ATZEKOZ AURRERA. Isabel Salcedo. 'Kamishibai' kontalaria

«'Kamishibai' bat kontatuz balioak erakusten dira»

'Yosigi' egurrezko oholtza txikiaren atzetik aritzen da Salcedo, 'kamishibai'-ak narratzen eta irudiak pasatzen: «Bukaera zoriontsuetara ohiturik gaude hemen; Japonian, gogorrak ere izan daitezke».

IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Hilean behin kamishibai-ak kontatzen ditu Isabel Salcedok (Iruñea, 1975). Iruñeko San Frantzisko liburutegian egiten du, azken ostegunean. Beraz, gaur saioa izanen da han, 18:00etan.

Egurrezko oholtza horretako ateak irekitzean, zer gertatzen da? Nora daramate ate horiek?

Butai deitzen da antzokia, eta, irekitzen denean, magia sortzen da; elkarrizketa bat hasten da narratzailearen eta publikoaren artean.

Zer du kamishibai-ak bereizgarri?

Oso modu ezberdina da ipuinak kontatzeko. Alde batean, irudiak daude, eta, bestean, testua. Kontatu baino lehen, yosigi-ekin [makilatxoak] magiari dei egiten diogu. Gero, butai-a ireki, eta narratzen hasten naiz. Narratzen diot, dena idatzita dagoelako; ez da antzeztu edo keinu handirik egin behar. Testuari jarraitu eta irudiak aldatu behar dituzu.

Irudiez gainera, erabiltzen duzu bestelako elementurik?

Bai, askotan; danbor bat agertzen bada, danbor txiki bat eramaten dut; edo soinuak egiten ditut. Giroa sortzea inportantea da.

Giroa sortzeak nola laguntzen dio narrazioari?

Istorioa kokatzen laguntzen du; baina kamishibai-ak elementu guztiak ditu, berez: testuak eta irudiak. Ongi pentsatuta eta neurtuta dago. Oreka handia dago narratzailearen, testuaren eta irudiaren artean.

Nola hasi zinen kamishibai-ekin?

Kasualitatez. Kamishibai-ak gaztelaniaz egiten zituen lagun bat nuen, eta, Liburuaren Egunerako euskaraz egin nahi zutenez, baietz esan nien. Oso aberasgarria izan zen, eta hasi nintzen mundu horretan murgiltzen. San Frantzisko liburutegian hasi nintzen, eta, gero, liburu dendetan, elkarteetan... Arropa denda batean ere aritu nintzen behin.

Edozein toki egokia da?

Bai. Gainera, butai-a eta kamishibai-a, ez duzu besterik behar. Publiko txikiari zuzendua da: 10-20 lagun. Nahiko intimoa izaten da.

Zer alde on ditu narrazioan irudiak erabiltzeak?

Irudiek eragin handia dute haurrengan, eta asko laguntzen dute arretari eusteko. Kamishibai-ak eskatzen du publikoaren parte hartzea, eta askotan galdetzen diet ea non dagoen zerbait irudian.

Japonian du jatorria. Han nola egiten dituzte kamishibai-ak?

XI. mendean sortu ziren, budisten tenpluetan. Monjeek erabiltzen zituzten jendeari balioak erakusteko. Gero, bazter utzi zituzten, eta, 30eko urteetan, krisialdi handi baten bueltan, kamishibai-ak berreskuratu zituzten. Gaito Kamishibaia [narratzailea] herriz herri joaten zen bizikletaz.

Esan duzu monje budistek balioak erakusteko baliatzen zituztela. Horrela da oraindik ere?

Bai, kamishibai-en bidez balioak erakusten dira: adiskidetasuna, errespetua... Oso didaktikoak dira. Praktikoak ere badaude: hortzak egunero garbitu behar direla kontatzen dutenak, adibidez. Eta badaude umorezkoak ere.

Irudi asko eta agudo kontsumitzen dira egun. Kamishibai-aren patxada lehiatu daiteke horrekin?

Kamishibai-aren erritmoa motela da, eta testuak ere esaten dizu pausa txikiak egiteko. Denetarik dago, baina, normalean, arretari erraz eusten diote haurrek.

Zer kamishibai mota daude?

Batzuk oso tradizionalak dira; beste batzuk, didaktikoagoak. Askotan animaliak ageri dira, eta pertsonen eta naturaren arteko harremana.

Nondik ateratzen dituzu istorio hauek?

Idatzitakoak dira. Yamaguchiko liburutegian bilduma handia dute, eta hilero egiten dut aukeraketa.

Zer hartu behar da kontuan kamishibai bat ongi kontatzeko?

Idatzita dagoena errespetatzea, eta haurrek dena ongi uler dezatela. Batzuetan, japoniar ohiturak agertzen dira, eta hori azaldu behar zaie. Hala ere, kamishibai-ak nahiko sinpleak eta unibertsalak dira.

Oso loturik daude Japoniari?

Oso markaturik dago japoniar kultura. Japoniako balioak agertzen dira; esaterako, heriotzarekin duten lotura. Kamishibai batean protagonista hiltzen zen. Hemen ohiturik gaude bukaera zoriontsuak izatera; han, gogorrak izan daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.