ATZEKOZ AURRERA. Ane Gorosabel. Baserritarra

«Aldarri bat egon behar da porru sorta baten atzean»

Bizitza osoa baserrian eman duten emakumeak elkarrizketatu dituzte 'Erroa eta Geroa' dokumentalean, baina baita gaur egun baserria lanbide gisa hautatu duten zenbait emakume ere.

JON URBE / FOKU.
jone arruabarrena
2020ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Duela bi aste izandako haizeteek berotegia hondatu zioten Ane Gorosabel (Arrasate, Gipuzkoa, 1981) baserritarrari. Haren arabera, haien ekonomia «oso hauskorra» da, eta proiektu osoa kolokan jar dezake negua «berotegirik gabe» planteatzeak. Hala ere, sare sozialetan auzolan baterako deialdia egin, eta zenbait herritar inguratu dira Gorosabelek Bergaran (Gipuzkoa) duen baserrira, berotegi berriak eraikitzeko asmoz. Emakumeek baserrian daukaten rolaz hausnartzen duen Erroa eta Geroa dokumentalaren egileetako bat da. Gaur aurkeztuko dute, Gasteizen, 19:00etan, Oihaneder Euskararen Etxean.

Nola doa auzolana?

Berotegi berriak heltzeko itxaron behar izan dugu, eta bi astera luzatu da lana, baina, berez, zortzi egunetako auzolanean buelta eman diogu egoerari. Herriko jendeak erantzun dio nire laguntza behar horri, eta honek erakusten du auzolanean dagoela gakoa.

Dokumentala ere hainbat emakumeren artean egindako lanaren fruitu izan da.

Bai, sei kideren artean egin dugu. Baserritik mundura ikastaroan ezagutu genuen elkar, eta ikastaroko helburuetako bat zen ikerketa bat egitea. Sorgin Atxurrak izeneko ikerketa taldea sortu, eta gure ikerlana emakumeek baserrian izandako rolaren inguruan egitea adostu genuen. Hala ere, hizkuntza akademikotik irten eta zabalkunde gehiago izango zuen zerbait egin nahi genuen, eta hortik sortu zen dokumentalaren ideia.

Zer ikasi behar da emakume horiengandik?

Garrantzitsua da baserrietara sartu eta haien ahotsa entzutea. Nik ez nuke nahiko nire amonak eduki zuen bezalako bizimodua eduki, baina bai tenpusak eta erritmoak; inguruarekiko konexioa itzela zen. Eta ingurua ez zen soilik baserria eta zelaia, baizik eta basoa, inguruko mendiak... baserriaren luzapen bat ziren. Uste dut bazutela lurrarekiko ulermen eta sentikortasun bat orain ez daukaguna.

Dokumentala egin aurretik ahotsa izan al dute baserrietako emakumeek?

Ikusezinak izan dira, eta lanaren helburu bat hori zen: emakume horiei ahotsa ematea eta lehenengo mailara ekartzea. Dokumentalak hiru belaunalditako emakume baserritarrak erakusten ditu, eta trantsizio hori gure begiradatik erakutsi nahi izan dugu: etorkizuna badagoela baserrian, ez dela erraza, baina horri eustea ere ez dela bakarrik baserrian dihardugun emakumeen erantzukizuna.

Zer erantzukizun dauka herriak baserriaren iraupenean?

Dokumentalean, elkarrizketatu batek argi esaten du: «Nik agian ezin dut mundua aldatu, baina erabaki dezaket non utzi nire dirua». Batetik, ardura hartu behar dugu erosten dugunaren inguruan. Guk daukagu ardura etxera sartzen duguna nondik datorren eta nork egiten duen jakiteko. Eta, bestetik, baserrietara hurbildu behar dugu; esaterako, azken egunetan egin denaren moduko auzolanetara.

Elkarrizketatuek aipatzen dute ez dutela nahi izan beren ondorengoak baserritik bizitzea. Zer leku du egungo gizartean baserriak?

Nik uste dut geratzen zaigun alternatiba bakarra dela. Globalizazioeta kapitalismo basati eta krudel honi irtenbidea emateko beste giltza bat. Azkeneko hilabeteetan bizi dugun egoerak agerian utzi du orain arteko bidea aldatu behar dugula. Hala ere, ez da batere erraza baserritik bizitzea; trabak itzelak dira. Militantzian ere beharra dago sektore hau hauspotzeko.

Militantzian?

Bai. Baserrien inguruan biltzen diren hainbat kolektibo daude: Biolur, EHKOlektiboa, Baserria 21... Bakoitzak bere etxaldea eraman arren, talde horiek saretuta egotea bermatzen dute. Hori oso garrantzitsua izan da nire proiektuak bizirik irauteko, eta baita argumentua eman eta politikoki janzteko ere.Beharrezkoa da aldarri batzuk edukitzea porru sorta baten atzean, gure iraupena bermatzeko. Ez baita soilik bizi estilo bat: hautu politiko bat ere bada. Eta horrek egiten du erakargarri lanbide hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.