ATZEKOZ AURRERA

Iragankor, baina hilezkor

Omako basoaren erreplika ahalik eta fidelena egiten ari dira Kortezubin. Artelana bizirik mantentzeaz gain, proiektuak erakutsi du etorkizunean ere lekualdatu ahal izango dela.

Agustin Ibarrolak margotutako begien erreplika, Omako baso berrian, Kortezubin. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
amaia igartua aristondo
Kortezubi
2022ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Jaiotzen ari da Omako baso berria (Kortezubi, Bizkaia), baina, ezinbestean, baita hiltzen ere. Eta, hain justu, izaera efimero horrek are bereziago egiten du bisita. Etengabean garatzen ari da Oma, etenik gabe aldatzen; «ia orduero», Fernando Bazetaren irudiko —erreplika lanak zuzentzen ditu—, argiaren arabera ezberdina baita basoa, eta hura moldatzen dutelako, orobat, haizeak, tartekako usain boladek, eta txorien kantu ozen edo apalagoek. Areago, so bakoitzean aldatzen da artelana, ikuspuntuak baldintzatzen baitu arboletako trazuen batasuna. Eta gehiago aldatuko da urteen joanarekin, enborrak lodituz doazen heinean.

Obra «bizia» baita, haren sortzaile Agustin Ibarrolaren seme Joseren aburuz, eta hori mantentzen ahalegindu da familia, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin: jatorrizko Oma hiltzear dela, erreplika bat ontzen ari dira haren parean, eta lan prozesua ere erakutsiko dute astelehenetik aurrera egingo dituzten bisitetan.

Bizia baita basoaren berpizkundea ere: han-hemenka lanabesak daude lurrean, eskaileraren bat oihanpean, pintura poto sorta bat arbola batzuen oinarrian, eta beharginak ari dira ertzen baten kolorea indartzen. Azalpen artistikoaren petik, langile baten berbak ere aditu dira, haragoko arbola batean dabilen kideari pintura beltza eskatzeko. Obra bukatzen dutenean, 2023ko irailean, 700 zuhaitz margotuk osatutako 33 sorta egongo dira, besteak beste 1989an galdutakoak, lur jabeek pinuak moztea erabaki zutenean.

Marra horizontala paratu dute bildumaren atarian. Lehen begi kolpean, irudiaren zantzuak baino ez dira antzematen, eta nolabait bisitariak osatu behar du pieza, kokapena aldatuta, perspektiba egokia erdietsi arte: trazu zuri fin eta lodiak, gertuago edo urrunago daudenak, marra bakar batean batu dira, eremu sakontasuna ezabatuta. «Hurbildu ahala, hiru dimentsioko paisaia apurtu egiten da», Bazetak azaldu duenez. «Ibarrolaren jokoa hori zen: bi dimentsioak lortzea hiru dimentsioetan. Aurrera joatekotan, lerroa hautsi egiten da ostera ere, eta paisaiak hiru dimentsioak berreskuratzen ditu».

Oinarri berarekin taxutu zuen Tximista. Bat-batean, txatal zuri diagonalak muntatu egiten dira, eta tximista batek 40 arbola zeharkatzen ditu alderik alde. Parean, bi ezpain daude margotuta bi pinutan, eta gerturatuz doaz bisitaria mugitzen den heinean.

Basoan murgildu, eta piezak eraikitzen joan behar du bisitariak, nonbait. Jatorrizko Omaren askatasuna islatu baitute erreplikan, Jose Ibarrolaren hitzei erreparatuta: «Esperientzia artistiko bat da; ez da museo bat, alegia, leku sakratu bat, non ezin daitekeen ia ezer egin. Garrantzia ematen zien alde artistikoari eta alde sozialari». Jendeak bere egiten duen eremu «magikoa» izango da aurrerantzean ere Oma, horrenbestez.

Emozioz betetako lekua

Beste euskarri batzuetan probatutakoa zuhaitzetan errepikatu zuen Ibarrolak; hori horrela, Omako basoa «ikerketa formal bat» izan zen, semeak adierazi duenez. «Modu basatian hasi zuen lana; irudimenari eta instintuari jarraituta osatu zuen».

Baina, zirriborroak ez ezik, emozioak ere islatu zituen enborretan: basoak eragiten zizkionak, batetik, «terapia» izan baitzen harentzat, semearen ustez; eta familiarekin lotutakoak, bestetik. Taldea Naielen Ostadarra-ren aurrera heldu denean eman du azalpen hori Jose Ibarrolak: Naiel artistaren lehen biloba izan zen, eta arbola sorta, harentzako opari bat, hein batean.

Dena den, aspaldian jaio eta joandakoek ere piztu zuten sortzailearen interesa garai hartan. Santimamiñeko kobak jatorrizko basoaren eta berriaren aldamenean daude, eta lekuok eremu berezia osatzen zuten Ibarrolarentzat. Historiaurreko biztanleekiko jakin-mina ibilbidearen bukaeran azaleratzen da nabarmenen.

Begien bilduma batek ixten du bisita, eta Bazetak xehatu du haien esanahia. «Historiaurreko gizakiak bezala, sentitzen dugu norbait ari dela guri begira, baina ez dakigu zehazki nor. Baina gu ere begiratzen ari gara». 80 arbolatako sorta taxutu zuen artistak, baina 120 margotzeko asmoa zuen, behatua izatearen sentsazioa indartsuagoa izan zedin. Erreplikan, artistaren nahiak beteko dituzte.

Beste mihise batean margotuta ere, betikoa izaten jarraitzen du Omak. Eta hori da, hain zuzen, esku hartzearen mamia: euskarria gorabehera, muina bere horretan mantendu daitekeen erakusle da proiektua. Nahiz eta baso zaharra desagertu, jarraipena izango du artelanak. «Omak denboraren bataila irabazi du», semearen hitzetan. Berria ere hiltzen ari da ezinbestean, baina bermatuta dauzka ondorengoak. «Etorkizunean ere berriro lekualdatu ahal izango da, ez dugu zalantza izpirik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.