrazioekin eta pinturekin osatu duzue Basauriko erakusketa, ezta?

Hori da, eta gehienak erretratuak dira. Erakusketa oraindik prozesuan dagoela esan dezakegu; izan ere, aurreko erakusketa baterako lan batzuk aurkeztu genituen, eta, denborarekin, pinturetako batzuk kendu ditugu, eta beste batzuk sartu. Beraz, oraindik ez dugu bukatu, eta asko alda daiteke erakusketa batetik bestera.

Esanahi berezirik ba al du? Ala obra solteak dira?

Pintura lantzen aritu gara azkenaldian. Lan horiekin erakutsi nahi genuen nola begiratzen diegun ikusleok erakusketetako erretratuei, baina, aldi berean, haiek guri ere begiratzen digutela. Koadroetako pertsonaien artean ere begiradak gurutzatzen dituzte. Ilustrazio serie batean, askotariko emakumeak irudikatu ditugu: aulkietan eserita, bakoitza toki desberdinetara begira.

Bikote bat izanik, nola moldatzen zarete lanek batasun bat izateko?

Irenek eta biok batera ikasi genuen, eta lanak hasieratik egin ditugu batera: bai klasekoak, baina baita jolas modura egiten genituen obrak ere. Ez da bata gauza jakin batzuk egiteaz arduratzen eta bestea besteez. Besterik gabe, elkarrekin joan gara gure estiloa definituz.

Unibertsitatean hasi, eta gaur arte, beraz.

Ikasketak bukatuta, bakoitzak bere bidea hartu zuen: nik irakaskuntzako masterra egin nuen, eta Irenek, berriz, ilustrazioa ikasi zuen, Gasteizen. Tarteka, lantxo batzuk egiteko elkartzen ginen, eta, gustura aritzen ginenez, horretan lan egitea probatzea erabaki genuen.

Ilustrazioa lanbide aukeratzen denean, zer arriskuri egin behar zaie aurre?

Ilustrazioaren lanbidea ez da inolaz ere egonkorra. Hala uste dugu guk, behintzat. Ez dakigu hurrengo hilabetean lanik izango dugun egiteko. Hau da, proiektuak ateratzen diren heinean lana izango dugu, baina ez dugu inolako bermerik.

Herritar asko, gainera, harritu egingo dira zuen lanagatik ordaindu behar izateagatik, ezta?

Egia da sarri jendea nahastu egiten dela. Artea bizimodu hartzen dugunok, orokorrean, gure lana oso gustuko dugu, eta batzuetan fabore modura eskatzen dizkigute gauzak, ordaindu gabe, pentsatu gabe gure lana dela. Beste lanbide batzuetan ez da halakorik gertatzen. Hala ere, esango nuke pertzepzio hori, pixkanaka bada ere, aldatzen ari dela.

Horma irudi bat egiten ari zarete egunotan Bilbon. Horrelako lan asko egiten al dituzue?

Denetik egiten dugu, eta, hain zuzen ere, hori da gehien gustatzen zaiguna: aldatzea. Ilustrazio solteak edo haurrentzako ipuinak bakarrik egitea, bulegoan sartuta, aspergarria izan daiteke, eta, tarteka, horma irudiak eskatzen dizkigutenean, gogoz hartzen ditugu. Egia da fisikoki nekagarriagoa dela agian, baina euskarriak aldatzea gustatzen zaigu, batez ere denbora luzez zerbaitetan gabiltzanean, ez aspertzeko.

Zuen irudietan, emakumeen irudiek presentzia handia dute. Zergatik?

Hala egin izan dugu gustatzen zaigulako eta eroso sentitzen garelako. Horrelakoak egiten ditugunean, emakumeen eredu desberdinak irudikatzea gustatzen zaigu, fisiko aldetik edo... baina ez dugu arrazoi finkorik horretarako.

Etorkizunera begira, proiekturik darabilzue buruan?

Proiekturen bat edo beste badugu, baina ez daude baieztatuta. Album ilustratu bat ere atera nahiko genuke. Bitartean, enkargu batzuk egiten gabiltza.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iñigo Satrustegi

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna