ATZEKOZ AURRERA. Jon Plazaola. Aktorea

«Sakontasun handiko putzu bat da irabaztearena»

Jon Plazaola aktoreak 'Irabazi' antzezlana emango du gaur, bihar eta igandean Donostiako Antzoki Zaharrean. Estreinatu zen antzoki berera itzuliko da urretxuarraren umorezko obra hori.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
2022ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
2020ko abuztuan estreinatu zuen Jon Plazaolak (Urretxu, Gipuzkoa, 1982) Irabazi antzezlana; aktoreak esan moduan, «pandemiaren unerik gordinenean». Hala ere, publikoaren berotasuna jasotzea lortu du, eta gaur, bihar eta igandean, 20:00etan, Donostiako Antzoki Zaharrean egongo da berriro ere.

Nolatan bururatu zitzaizun Irabazi idaztea?

Ideia aspalditik nuen buruan. Nire ustez, konpetentziaz betetako gizarte batean gaude, eta nire lanbidean ere askotan ikusi izan dut lehiakortasun hori. Nahi gabe, zeure burua askotan jartzen duzu lehian jendearekin eta lankideekin, eta horren inguruan hausnartu nahi izan nuen. Hala ere, Irabazi sortu nuenetik egoera desberdina da, eta aldaketa batzuk egin behar izan dizkiot antzezlanari, gaurko egoerara ekartzeko.

Zer aldaketa?

Estreinatu nuenean, pandemiari erreferentzia asko egiten nizkion, eta orain agian apur bat zaharkituta geratu zaizkit. Zoritxarrez, badaude erreferentzia batzuk oraindik ere balio dutenak. Sakontasun handiko putzu bat da irabaztearena, eta oraindik gauza asko atera ditzaket hortik.

Felix da antzezlanaren protagonista. Baduzu haren antzik?

Antzezlanaren sortzailea ni naizen aldetik, Felixek badu nire zatitxo bat, baina baita gutako bakoitzarengandik ere. Zerbait oso orokorra kontatzen du Irabazik. Azken finean, gure ametsak eta helburuak irabaztearen menpe daude sarritan, eta irabaztea gure deabru bilakatzen da.

Irabaztea ez al da subjektiboa?

Irabaztea inposatu zaigun zerbait da; denok izan behar dugu lehiakor, dena da lehiaketa bat. Askoren gasolina izaten da irabaztea, baina ez gara konturatzen batzuei ez zaiela gustatzen lehiakor izatea. Galtzeak ere badu bere grazia.

Askotan galdu izan duzu?

Egia esan, ez dakit askotan galdutakoa naizen, baina askotan esan didate galtzaile paperak egitekoa naizela, eta hala da. Aitziber Garmendiarekin Losersantzezlana egiten dut, adibidez (galtzailea ingelesez). Nire ustez, galtzea dibertigarriagoa ere bada.

Zergatik da dibertigarriagoa?

Beti duelako irakaspena; gauza onak edo txarrak atera daitezke, baina beti ikasten duzu. Irabazlea beti dago eroso, lasai, irabazi duelako. Baina galtzen duenak, erori ostean, altxatu beharra dauka, aurrera jarraitu nahi badu behintzat. Bestalde, galtzaileak presio gutxiago du: ez du leku onean geratzeko behar hori.

Zerk ematen dizu beldur edo errespetu handiagoa, irabazteak edo galtzeak?

Ez batari eta ez besteari beldurrik ez izatea izan beharko litzateke gizarte honen helburua. Erlatibizatzen ikasi behar dugu, irabaztea zer den eta galtzea zer den begiratuz. Niri, pertsonalki, agian irabazteak beldur handiagoa ematen duela iruditzen zait, ez baitigute irakatsi irabazi ondoren nola jokatu.

Nola jokatu beharko litzateke zure ustez?

Egia esan, ezin dizut erantzunik eman [barreak]. Irabaztera gidatzen gaituzte txikitatik, baina behin irabazi ondoren, ez dakite zer egin gurekin. Zer egin irabazi ondoren? Zein da hurrengo pausoa?

Ez da nolabaiteko kontraesana?

Hala da: kontraesanez betea dago dena. Beste adibide bat jartzearren, gizarteak mespretxatu egiten ditu gora iristen diren edo irabazten duten horiek, inbidiagatik. Non dago dilema edo kontraesan horren onura?

Antzoki Zaharreko hiru saioen ostean, atsedenik hartuko duzu?

Oporrak hartuko ditut abuztuan, eta irailean hasiko dut berriro ere martxa.

Zer duzu prestatua irailerako?

Irailaren 1etik 4ra, Viktoria Eugenia antzokian, Aitziber Garmendiak eta biok Losers-en azken lau emanaldiak eskainiko ditugu. Bestalde, Un Oscar para Oscar antzezlanarekin Madrilen egon gara orain, duela gutxi arte, eta irailean birarekin hasiko gara. Dena ondo badoa, beste telesail batekin ere hasiko naiz, baina horren inguruan ezin dut ezer esan. Ez naiz aspertuko!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.