TXAPELA BURUAN. Manu Arlegi. Malawin den beltzuntzearra

«Hemen ez da turismorik; Malawi erabat ezezaguna da»

Bi urte darama Arlegik Malawin, kalamuaren ekoizpenarekin lotutako enpresa batean. Nafarroan izandako zailtasunek eta Afrikako erraztasunek bultzatuta joan zela kontatu du.

BERRIA.
Iñigo Satrustegi.
Gasteiz
2020ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Manu Arlegi (Beltzuntze, Nafarroa, 1997) ekintzailea izan da gaztetatik.Bi enpresa sortu ditu dagoeneko Nafarroan eta Malawin. Kalamuaren ikerketaren eta ekoizpen industrialaren arloko enpresaria da. Bi urte daramatza Afrikako bihotzean bizitzen, eta aholkularia da han sortu duen enpresan.

Nola bukatu du zure moduko gazte batek Malawin?

Ez zen Malawin bizi nahi nuela,baizik eta, nire negozioarentzako erraztasunak kontuan hartuta, eta aukerak baloratuta, hona etortzea erabaki nuela. Nik kalamuarekin egiten dut lan, bai ekoizpen industrialerako eta baita erabilera terapeutikoetarako ere.

Zer egiten duzue, orduan?

Askotariko produktuak: eraikuntzarako produktuak, jantziak, oihalak, elikagaiak...Honen helburua da petroliotik eratorritako produktuak zuntz naturalekin ordezkatzea. Maila txikiago batean, erabilera terapeutikoa duten produktuak egiten ditugu beste herrialde batzuentzat. Gainera, ematen du bai Malawin bertan eta bai inguruko herrialdeetan laster arautuko dutela kalamua medikuntzan erabiltzea.

Eta Nafarroan halako produktu batekin aritzeko zailtasunak izan al zenituen?

Hasieran, Europak onartzen dituen kalamuaren barietateak ikertzen genituen. Gure asmoa zen krema aringarriak merkaturatzea, baina Espainiako legerian THC maila baxua duten barietateak baino ez daude onartuta. Beraz, arazorik ez izateko, gure plantazioa ikerketarako baliatu genuen bakarrik. Nafarroan ezin genituenez lizentziak ordaindu, Malawiko inbertsiogile batekin akordio bat egin genuen, gure ikerketa eta ezagutza hemengo kalamuaren ekoizpenean baliatzeko.

Ezagutzen al zenuen herrialdea lehenagotik?

Egia esateko, ez. Afrikan Maroko baino ez nuen ezagutzen, eta, egia esan, ez du zerikusirik orain ezagutu ditudan Afrikako herrialdeekin.

Zein izan zen lehen inpresioa?

Nahiko harrigarria izan zen. Oso herrialde txiroa da, baina asko harritu ninduen zer bizipoz duten. Irribarre zabal-zabala dute beti hemen, nahiz eta oso gutxi izan.

Orain ongi ezagutzen duzu. Nolako herrialdea da?

Hemen ez da turismorik; Malawi erabat ezezaguna da. Tradizioan eta nekazaritzan oinarritutako gizartea da hemengoa. Paisaia aldetik sabanan gaude, eta Afrikako bioaniztasun gune handiena duen laku handi bat dago. Esan daiteke hori dela erakargarri bakarra hemen. Politikari dagokionez, ustelkeria handia dago, baina Afrikako herrialde gehienetan bezala. Nahiko pobrea izateko, oso garestia iruditu zait, beste herrialdeekin alderatuta.

Eta malawiarrak?

Malawi Afrikako bihotz beroa dela esaten dute, oso jende baketsua baita. Azken urtean gatazka egon da hauteskundeetan ustelkeria egon delakoan. Baina, orokorrean, oso jatorrak eta zoriontsuak dira, eta ongietorri egiten diote etortzen den edonori.

Zaila izan al zen egokitzea?

Ni eta nire kideak iritsi ginean, hasieratik moldatu ginela uste dut. Lagun taldeak egin ditugu, batez ere ingelesak. Egia da datorren jendea ez dela hemen geratzeko etortzen, aldi baterako baizik, baina, hala ere, oso ongi gabiltza.

Bidaiatzeko aukerarik izan duzu?

Lanagatik, inguruko herrialdeetan egon naiz, hau da: Zimbabwen, Ghanan, Lesothon eta Hegoafrikan. Ingurunea oso antzekoa den arren, kulturalki oso desberdinak dira euren artean: etnia desberdinetakoak dira, azken finean. Tanzanian ere egon nintzen, baina oporretan.

Nola eragin du pandemiak han?

Hemen koronabirusari buruz ezer gutxi entzun da, eta ikusiko da nola egiten duen aurrera. Hala ere, hemen COVID-19az gain GIBa, sukar horia, kolera, ebola eta beste batzuk daude. Neurriak hartu dira, baina ez dira asko ere errespetatu; beste gaitz baten modura hartu dute.

Zer asmo duzu etorkizunerako?

Oraingoz, bi urtez-edo indar guztiak hemengo enpresan jarri nahi ditut. Gero, tartekatzea gustatuko litzaidake, han eta hemen. Ideia berriak ere baditut aurreragorako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.