ATZEKOZ AURRERA. Andoni Uriarte, 'An2n'. DJa

«Technoan nahitaezkoa da gustu musikal ona izatea»

Mexikora gehiago ikastera joan da Uriarte DJa. Pare bat urte eman ditu aurretik Euskal Herriko hainbat herritan saioak egiten. Haren oinarriak sortzen hasi da duela gutxi.

ANDONI URIARTE.
unai etxenausia
2023ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Ondo nahasten jakitean, techno oinarriak sortzen ikasten hasi zen. Andoni Uriarte Muñoa An2n-k (Aramaio, Araba, 2001) Mexikora joatea erabaki zuen hilabete batzuetarako, ekoizpen musikalari buruz gehiago ikasteko, eta diskoteka zein tabernetan techno saio bat edo beste egiteko. Asko ikasten ari den arren, argi du itzuli nahi duela eta Euskal Herriko proiektuei ekin nahi diela berriro.

Noiz egin zinen DJ?

Denbora asko daramat honetan. Lauzpabost urte pasako ziren musika elektronikoa ezagutu nuenetik. Hori bai, duela bi urte arte ez nuen techno saio bat egin jende aurrean. Izugarri gustatu zitzaidan deskubritu nuenean, eta ordutik ez naiz gelditu.

Jende asko erakartzen eta mugitzen duen genero bat da. Gero eta gehiago?

Jende askorentzat bere pasioa da. Halere, gustuen araberako zerbait da musika. Beste norbaiti gehiago gustatuko zaio rock musika, adibidez. Norberak badaki zerk mugiarazten dion barrena.

Ez da erraza izango oinarriak nahastea eta kalitatezko ikuskizun bat egitea...

Zaila ez da. Erritmoa errespetatu behar da, oinarrien arteko aldaketa atsegina izan dadin: hori da garrantzitsuena. Horrez gain, technoan nahitaezkoa da gustu musikal ona izatea. Funtsean, nahasten dituzun oinarriak atseginak izatea eta elkarren artean koherentzia izatea.

Duela ez asko, musika ekoizten ere hasi zinen; hori bai izango dela konplexuagoa, ezta?

Ongi nahasten banekiela sentitzen nuen, eta banekien arazo bariktechno saio on bat egin nezakeela. Horregatik erabaki nuen nire oinarriak sortzen hastea. Ekoizpen musikala desberdina da: ordenagailuan programa bat eduki behar duzu sortzeko, soinuak deskargatu edo erosi behar dituzu, melodiak sortu... Oinarriak nahastea baino konplexuagoa da musika ekoiztea. Hain zuzen, horretarako etorri nintzen Mexikora, technoan gehiago sakontzeko.

Dagoeneko egin dituzu saio batzuk Mexikon.

Meridan, Tulumen, Cancunen... Pare bat leku gehiagotan ere lotu ditut saioak. Konturatu naiz Ameriketako Eivissa [Herrialde Katalanak] dela Tulum. Orain arte asko gozatu du jendeak nire saioetan. Nik ere nire onena eman dut.

Nahasteko mahaia haiek uzten dizute?

Guztia. Leku bakoitzean zegoena erabili dut. Nik nire musika nahastu dut, hori bai. USB memorian eraman ditut kantak, baina ezin nuen nire mahaia eraman. 30 kilo inguru pisatzen du. Beraz, uste dut zailegia izango zela honaino ekartzea. Oraingoz behintzat gustura aritu naiz utzi didaten materialarekin.

Ikasteko eta esperientzia hartzeko joan zara, baina itzuliko zarela uste duzu?

Noski. Hemen hainbat proiektu ditut, eta ikasitakoa Euskal Herrian erakutsi nahi dut, gainera. Etxepe taldearekin ere DJ lanak egiten ditut, eta bereziki asko motibatzen nau proiektu horrek. Ez dut galdu nahi.

Etxepen ere zuk sortzen dituzu kanten oinarriak?

Oraindik ez dut taldearentzat ezer sortu, baina DJ lanak bai egin ditudala. Abeslarientzat oinarriak sortzen ere hasi nahi dut itzultzen naizenean. Horrez gain, nire kontura eta An2n bezala DJ sesioak egiteko aukera izaten dut Etxepeko kontzertuetan. Kontzertu aurretik eta ondoren musika nahasten egon ohi naiz oholtzan.

Badirudi asko duzula emateko oraindik DJ ibilbidean. Gomendiorik emango zenioke hastea pentsatzen ari den norbaiti?

Nik house, funky... generoak nahasten ditut gehienbat. Uste dut aurkitu dudala nire lekua technoaren mundu zabalean. Uste dut garrantzitsuena dela gustu musikal ona izatea eta norberak bere estiloa aurkitzea. Horrez gain, gauza guztietan bezala, orduak eman behar dira praktikatzen. Nik ordu asko eman ditut nire etxean oinarriak nahasten. Orain, berriz, musika ekoizteari eskaintzen diot ordu gehien, horretan sakondu nahi dudalako. Konstantzia da garrantzitsuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.