Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Unai Agirre. Bertsolaria

«Bilintxi buruzko kontu asko ezkutuan geratu dira»

'Bilintxen Menda' izeneko ikuskizuna egingo dute bihar, Donostiako Antzoki Zaharrean. Besteak beste, haren bertsoetan «kritika sozial oso indartsu bat» dagoela kontatuko dute, kantuz.
<em>Bilintxen Menda</em> saioko parte hartzaileak. Unai Agirre, eskuinetik hasita, bigarrena.
Bilintxen Menda saioko parte hartzaileak. Unai Agirre, eskuinetik hasita, bigarrena. MAIALEN ANDRES / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ane Insausti Barandiaran -

2021eko uztailak 9

Indalezio Bizkarrondo Ureña Bilintx-i buruzko «hain ezagunak ez diren kontuak» bertso saio batean bildu ditu Unai Agirre bertsolariak (Hernani, Gipuzkoa, 1975), Eñaut Agirre anaiarekin batera. Bigarrenez egingo dute Bilintxen Menda ikuskizuna, bihar, Donostiako Antzoki Zaharrean, aukera galdu zutenentzat: «Jende asko kanpoan gelditu zen, eta pena eman zigunez, bigarrenez egingo dugu saioa», azaldu du. Haiekin batera ariko dira Maialen eta Amets Arzallus bertsolariak, eta Joxan Goikoetxea eta Imanol Kamio musikariak.

Zein da saioaren helburua?

Helburua da Bilintxen bertsokera, bertsogintza eta bizitza ezagutzera ematea bertso jarri musikatu jaialdi batean. Bilintx jaio zela 190 urte bete dira aurten, eta hari buruz zerbait egingo ote genuen galdetu ziguten. Egia esan, guk haren bertsoak ezagutzen genituen, bertso mundukoak garenez, eta beste... baina ez genuen hainbeste aztertuta. Gure zalantzak izan genituen, ez genuelako asko ezagutzen, baina azkenean animatu egin ginen, eta ikuskizuna sortu genuen.

Antzoki Zaharrean egingo duzue saioa, toki sinbolikoan.

Bai, Antzoki Zaharreko zaindari izan zen Bilintx, eta behin plaza atera zuenean, Antzoki Zaharraren gainean bizi izan zen.

Zer kontatuko duzue, zehazki?

Batik bat Bilintxen bizitza azalduko dugu, bertso bidez, baita garaiko testuingurua ere. Donostiak garai hartan hamar mila biztanle zituen, herri edo hiri erabat euskalduna zen... Bilintx langile bat zen, lehenik arotza, beti pertsona pobre xamarra diruz, eta bizitza aurrera ateratzeko lan asko egin behar izan zuena. Ideologikoki, liberala zen, Donostia hala baitzen garai hartan, eta gerran parte hartu zuen.

Liberala izateaz gain, erromantikoa zen.

Bai, bere bertso asko dauzkagu amodioari jarriak, baina garai hartako erromantikoen joera guztiak bere egiten zituen: batik bat Europatik zetozen joera horietan oso aitzindari izan zen, eta erromantizismo horren atzean askotan aztertu ez dugun kritika sozial oso indartsu bat dago, bertso oso finetan jarria, gainera. Uste dut hori ez dela nahikoa aztertu izan.

Beste ikuspegi bat eman nahi izan duzue, hortaz.

Bai, Bilintxi buruzko kontu asko ezagutzen ditugu, baina beste asko ezkutuan gelditu dira. Badakigu nor zen, haren bertso asko buruz dakizkigu, baina beste gauza asko ez ditugu ezagutzen. Oinazetan bizi izan zituen azken hilabeteak, eta badirudi hilabete horietan bere lanaren zati handi bat erre egin zuela. Beraz, gelditu zena iritsi zaigu, garai hartako bere inguruko jendeak, bertsozaleek, euskaltzaleek gorde zituztenak, hari hartu zizkiotenak, baina oso zati txikietan... Bilintx oso sakona da, eta gaur egunerako ere balio duten zenbait gauza badaude.

Zer ezaugarri zituen haren bertsokerak?

Euskararen erabilera izugarri bat zeukan, eta umore oso zorrotza zebilkien. Zorroztasun horretan bilatu behar da haren kritika egiteko modua. Gainera, haren bertsoak egiteko modua gure bertsokeratik gertuagokoa egiten da, ondoren jaio ziren hainbat bertsolari ezagunena baino. Hori ziur aski ondo idazten zuelako izango da, gu ere, azken batean, nahiz eta bat-bateko bertsolariak izan, idaztetik gatozelako.

Azken ezaugarri bezala aipatuko nuke bat-bateko bertsolari oso ona zela. Izan ere, askotan zalantzan jarri izan da bat-bateko bertsolaria ote zen edo ez. Garai hartan, bertso jarriek indar handiagoa zuten bat-batekoek baino, eta horregatik iritsi zaizkigu gutxiago, baina oso ona zen horretan ere.

Nolakoa izan da ikerketa lana?

Oso polita. Gehienbat izan da, dagoen dokumentazio eta liburu horietan guztietan begiratuta, beste modu batean ulertzea Bilintx, garai harekin lotu nahi izatea. Baina edozeinek ikusi nahi badu haren bizitza eta historia, Antonio Zabalak Auspoa bildumarako egindako azkenengo aleetan altxor bat dago, eta hortik gauza asko atera ditzake; norbaitek interes berezia badu, hor topa dezake.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

'Culpa mía' filmeko fotograma bat ©Amazon Prime Video

Bieusek film bat bikoiztu du aurrenekoz Prime Videorentzat

Urtzi Urkizu

Amazonek ostegunean estreinatuko du 'Culpa mía' pelikula, euskaraz ere bai. Gazteentzako fikzio bat da.

 ©BERRIA

«Ez dut ezer aurreikusten; emaitza sortuz noa»

Unai Etxenausia

«Dena zalantzan jarri» nahi izan du Aiesak Gasteizko Montehermoso kulturuneko erakusketa berrian.'Vestirme mal y desvestirme mucho' uztailaren 2ra bitartean egongo da ikusgai.
 ©ALIZIA LOPEZ

«Zuen serio ospe hori ez duzue merezi»

Naroa Torralba Rodriguez

Hiru urte daramatza Diazek Twitchen zuzenekoak egiten. Astelehenetik ostegunera, goizean. Asteburuetan, antzokiak betetzen ditu Se pudrió todo bakarrizketarekin. Larunbatean izan zen Bilbon.

Silfioa izan zitekeen, baina mihilu basatiarena da ilustrazioa, ez baitago silfioari buruzko irudirik. ©BERRIA

Silfioaren enigma

Enekoitz Telleria Sarriegi

Duela bi mila urte desagertu zen landarea da silfioa. Zirenen zuen jatorria, gaurko Libian, eta greziarrek eta erromatarrek erabili zuten medikuntzan, sukaldaritzan, lurringintzan... Urreak eta zilarrak adina balio zuen orduan silfioak. Fermin Jimenez artistak silfioaren historia eta zaporea berreskuratu ditu bere proiektuan: mihilu zaporeko izozki bat sortu du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Ane Insausti Barandiaran

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.