ATZEKOZ AURRERA. Jaume Perez eta Juli Disla. Artistak

«Familia denak eraikitzen ari dira etengabe, bizitza osoan»

Adopzioak zorionekoak egin ditu Perez eta Disla, eta sentimendu hori helarazten dute 'La suerte' obran. «Saiatzen gara ikusleek ere bidea gurekin egin dezaten». Bilbon izango dira asteburuan.

Ezkerretik hasita, Juli Disla eta Jaume Perez, La suerte antzezlanaren une batean. MARIA CARDENAS.
amaia igartua aristondo
2023ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Hamabi urte. Adopzioa eskatu zutenetik haurra heldu zen arte, zortzi; eta adopzioa behin betikoa bihurtu arte, beste lau. Baina bere istorioa kontakizun bihurtzean, Jaume Perez eta Juli Disla artistek (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1976) arreta txikia eskaini diete nekeei. «Bikote homosexualez hitz egitean, edo aldarrikapenak egitean, badirudi diskurtso astunekoak izan behar dugula», Perezen esanetan. Kontrara, «alaia» da La suerte (Zortea). Bilboko Fundicion aretoan antzeztuko dute larunbatean eta igandean.

Antzezlanean, zenbait mezuproiektatzen dira. Esaterako: «Guraso homosexualen umeek probabilitate handiagoa dute homosexualak izateko». Adopzio prozesuan, halakoekin egin duzue topo?

JULI DISLA: Prozesuan, ez. Baina hizpidera ekarri nahi genituen, esaldi eta sasi-ikerketa horiek existitzen direlako. Antzezlanean, esaten dugu non topatu ditugun, eta berehala gezurtatzen ditugu.

Izan ere, antzezlanaren giroa positiboa da, oro har.

DISLA: Erabat. Antzezlana, eta gure esperientzia.

Izenburura eraman duzue baikortasun hori: zorionekoak ei zarete.

DISLA: Guretzat, elkar topo egin izana da zortea, eta gure familia eraikitzen jarraitzea. Familia ororena bezala, denak etengabe ari baitira eraikitzen, bizitza osoan. Zortearena askotan entzun izan dugu, hainbat tokitan.

JAUME PEREZ: Normalean, zorteaz mintzatzean, karitateaz ari dira: ea adopzioa arrakastatsua izan den, edo porrot bat... Baina kontua ez da hori: esperientzia bera da zortea.

Zoriak beldurra ere eragin ohi du, ezin baita jakin zer gertatuko den. Beldurra ere bizi izan duzue?

DISLA: Bai, baina beste familia batzuek bezala, erabakitzen dutenean haurrak izan edo ez, ez dakitenean lortuko duten, edo ideiaz aldatuko diren, edo ez duten jakingo ondo egiten...

Obraren oinarria elkarrizketa da? Bai zuen artekoa, baita ikusleekin duzuena ere.

PEREZ: Bai. Izan ere, jendeak asko galdetu izan digu nolakoa den prozesua eta gure aitatasuna, eta konturatu ginen ezjakintasun handia dagoela. Gertaera pertsonal batetik abiatuta, saiatzen gara ikusleek ere bidea gurekin egin dezaten. Hori da zailena: ez prozesua kontatzea, baizik eta biziaraztea.

Arteak nola moldatu du istorioa?

DISLA: Elementu eszenikoen bidez —argiak, musika, ikus-entzunezkoak...—, testigantza hutsa izateari utzi dio. Artifizioak interesgarri bihurtu du.

PEREZ: Antzerkia egitean, oro har, bilatzen dugu ikusleekin batera sortzea, topagune bat, presentziari bide ematen dion antzerki bat; horren denaren itzulpena egiten dugu kontakizunetan. Eta kontakizunari balioa eman nahi diogu: gertatutakoak azaltzeko moduak hauspoa ematen dio erresilientziari, zoriontasunari eta babesari.

Artifizioak baretu egiten du norbere bizitza helaraztearen lotsa?

DISLA: Laguntzen du. Oso argi genuen ez zuela izan behar pornografia emozionala.

Familia ez-hegemoniko baten parte izanik, saihetsezina da familia ereduez hausnartzea?

DISLA: Uste dut baietz, gizarteak egunero jartzen dizkizulako ereduak eta egoerak, zeinekin ez zaren batere identifikatzen. Egia da badaudela salbuespenak, bat-batean topatzen dituzu marrazki bizidun batzuk ez dutenak aurreikusten familiak eredu jakin batekoa izan behar duenik. Eta, gainera, beste aldagai bat dago, arraza artekotasuna [euren umea beltza da]. Zuriok uste dugu dena dela zuriona.

PEREZ: Bizi duzun arte, zaila da bestearen larruan jartzea.

Diozue ez duzuela mamitzen familia patriarkal tradizionala, baina ezta haren erabat aurkakoa ere.

PEREZ: Ezagutza prozesu bat da. Batzuetan, patroi batzuk errepikatzen ditugu: eraginkorrak dira, eta haiekin bat egiten dugu. Familia da lehen sozializazio eremua, eta batzuentzat zaintza leku bat izan da, eta eredu horietaz baliatzen dira norberaren familia sortzeko. Baina, bestalde, badakigu eredu horiek egokitu behar ditugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.