Albistea entzun

MAITE DUT MAITE... 'PORTRAIT DE LA JEUNE FILLE EN FEU'. Helena Taberna. Zinegilea

«Film politikoa izateak ez du esan nahi zolia izan ezin denik»

«Hunkituta» atera zen Taberna zinema aretotik Celine Sciammaren azken pelikula ikusita. XVIII. mendeko bi emakumeren arteko amodio istorioa kontatzen du, eta «ederra» da, baita formalki ere.
JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo -

2020ko abuztuak 6

«2019ko pelikularik onena izan zen, nire ustez». Argi adierazi du Helena Taberna zinegileak (Altsasu, Nafarroa) film honi dion miresmena. Portrait de la jeune fille en feu (Sutan dagoen neska gazte baten erretratua), artelana ez ezik, sortzaileentzako eredua ere badela dio. Celine Sciammaren azkenak XVIII. mendeko istorio erromantiko bat du ardatz, ezkontzear dagoen emakume baten eta haren erretratua margotzeko kontratatu duten andre margolariaren arteko pasioa. Hura inguratzen dute gizarte gaiek eta testuartekotasun aberatsak.

Zergatik aukeratu duzu film hau?

Alde askotatik gustatu zaidalako. Niretzat, 2019ko pelikularik onena da. Zuzendaria emakumea izatea, jada jarraitzen nuena, gainera, arrazoietako bat da; gidoia aparta da, hitzez hustua, baina eduki ikaragarria duena; bestalde, iraganeko istorio bat zehaztasun handiz kontatzen du. Film poetikoa da eta, aldi berean, aldarrikatzailea. Gai garrantzitsuez hitz egiten du: adibidez, emakumeak nola ezkutatu izan dituzten artearen esparruan. Eta arrazoi nagusia da zinema aretotik hunkituta irten nintzela. Ez da film zaila, edozeinek ulertzeko modukoa da. Halako altxorrei esker, beste sortzaile asko animatzen dira historia ikuspuntu oso interesgarrietatik kontatzera.

Eduki politikoa du, baina formak ere garrantzia du.

Nire sortzeko moduarekin bat egiten du: film bat politikoa izateak ez du esan nahi zolia izan ezin denik; panfletotik aldentzen laguntzen duen hori landu ezin duenik, alegia. Ez dio edertasunari uko egiten.

Nola definituko zenuke film honek eskaintzen duen edertasuna?

Isaac Rosak nire azken filmaren, Varados-en [Hondartuta] inguruan esandakoak erabil daitezke: ez da edertasun estetizista bat, istorioari lotutakoa baizik. Ez du talkarik eragiten ikus-entzulearengan, hori jada komunikabideek egiten baitute, baina ispilua gertuago ipintzea eragiten du. Zinegileok garai guztietako gatazkak humanizatu eta gaur egunera ekarri behar ditugu, hori guztia kudeatu eta ikusleari eman, eskuzabalak izanda. Zinema aretotik irteten zarenean hobeto sentiarazten zaituen eta ate berriak irekitzen dizkizun artea, alegia.

Arreta ematen du koloreen eta argiaren erabilerak ere.

Zoragarria da. Ezin dut ulertu zergatik zuzendari batzuek uko egiten dioten koloreetan, tokietan, argian edo atmosferetan pentsatzeari. Garaian garaiko atmosferak pinturaren eskutik antzematen ditugu lehenbizi, eta gero horrek zineari eragiten dio. Bizkarraren erabilera ere oso interesgarria da: atzetik ateratako enkoadraketa, erromantizismotik hartua, asko gustatzen zait.

Patuak indar handia du film honetan, haren saihetsezintasunak.

Gaur egun ere, zenbait eremutan, gatazka hori bera egon daiteke. Adimen kontua ere bada: emakumeak beren egoeretara egokituz joan ziren. Batzuetan, aurrez aurreko borrokak ez du ezertarako balio, eta patua etsipenez onartzen da, baina etsipen saihetsezin batez. Gaur egun, egoera bera beste modu batera biziko genuke.

Hein handi batean memoriak arindutako etsipena al da?

Bai, noski. Nik uste dut hor dagoela erromantizismoaren elementua: oroitzapena dagoeneko zurea den gauza bat dela, inork kendu ezin dizuna. Gizarte garaikidean batzuetan ez gara horretaz ohartzen, eta galeraren penarekin geratzen gara, edukitako edertasunaren gozoez gozatu gabe. Orain egiten ari naizen pelikulan ere hori da muina: bukaerek gorrotoa eragiten digute; baina, batek maite izan badu eta maitatua izan bada, horrek elikatu beharko lituzke haren oroitzapenak.

Eta arteak —pinturak, Ovidiok, Vivaldik...— oroitzapen horiek antolatzen ditu, eta memorian iltzatu.

Alde horretatik, pelikula didaktiko egiten du, hitzaren zentzurik positiboenean. Film batek hunkitzen nauenean, barneratu dituen beste diziplinetako adierazpen horiek bilatzen ditut, haietan sakontzeko. Feminismo sakonago bat agertzen du pelikula honek. Arteak eraldatzeko gaitasuna duela uste dut, baina, horretarako, bidea erakutsiko diguten aitzindariak behar ditugu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Dupla taldeako kideak: Beñat Oribe eta Gari Uriarte. ©DUPLA

«Kanta bakoitza ezberdin sortzen da»

Joseba Arratibel Ladron

Uriarte Dupla taldeko abeslaria, gitarra jolea eta teklatu jolea da; Oribe, berriz, bateria jolea da. Hainbat musika estilo jotzen dituzte, eta gaur gauean kontzertua emango dute Donostian, Piraten gunean.
Jendetza bildu zen astearte gauean Pasealeku Berrian. ©JON URBE / FOKU

Bezeroek gora, prezioek ere bai

Amaia Jimenez Larrea

Pasealeku Berriko barrakak hasiak dira normal jarduten. Barraketako jabeetako batzuek pandemiaren aurreko urteetan baino «negozio hobea» egin dute aurtengo Aste Nagusian.
1 ©JOSEBA ARRATIBEL LADRON / EZEZAGUNA

Dantza eta maskuri kolpeak

Joseba Arratibel Ladron

Bi urteren ostean itzuli dira erraldoi eta buruhandiak Donostiara. Egunero ateratzekoak ziren, baina eguraldiak egoera baldintzatu die. Gaur aterako dira azken aldiz, San Telmo museotik abiatuta, festetako azken egunean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Amaia Igartua Aristondo

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...