ATZEKOZ AURRERA. Michelle Rodriguez eta Leire Zabaleta. Artistak

«Elkarte kultural eta artistiko bat sortu nahi dugu»

Mermaid Zine proiektua sortzen ari dira Rodriguez eta Zabaleta: artea zabaltzeko baliatuko dute egitasmoa, eta jarri dute lehen erakusketa.

RAUL BOGAJO / FOKU.
jone arruabarrena
Gasteiz
2021eko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Sinergiei egiten omen die erreferentzia Gasteizko gazteen informazio bulegoan ageri den Sinner-G erakusketak. Bertan, material ezberdinez osatutako collageak gainetik marraztutako argazkiekin nahasten dira. Michelle Rodriguez (Bogota, 1989) eta Leire Zabaleta (Gasteiz, 1999) dira erakusketaren atzean dauden artistak. Rodriguezek moda diseinua ikasi du, eta Zabaleta argazkilaria da. Hala ere, orain Mermaid Zine proiektuaren sorkuntzan ari dira buru-belarri: «Elkarte kultural eta artistiko moduan egonkortu nahi dugu».

Nola hasi zineten proiektuarekin?

MICHELLE RODRIGUEZ: Ni berez Gasteizkoa naiz, baina Madrilera joan nintzen moda diseinua ikastera. Han ezagutu nituen beste diziplina batzuk: adibidez, collagea eta margolaritza. Madrilen ere kolektibo bat sortzen hasi ginen, eta ez zuen funtzionatu. Beraz, Gasteizera bueltatu, eta hemen saiatzea erabaki nuen. Leire lehendik ezagutzen nuen, eta beste artista batzuekin batera hasi genuen proiektua. Ez zen ondo atera, eta azkenean bion artean ekinbide berri bat sortzea erabaki dugu: Mermaid Zine.

Zertan datza, zehazki?

LEIRE ZABALETA: Arterako eta kulturarako elkarte bat sortzea da gure asmoa. Artea eta sorkuntzarako bitartekoak partekatu nahi ditugu interesa daukan ororekin, hainbat modutan: sare sozialen bidez, tailerrak antolatuta, erakusketak...

Sinner-G da egin duzuen lehen erakusketa. Nola sortu zitzaizuen aukera?

L.Z.: Gazteen informazio bulegora etorri ginen elkartea sortzeko informazio bila, eta bertan sortu berri duten erakusketa gelan gure obrak aurkeztea eskaini ziguten.

Erakusketarako propio sortu zenituzten obrak?

M.R.: Sei obra erakusketarako sortu genituen, baina gainerakoak lehendik eginda geneuzkan piezak dira. Batzuk Leirerenak dira, beste batzuk nireak; 98 izeneko artistarekin batera egindako beste bat ere badago.

Zer transmititu nahi duzue zuen obrekin?

M.R.: Bakoitzak gauza bat adierazi nahi dugu, unean uneko gure egoeraren arabera. Ni beti saiatzen naiz kritika soziala egiten, eta nire lanetarako birziklatutako materiala erabiltzen.

L.Z.: Nik obra gehienak nire amonak emandako aldizkari zaharrekin egin ditut. Gaur egun irudien bidez komunikatzen da gehienbat, eta irudi horiek aztertzen saiatzen naiz, gero atsegin ditudanak berreskuratu eta haien berezko testuingurutik ateratzeko. Ondoren, nik nahi dudan esanahia ematen diet irudi horiei.

Nolakoa da darabilzuen sorkuntza prozesua?

L.Z.: Collageekin hasi aurretik, ez dut ideia oso landu bat izaten, normalean. Besterik gabe, momentuan zerbait egiten hasten naiz, eta, lana osatuz noan heinean, esanahi bat ematen hasten naiz sortzen nabilen horri. Esate baterako, apurtuta zeuden telefono asko neuzkan etxean, eta erakusketa prestatzen ari ginela aurkitu nituen. Eta pentsatu nuen dibertigarria izango litzatekeela sakelako horiek collage batean itsastea. Horrela sortu nuen orain erakusketan dagoen lana.

M.R.: Bai, uste dut garrantzitsua dela artista moduan adierazi nahi duzun hori, baina are garrantzitsuagoa da ikusleari sentiarazten diozuna, eta bakoitzak zer eratara interpretatzen duen. Uste dut hori dela artearen gauzarik politena.

L.Z.: Hori da. Nik ez diet obrei esanahi jakin bat ematen, interesgarriagoa iruditzen zaidalako bakoitzak bere erara interpretatzea.

Zertan aurkitzen duzue inspirazioa?

M.R.: Ni edozerk inspiratzen nau. Gau batzuetan, batera lan egiteko geratzen gara, eta, agian, gauzak mozten ari garela ideia bat etortzen zait. Birziklatzeari garrantzi handia ematen diot, eta batzuetan zabor ontzietan edo kalean aurkitzen ditudan gauzetatik ateratzen ditut ideiak. Gero, mihise batean itsatsi, eta atzealde bat ematen diet, eta horrela joaten naiz lanak osatzen.

L.Z.: Nik ere aurkitzen ditudan gauzekin lan egiten dut: iraungita dauden pilulak, moztutako hitzekin betetako plastikoak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.