ATZEKOZ AURRERA. Iñaki Carretero. Ipuin kontalaria

«Ipuinak ez du eredugarria edo moralista izan behar»

Hogeita bost urte pasatu dira Carreterok bere lehen ipuinak kontatu zituenetik, eta horretatik bizi da ordutik. Jendeari istorioak kontatzea da haren helburua betidanik, ez aktore lanak egitea.

BERRIA.
unai etxenausia
2023ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Betidanik kontatu izan dira ipuinak. Lehen, telebistarik ez zegoenean, ezta irratirik ere, jendea entretenitzeko kontatzen ziren. Tabernatan, jauregietan, herrietan, hirietan... Antzina Euskal Herrian zehar kontatzen ziren ipuin klasiko askok gaur arte iraun dute.

Ofizio zaila bada ere, gaur egun badaude ipuinak kontatzen eta jendea gozarazten aritzen direnak. Iñaki Carreterok (Orio, Gipuzkoa, 1970) 25 urte daramatza ipuinak kontatzen. Ipuin bakoitzari bere nortasuna ematen dio, ondoren entzuleak nahi duen bezala interpretatu ahal izateko.

Nola definitzen duzu zeure burua? Ipuin kontalaria, kontalaria bakarrik, narratzailea…

Nik ipuinak kontatzen ditut; istorioak kontatzen ditut. Ipuin kontalaria, narratzailea... berdin zait nola definitu.

Istorio on guztiek amaiera zoriontsua izan behar al dute?

Batzuk ondo amaitzen dira, eta beste batzuk, gaizki. Argi daukat istorio guztiak nahi duen bezala interpretatu eta amaitu behar dituela entzuten ari den pertsonak. Entzule bakoitzak nahi duen amaiera ematen dio istorioari. Nik ipuinak kontatzen ditudanean, zirrara eragin didaten istorioak dira. Neure egiten ditut, baina maiestatikoak izan ez daitezen saiatzen naiz. Kontatzen ari dena ni izan arren, bakoitzak nahi duen bezala sentitu eta bizi behar du.

25 urte daramatzazu istorioak kontatzen. Ez da gutxi...

Horretatik bakarrik biziz, gainera. Gogorra da ipuinak kontatzetik bizitzea, kultura ez baitago baloratuta. Aldi berean, pozgarria da jendea ipuinekin hunkitzen dela sentitzea. Jendeari pentsarazten diozu, eta garrantzitsu sentiarazten duzu. Norberak nahi bezala bizi eta gozatzen du istorioaz: niretzat, ipuinak ez du moralista edo eredugarria izan behar.

Ofizioarekin haserretu zinen, eta istorioak kontatu gabe egon zinen bi urtez. Zergatik?

Ogibidea utzi nuen ofizioko jendeak ez zuelako serio hartzen. Uste dut denak ez duela balio; ez gara aktoreak. Niri ez zait gustatzen leku batera joatea eta mozorrotzeko leku bat dudala esaten didatenean. Nik, eseri, hitz egin, eta istorioak kontatzen ditut: ez naiz aktorea, eta ez dut izan nahi. Jendearekin konektatu nahi dut ipuin bat kontatzen dudanean, eta hurbila izan behar dut. Beraz, ikusi nuenean ipuin kontaketa ez zela serio hartzen, utzi egin nuen. Gustatzen zitzaidalako erabaki nuen itzultzea. Baina beti argi izan dut nik ez ditudala ipuinak kontatzen haurrak edo jendea hezteko. Uste dut berez hezten duela istorioak.

Kontatzen dituzun ipuin gehienak ez dituzu zuk asmatu, baina istorio bakoitzari zure nortasuna ematen saiatzen zara?

Bestela ezin da kalitatezko ezer kontatu. Ipuinak kontatzen dituen pertsona batek bere egin behar du istorioa. Entzun edo irakurri dudan istorio bat gustatu zaidan bakoitzean, ez dut kontatu neure egin dudan arte. Gustatuko litzaidake, era berean,nire istorio bat entzuten duzunean egunen batean zuk kontatzea. Halere, zuk nahi duzun bezala kontatu behar duzu, eta ez du izan behar nik kontatu dizudanaren berdina.

Gainera, ahozko literaturan ez dira hainbeste azalpen eman behar. Entzuleari askatasuna eman behar zaio bere buruan nahi duen istorioa irudikatzeko. Oroitzen naiz Tartaloren istorioa kontatzen ari nintzen batean esan nuela: «Agian, nire biloba Martinek joan beharko du Tartalorekin hitz egitera». Haur bat jaiki zen orduan, eta zera esan zuen: «Ez, Martin ez, ni naizelako». Pozgarria da, pertsonaia bat irudikatzea ez ezik, jendeari pertsonaia bera dela sentiaraztea ere. Hori da ahozko literaturaren gauzarik politena.

Beraz, sentsazio batzuk ipuinaren bidez lor daitezke bakarrik?

Ez dakit ipuinaren bidez bakarrik, baina ipuinak sentsazio oso bereziak sor ditzake. Ipuin batek gai askori buruz hitz egiteko balio du: bizitzaz, heriotzaz, maitasunaz... Agian lehenago esperimentatu ez dituen gauzak esperimentatzen ditu jendeak. Ipuinak beti izan dira guztiontzat: haurrentzat eta helduentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.