ATZEKOZ AURRERA. Maria Rodriguez Suarez. Sexologoa

«Pornografiak maskulinitate hegemonikoa irudikatzen du»

Internetek guztiz aldatu ditu pornografia kontsumitzeko ohiturak. Nerabeek 12 urterekin ikusten dute lehen aldiz, eta harreman sexualen inguruko estereotipoak indartzen ditu horrek.

MARIA RODRIGUEZ SUAREZ.
iraia vieira gil
2023ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Duela bi urte idatzi zuen Maria Rodriguez Suarez sexologo eta Genero eta Aniztasunean doktoreak (Siero, Asturias, Espainia, 1986) Sexu iruditeriaren eraikuntza gazteen artean: pornografia eskola gisa gida, nerabezaroan pornografiaren kontsumo ohiturak nola aldatu diren azaltzeko, eta irakasleei eta familiei sexuaren gaia jorratzen laguntzeko.Behar bezalako hezkuntza sexuala eskaintzen saiatzen den Rizoma proiektuaren koordinatzailea da; sexu heziketako eskolak ematen ditu DBHn; eta baita hitzaldiak ere. Joan den astean eman zuen bat, Gasteizen.

Nola aldatu dira pornografiarenkontsumo ohiturak?

2000n pornografia kontsumitzen genuenean, aldizkariak eta VHSak erabiltzen genituen. Orain, 24 orduz eskuragarri dagoen eta doakoa den pornografia eskaintzen du Internetek. Horrek kontsumoa handitu du, eta ikusleen batez besteko adina murriztu. Save The Children-en arabera, 12 urterekin ikusten dute lehen aldiz pornografia mutilek, eta 12 urte eta erdirekin neskek.

Zerk eramaten ditu pornografia kontsumitzera?

Desinformazioak. Entretenitzeko, masturbatzeko, sexuaren inguruko kuriositatea asetzeko, eta bikotekideari plazera ematen ikasteko ikusten dute. Jasotzen duten informaziotik, baina, iruditeri okerra sortzen dute. Genitaletan, koitozentrismoan eta botere harremanetan oinarritutako eredua da. Estereotipoz beterik dago, eta preserbatiborik gabeko praktikak normalizatzen ditu.

Emakumeei kalte egiten die?

Sexista eta misoginoa da, bai. Maskulinitate hegemonikoa irudikatzen du: mutilak subjektu aktiboak dira, eta desira handia dute; neskak pasiboak eta otzanak dira, gizonen nahiak betetzeko objektuak. Zakilaren tamaina, erekzioa eta eiakulazioa dira garrantzitsu, eta sexua bortitza da. Emakumeen aurkako indarkeria erotizatzen du, eta horrek deserotasunak dakarzkie ikusi dutena egiten saiatzen direnean.

Zergatik?

Baiezkoaren mugak argi ez daudelako. Pornografiaren industrian, edozeinek nahi du sexua edozein momentutan. Aktoreek erabateko prestasuna dute, eta berehalakotasuna gailentzen da. Galdetzeko beharrik ez dagoela dirudi, baimenik behar ez dutela. Ez dago harreman sexualak izan aurreko akordiorik.

Aniztasuna al dago industrian?

Bai eta ez. Begirada maskulino, zuri eta heteronormatibo batek eraikitzen du mainstream pornografia. Gorputz eta identitate aniztasuna dago, baina gizonen nahiak asetzeko xedea du momentu oro. Lesbianek, esaterako, lesbianak izateari uzten diote pizzak banatzen dituen gizonak tinbrea jotzen duenean. Ez da adierazgarria; fetitxe eta objektu bihurtzen ditu.

Gazteen kontsumoa murriztu beharko litzateke?

Ondo legoke, bai, baina ez da bidea. Pornografiaren helburua ez da nerabeak heztea. Helduzentrismoa alde batera utzi beharko genuke, eta mitoak eta estereotipoak benetan baztertzen dituen sexu heziketa eskaini beharko genieke. Sexu heziketa feminista eta anitza; tratu onean, errespetuan, enpatian eta arduran oinarritutakoa.

Zein da egungo sexu heziketaren arazo nagusia?

Aurreko belaunaldiek ez dute inolako sexu heziketarik jaso, eta horrek tabu bihurtu du sexua. Beldur eta zalantza asko dago, eta DBHko ugalketa klase batera murrizten da maiz sexu heziketa. Ez da nahikoa. Estereotipoak amaitu nahi baldin baditugu, haur hezkuntzan eman beharko genituzke lehen klaseak.

Gizarteak hori onartuko luke?

Sexu heziketak harreman sexualekin zerikusi soila duela uste dugu: sexu heziketa txortan egitea da. Ez. Komunikazioarekin eta mugak jartzen jakitearekin lotura zuzena ere badu. Marrazki bizidunetako printze eta printzesek ere estereotipoak indartzen dituzte. Hori aldatu beharko genuke.

Nagusiek sexu heziketa jaso beharko lukete?

Bai. Familientzako eta irakasleentzako eskolak sortu beharko genituzke, nerabeei informazio egokia emateko gaitasunak eta erremintak lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.