ATZEKOZ AURRERA. Uxue del Rio. Artista

«Irudigintzak gehiago du bokaziotik ofiziotik baino»

Del Riok bere lanen erakusketa eta zuzeneko sormena uztartu ditu Donostiako Tabakaleran abiatu berri duen 'Zuzeneko artea' espazioan, 'Artistaren txokoa' programaren barruan.

GORKA RUBIO / FOKU.
Alex Uriarte Atxikallende.
2022ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Artistaren txokoa egitasmoaren barruan, Uxue del Riok (Donostia, 1997) Zuzeneko artea izeneko sormen espazioa abiatu berri du Donostiako Tabakaleran, Kutxa Kultur Plazan. Bere obretako batzuen erakusketaz gain, zuzeneko sorkuntza saioak ere emango ditu Del Riok, urtarrilaren 30era arte.

Zer da artea?

Kontu oso pertsonala da. Nire ustez, barrutik ateratzen diren sentimenduak eta hausnarketak kudeatzeko bidea. Orain, kasurako, boladan dago journaling edo eguneroko idazketa, eta horregatik uste dut artea modu askotakoa izan daitekeela. Niretzat, baldintza bakarra oso barrenetik ateratzea da.

Sormenari dagokion lekua eman al zaio gizartean?

Niri, adibidez, asko kostatzen zait neure burua artistatzat jotzea. Gainera, kontsumoan eta ikus-entzunezkoetan oinarritutako gizartea izateak, nire ustez, artea ez diren afera ugari artetzat jotzera garamatza.

Zein alde dago, sortzerakoan, diseinatzailearen, artistaren eta ilustratzailearen artean?

Ni diseinatzaile moduan hasi nintzen, ogibide funtzionalagoa delako: enpresen munduan sartzeko aukera ematen du. Ilustrazioari, berriz, nire barruko guztia azaleratzeko xedez heldu nion; alegia, irudigintza nire gogoetak ateratzeko bidea da, funtzionaltasunaren nahiz estetikaren gainetik. Orain, neure burua askatzeari eta barrukoa ateratzeari ematen diot garrantzirik handiena.

Zein bide edo teknika erabiltzen duzu sortzerakoan?

Prozesu desberdinak erabiltzen ditut. Sarri, irudiak arkatzez zein akuarelaz marrazten ditut, eta, ondoren, formatu digitalera pasatu. Ilustraziorik sinpleenak, berriz, argazkietatik hartu, eta moldatu egiten ditut. Oro har, denetariko teknikei eta esperimentazioari emandako etapa batean nago orain.

Zertan dago oinarrituta Zuzeneko artea espazioa?

Nire lanetako batzuk egongo dira ikusgai, eta ni neu ere han izango naiz, hurbiltzen den orok sormen prozesua zuzenean ikus dezan.

Zure sormen bidea bertatik bertara ikusi ahalko dute, beraz.

Hori da. Nik zuzenean egingo dut lan, jendaurrean, eta bertaratzen direnek edozein zalantza galdetzeko parada izango dute. Horrek urduritasun puntu bat ematen dit, baina egitasmo oso ederra da.

Are gehiago etxean, Donostian, izanik, ezta?

Bai. Gertuko pertsonek zure lana ikustea eta, are gehiago, egiten duzuna haiei gustatzea zinez polita da. Horrez gain, pozgarria da etxean sortzaileentzat zer-nolako aukerak dauden ikustea.

Artistak aldarrikapenaren erakuslea izan behar al du?

Nago hori egile bakoitzaren araberakoa dela. Nork bere bizipenetatik abiatutako lana egiten du, eta horrek ez du zertan aldarrikatzailea izan. Nik barrutik ateratakoak azaleratzen ditut, eta horrek badu zerbait aldarritik, baina, beharbada, beste norbaitentzat ez da izango esanguratsua edo aldarrikatzailea.

Nola harrapatzen dira zure lanetako une iheskor, mundutarrak eta sentsazio bereziak?

Batzuetan, errealitate paralelo bat sortuz. Etxeratze sasoian, esate baterako, handik urtebetera egin nahiko nituzkeen guztiez oroitu nintzen, eta nire irudimenak sortutako errealitate irreal hori arnasgunea bihurtu zen niretzat. Orain, ordea, nire bizipen pertsonaletatik egindako ikaspenekin harrapatzen ditut erakutsi nahi ditudan horiek.

Zein gai ondu nahiko zenuke, etorkizunera begira?

Alde teknikoan sakondu nahi dut; halaber, langai adierazkorragoak jorratzea gustatuko litzaidake, lantzen dudanari nire ikuspuntua eman ahal izateko. Ikuspuntua plazaratzeko, berriz, irizpidea izugarri landu behar da, eta nire iritzi propioa garatzea ere helmuga dut.

Zein lan egoera bizi du artistak?

Diseinatzaile gisa, esango nuke badagoela lana. Ilustrazioaren arloa, berriz, beste jarduera batzuekin uztartu behar izaten da gehienetan, soilik horri esker bizitzea idilikoa baita. Tamalez, irudigintzak gehiago du bokaziotik ofiziotik baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.