ATZEKOZ AURRERA. Iulen Guiresse. DJ Üzkülüz

«Ene musikaz gozatzen dut, eta hori kutsakorra da»

Musikak argituko balu, Guiressek bere itzala eginen lioke. Barneko guzia ilkiarazten dio musikak, eta gozamen hori partekatzea laket du. Gaur ariko da Patxa plazan, patxada ederrean.

JOANES ETXEBARRIA.
Ainize Madariaga
2022ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Ez du laket bere burua agerraraztea; horregatik, Iulen Guiresse (Maule, 1991) bere musikaren burbuilan kukutzen da, aizolbean, taula gainetik bere pasioa kar handiz publikoarekin partekatuz.

Mauleko bestetako arropa zuri-gorria prest duzu Baionarako?

Ez. Baionako koloreak berez zuri-urdinak dira, aldatu zituzten Iruñari kopiatzeko; zuri-gorriak Miarritzekoak dira [Lapurdi]. Baditut nire argumentuak!

Zuri-urdinez joanen zara orduan?

Ez, edozein gisaz zuriz ezin dut bestarik egin, haur bat banintz bezala zikintzen bainaiz!

Üzkülüz lehentze dea Zuberoatik ateratzen dela?

Ez batere: bigarrena jadanik egin baitut Elizondon [Nafarroa] eta Nafarroan aritu izan naiz bizpahiru aldiz, eta Nafarroa Beherean ere bertze horrenbertze.

Üzkülüz zerendako?

Nahi nuen hitz zuberotarra ahalaz, eta ikusi nuen izen honek ez zuela emaitzarik Googlen. Goizean terrestan ari dena eta murmurikan edo gaizki iratzarria.

Identifikatzen zara izen horrekin?

Ez bereziki, besta biharamunetan guti lo egiten dut, eta astakeria handia dut!

Zer ekarriko duzu Baionara?

Euskal kantu asko eta elektro musika asko.

Zerk du ezaugarritzen DJ Üzkülüz?

Hasteko, ez naiz DJ bat, horrek trantsizioak ongi egin behar baititu, eta nik ez dut hainbeste teknikarik horretarako. Gehiago playlist egiten dut. Berezitzen nauena da gehienbat dantzatzeko musika paratzen dudala, bortitz biziki guti eta Hego Amerikako anitz.

Xiberoko Botzako zure kazetariibilbideak eragin ote du zure DJ bilakaeran?

Batetik, kantuak ezagutu baititut kantu eskaintzei esker, irratiari esker ere egunero Badok.eus-en sartu eta euskal kantuen berri hartu dut. Bestetik, nire pasioa da, neure buruari plazer egiteko naiz DJ.

Zer da DJ batek jakin beharrekoa?

Publikoari kasu egitea bere musika estiloa inposatzen helduz. Mauleko bestetan, adibidez, bun-bun musika teknoa jarri nuen, eta gizonak inposatzen hasi ziren bortizki, pogoak eginez elkarren artean, bat erori zen... Aldatu nuen estiloz, lasaituz, eta giroa ere hala hala egin zen.

Unean-unean egokitzen badakizu.

Trantsizioa gaizki egiten dut, baina gehiago kasu egiten diot giroari. Pogoan aritzea maite dut, baina goxoki egiten bada.

Nola entrenatzen da DJ Üzkülüz?

Edozein kantu entzunez, kantuaren formakuntza nolakoa den ikusiz... eta, gaualdiaren arabera, playlist bat edo beste prestatuz, euskal kantu gehiago edo gutiagorekin, nola gerta.

Kantu exotikoak nondik datoz?

2000ko hamarkadako kantu arrakastatsuen arra-hartzeak erabiltzen ditut, System of Down bezalakoak, eta anitz hegoamerikarrak, Guantanamera, Che Guevara, Morenita... arrahartuak diren horrelako kantuak.

Zer leku du inprobisazioak?

Lehen eta azken bizpahiru lau kantuak prest ditut. Tartekoa uneko publikoaren arabera hautatzen dut, zerk duen gehiago mugiarazten...

Eskuak zertan dabiltza oholtzan?

Ordenagailua eta soinu nahasgailua ditut, kantu batetik bestera pasatzean goititzeko kantu bat, bertzea apalduz. Egiazki, bost orduko emanaldian nire lana zazpi minutukoa da! Ez dut kasik deus egiten.

Ez zenukea zeure burua hobeki saldu behar?

Nahiago dut zintzoa izan. Nire lankide batek zioen DJ gehienek ere hala egiten dutela.

Taula gainean, hala ere, baduzu presentzia bat.

Ez dut maite neure burua aitzinean ezartzea. Beraz entseatzen naiz burbuilan sartzen eta ene musikaz gozatzea, eta hori kutsakorra da.

DJa usu gaualdiaren bukaeran izaten da, berant. Abantaila ala desabantaila dea zuretzat?

Momentuko abantaila gisa ikusten dut, bukaera denez jendea laxatuago baita, horregatik nahiago dut. Gainera, plazerarentzat egiten dut eta bakantzetan naizenez, ez nau trabatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.