ATZEKOZ AURRERA. Lander Unzueta. Game Erauntsiako kidea

«Erakutsi behar dugu euskaraz jokatzeko gogoa dugula»

Bilboko Fsix garatzailearen 'Rivalia' bideo jokoa euskaratzeaz arduratu da Unzueta. Oro har, euskaraz joko «gutxi» daudela uste du, baina badagoela oinarririk. Bultzada falta da, dioenez.

GORKA RUBIO / FOKU.
amaia igartua aristondo
2022ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Poliki-poliki, euskaraz ere badauden bideo jokoen zerrenda hazten ari da. Gaur, Bilboko Fsix garatzaileak Rivalia kaleratuko du, eta euskaraz ere jokatu ahalko da, Game Erauntsiaren lanari esker. Ez da joko bat euskaratzen duten lehen aldia: elkarteak itzultzaileen talde txiki bat du, ez-profesionala, eta zaletasunagatik itzultzen dituzte jokoak. Lander Unzueta kidea (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1991) arduratu da itzulpenaz oraingo honetan.

Nola sortu zen Rivalia euskaratzeko aukera?

Game Erauntsian Euskal Herriko bideo jokoen industriaren jarraipena egiten dugu. Saiatzen gara euskal garatzaileak eta estudioak identifikatzen eta euren lanak ezagutarazten. Bilboko Fsix estudioak Rivalia aurkeztu zuenean, galdetu genien ea euskaraz ere argitaratzeko asmoa zuten, eta ezetz esan ziguten. Askotan, estudioak oso txikiak izaten dira, derrigorrez ingelesez atera behar dute jokoa, eta hizkuntza bakarrean argitaratzea bada,jada nahikoa lan. Elkarlan bat proposatu genien.

Bideo joko bat euskaratzean, zer da zailena?

Bideo joko bakoitza mundu bat da. Rivalia, esaterako, elkarlan ofizial bat izanda, testu denak bidali dizkigute, erraztu egin digute lana, ez dugu jokoaren tripetan begira ibili behar izan. Askotan, zailena terminologia izaten da: gauza bat zelan izendatu, esamoldeak zelan erabili... Ze euskaraz ez dago ezer; guk egin duguna, nagusiki.

Lan hori ere baduzue, orduan: euskarazko terminologia ezartzea.

Bai. Orain, Elhuyarrekin batu gara, eta hiztegi bat egiten hasi gara.30 hitz itzuli eta deskribatu ditugu, baina hori lehenengo pausoa da. Oraindik, ez dago besterik horren inguruan.

Zein da euskarazko bideo jokoen egoera?

Joko oso gutxi daude euskaraz, zoritxarrez. 97 joko dauzkagu identifikatuta [zerrenda bat dute euren webgunean], bai ofizialak, bai zaleek itzulitakoak. Aurten, 27 kaleratu edo itzuli dira. 2021ean eta 2022an, kopurua nabarmen handitu dela ikusi dugu. Euskal garatzaileen kopurua ere handituz doa. Baina oraindik bultzada behar da, erakunde publikoena, adibidez. Industria badago, eta jokoen inguruko ikasketak ere eskaintzen dira; badago oinarri bat, hori sendotzea falta da. Garatzaileek jokoak euskaratzen badituzte, denbora librean edo aparteko ahalegin bat eginda izaten da. Garrantzitsua da hori saritzea.

Ahalegin horiek denak tokiko enpresetatik datoz? Edo nazioarteko enpresek badute interesik?

Agian, garatzaileek ez. Guk askotan proposatu dizkiegu elkarlanak Espainiakoei: batzuek onartu dituzte, eta gero itzulpen hori ofizialki gehitu dute jokora. Adibidez, Papers, Please, joko oso saritua, maisulan bat, zale batek euskaratu egin zuen, eta, gero, arduradunek itzulpena gehitu zuten, ofizialki. Eta nabarmentzekoa da orain bertan gertatu den gauza bat: Steam plataformak [jokatzeko plataformetan gehien erabiliak] euskara gehitu du jokoen fitxetako hizkuntzen zerrendara.

Zer dakar horrek?

Posible da identifikatzea zer bideo joko dauden euskaraz. Guretzat, aurrera pauso handia da, aspalditik gabiltzalako holako zeozeren bila.

Eta, webgunean iragarri duzuenez, hizkuntzaren arabera iragazteko aukera ere egongo da, ezta?

Hori da. Orain, Steameko joko batera sartzean, ikus dezakezu euskaraz badagoen edo ez. Falta da euskarazkoak iragazi ahal izatea.

Jokoak euskaratzea oztopatzen duten faktoreak aipatu dituzu. Zeintzuk dira nagusiak?

Euskal garatzaileei dagokienez, denbora eta baliabide falta, esango nuke. Lau-bost laguneko taldeak izaten dira; bideo joko oinarrizkoa sortu arren, orduak eta orduak sartu behar dituzte, lanez gainezka daude. Inoiz esan digute ilusioa egingo liekeela euren bideo jokoa euskaraz ikustea, baina ez dutela denborarik. Erabaki behar dute euskara sartuko duten edo ez, eta zenbat denbora beharko duten, ze bideo joko askok liburuek baino berba gehiago dituzte. Babesa falta da; eta guk erakutsi behar dugu euskaraz jokatzeko gogoa dugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.