Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Zahira Montalvo. Artista

«Besteez barre egiteari utzi behar diogu»

Konbentzituta dago Montalvo: arte eszenikoak ikuspegi feminista batetik abiatuz landu behar dira. Umorea feminismoarekin uztartzen duen formakuntza bat aurkeztuko du asteburuan, Ozetan.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Unai Etxenausia -

2023ko otsailak 1

Arte modalitate batzuetan, agerikoa izan daiteke lanak ikuspegi feminista batetik sortuta daudela; musikan, adibidez. Baina nola ezar daiteke ikuspegi feminista arte eszenikoetan? Zer erronka daude? Egin daiteke umorea feminismotik abiatuta?

Zahira Montalvo (Cordoba, Espainia, 1982) EKI Kancaneo Impro eskolako sortzailearentzat, beharrezkoa da arte eszenikoak ikuspegi feminista kontziente batetik lantzea. Lan feministak nola sortu ikasi du azken urteotan, eta ikasitakoa erakustera etorriko da Euskal Herrira. Izan ere, Virginia Imaz pailazoarekin batera, Arte Eszenikoen Eskola Feminista aurkeztuko du ostiralean, Ozetako Garaion Sorgingunean (Araba). Hiru asteburutan egingo dituzte formakuntza saioak, otsailetik maiatzera bitartean.

Arte eszenikoetako feminismoaz ari zaretenean, zer esan nahi duzue? Termino zabala da.

Feminismoa bera bezala. Feminismoa gauza guztietan aplikatzen saiatzen gara: edukian, dramaturgian, gidoietako testuetan, erabiltzen dugun umorean. Inguratzen gaituen guztiaren begirada kontzienteagoa sortu nahi dugu. Pertsona guztiak prestatzen saiatzen gara. Beraz, formakuntza baliagarria izan daiteke arte eszenikoetan trebatzen hasi berriak direnentzat eta esperientzia dutenentzat. Agertokia leku publikoa da, eta artistok erantzukizun bat dugu; ez bakarrik artista moduan, baita pertsona moduan ere.

Umorea aipatu duzu. Non daude umorearen mugak?

Nondik eta zertaz barre egiten dugun hartu behar da kontuan. Pertsona eta kolektibo askorentzat mingarria izan daitekeen umore mota baten herentzia daukagu. Zorionez, gero eta gutxiago erabiltzen da umore mota hori, baina, oraindik, bidea dago egiteko. Geure buruaz barre egiten dugunean, ondoan dagoena ere identifikatuta senti daiteke. Horregatik, geure buruaz egin behar dugu barre, eta egoera muturrera eramanez askotan. Besteez barre egiteari utzi behar diogu. Pribilegio hori amaiarazi behar da.

Hori guztia denborarekin ikasiko zenuen. Nolakoa izan da zure ibilbidea?

Madrilgo arte eszenikoen eskolan trebatu nintzen. Teknika asko ikasi nuen, baina edukiari buruz gehiago ikastea eta gauza askotan sakontzea falta izan zitzaidan. Konpainia askorekin egin dut lan ondoren, baina argi neukan neure konpainia sortu nahi nuela. Lankidea eta biok saiatzen gara umorea izan dadin gure konpainiaren oinarria: feminismoan, genero aniztasunean... Antzerki inprobisazioa ere asko lantzen dugu. Heteronormatibitatetik aldentzen diren gaiak lantzen saiatzen gara. Uste dut gure lekua lortu dugula, gutxinaka bada ere.

Ikusle askori iritsi al zaio zuen lan egiteko modua?

Egia da oso ikusleria jakina dugula, baina gure esperientzia oso ona izan da orain arte. Halere, ikusle mota guztietara iritsi nahi dugu. Nola da posible formakuntza ikastaroetan izena ematen duten gehienak emakumeak izatea eta, gero, agertokiak gizonez beteta egotea? Arreta jarri beharko genuke horretan.

Ostiralean, Ozetan aurkeztuko duzue lehen saioa. Umorea eta feminismoa jorratuko dituzue.

Nahiz eta Valentzian finkatuta egon, Euskal Herria maite dugu, eta oso ondo hartu gaituzte beti. Gustura ekarriko genituzke ikastaro gehiago, baina, oraingoan, lau baino ezin izan ditugu antolatu. Lehenengoa umoreari buruzkoa da, eta plaza guztiak bete dira. Emanaldiak ere izango dira, eta, emanaldi bakoitzaren ondoren, ikusleek aukera izango dute sortzaileekin hitz egiteko: iritzia emateko, zalantzak galdetzeko... Hori da prestakuntzaren parte garrantzitsu bat.

Lehen formakuntza da Euskal Herrian. Zer izango da garrantzitsuena?

Gogo handia dugu. Talde indartsu bat elkartu gara formakuntza saio hauek emateko. Formakuntzan parte hartzen dutenek ere egin ahal izango dituzte gauzak. Ikastaroak denon artean egingo ditugu, eta parte hartzen dutenen beharrak kontuan hartuko ditugu. Beste gune mota batzuk sortu nahi ditugu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Talka kultural batzuez ez zara ohartzen bertan bizi zaren arte»

Ane Insausti Barandiaran

Europan eta Euskal Herrian atentzioa eman zioten ohiturak eta bitxikeriak kontatzen zituen Iedemak Hego Dakotako herri aldizkari batean. Orain, liburu batean bildu ditu, atal laburretan.
1 ©JON URBE / @FOKU

'Belozipedoa' Urumeara itzuli da

Enekoitz Telleria Sarriegi

Ramon Barea asmatzaile eta ekintzaile donostiarrak asmatu zuen pedalontzia duela 130 urte. Urumea ibaian egin zituen lehen probak, Kontxako hondartzan ondoren, eta mundu osora zabaldu zen gerora. Arrauning enpresak ondare hori aldarrikatu nahi du, Barearen omenez egun bat antolatu, eta errekan zehar txangoak egin uztailean eta abuztuan.

Toño Lopezek zuzendutako <em>Cuñados</em> filma RTVE Play atarian dago, baina ezin da galegoz ikusi. ©RTVE

Plataformetan galegozko edukien presentzia hutsala dela salatu dute

Urtzi Urkizu

Galiziera Normalizatzeko Mahaiaren arabera, hainbat plataforma legea urratzen ari dira

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Unai Etxenausia

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.