Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Iskander Sagarminaga. Igerilaria

«Ur hotzetan luzaro egoteko gaitasuna landu behar da»

Galdakarrak Mantxako kanala zeharkatu nahi du igerian hurrengo asteartean. Ingalaterratik Frantziarako ibilbideak 33 kilometro ditu, eta ura hamabost gradutan egon ohi da.
OSKAR MATXIN EDESA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Igone Urtaza -

2023ko uztailak 19

Senideek itsasoari errespetua eta beldurra dioten arren, Iskander Sagarminagarentzat (Galdakao, Bizkaia, 1983) bake leku bat da itsas zabala. Bake lekua eta erronka lekua. Hamahiru ordu inguru beharko ditu Mantxako kanala zeharkatzeko. Eider Eibar bikotekide eta ilustratzaileak lagunduko du bidaian.

Aurretik bi alditan saiatu da kanala zeharkatzen, baina ezin izan du igeri egin: 2020an Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak aireportua itxi zuen, COVID-19a zela eta; 2021ean ez zen ontzirik itsasoratu, eta Folkestoneko (Ingalaterra) portuan hiru aste eman ondoren, ez zuten erronka hasi ere egin.

Zerk egiten du Mantxako kanala berezi, hiru aldiz zeharkatu nahi izateko?

Mantxako kanala distantzia handiko igerilarien erronkarik esanguratsuena da. Ur irekietako erronkak hasi zirenean, Mantxako kanala zen probarik gogorrena. Hainbatentzat, gizakia ez zegoen prest erronka hori amaitzeko. Matthew Webb kapitain ingelesak kanala igerian zeharkatu zuenetik, ordea, igerilarien erronkarik gorena bilakatu da.

Nola prestatzen da gorputza eta burua halako exijentzia duen ibilbide baterako?

Batez ere, ur hotzetan denbora luzez egoteko gaitasuna landu behar da. Gorputza egokitzen eta lasai egoteko erritmoa mantentzen ikasi behar da. Zure erritmoa aurkitu behar duzu; oinez ibiltzen zarenean izaten duzun erritmoa izan beharko luke.

Horrez gain, aurkitu ditzakezun erronkei aurre egiteko prest egon behar duzu: marmokek heltzeko arriskua, itsaso txarra, haize bortitza... Oso lan psikologikoa da.

Lasterketetan parte hartu ahal izateko proba batzuk gainditu behar dira. Nolakoak dira?

Ibilbidea gauzatu baino lehen medikuarengana joan behar da ziurtagiri baten bila eta azterketa batzuk egitera, osasuntsu zaudela bermatzeko. Azken probarako, esate baterako, sei ordu egin behar izan nituen igerian, hamasei gradu baino hotzagoko uretan. Neoprenorik gabe, noski; erronkaren barruan dago.

Ibilbideak badu beste edozein baino gogorragoa den zati edo momenturen bat?

Mantxako kanalaren azken zatia oso gogorra da. Frantziako kostara iristen zarenean, barrualdera eramaten zaituen itsaslaster indartsu bat dago. Azkeneko kilometroan gogor eta indartsu eutsi behar diozu; bestela, ez zara iritsiko. Ametsen hilerria deitzen diote azken tarte horri. Helmuga ikusten duzu, baina ez zara iristen.

Eider Eibarrek zer-nolako garrantzia du horrelako erronka batean?

Eiderrek beti babesten nau. Horrelako ibilbide luze batean, ezinbestekoa da laguntzaileak izatea; bat edo bi, derrigorrez. Eiderrek, gaizki nagoela edota zerbait arraroa dagoela ikusiz gero, kanpora aterako nau. Iñaki eta Ricki ere nirekin datoz, nirekin batera egiten dute igeri Ur Irekiak Galea taldean. Badakite nola igeri egin, nora joan...

Eiderren ilustrazioekin, gainera, abenturaren berri emango dugu kokoak.eus webgunean.

Inoiz izan duzu ikararik igeri egiten ari zarela?

Behin, marrazo bat pasatu zitzaidan hamabost zentimetrora. Hasieran, pentsatu nuen manta arrain bat zela, baina atzetik buztana ikusi nuenean ohartu nintzen marrazo bat zela. 200-300 kiloko atunak ere ikusi ditut. Jotzen bazaituzte...

Zure ustez, zer egiten duzu hobekien? Eta okerren?

Ona naiz burua kontrolatzen. Beroa da, aldiz, gehien kostatzen zaidana. Ura beroa badago, pott egiten dut. Horrelakoetan, soka batekin botatzen didate ura; jan ere hala egiten dut. Behin, 27 graduko uretan egin nuen igeri Napoliko lasterketa batean. Egun hartan, zortzi litro ur edan nituen. Azkenean, kokoteraino amaitu, eta garagardo bat edan nuen.

Zertan pentsatzen duzu iraupen luzeko halako erronka batean?

Onena deskonexio eta meditazio puntu batera iristea da. Garbi ikus badaiteke, ingurunera begiratzen dut. Dortokak, koralak, manta arrainak ikusi izan ditut. Itsasoa zakarra dagoenean ere dibertigarria bilakatzen da.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Agnes Karrasch, Basqe Culinary Centerreko afarian, herenegun. ©BCC

Barrunbeetan kozinatzen dena

Enekoitz Telleria Sarriegi

Culinary Zinemako laugarren egunean eman dute 'She Chef' dokumentala. Agnes Karrasch bekadunak jatetxe izardunetan egindako ibilia kontatzen du. Berak eskaini du afaria BCCn.

 ©BERRIA

Bakarraren buru jana

Enekoitz Telleria Sarriegi

Jatetxe batzuk mugak ezartzen hasi dira otordua egitera bakarka doazenei. Kontrara, geroz eta gehiagok eskatzen dute otordua bakarka egitea. Tartean, jendaurrean jateari fobia diotenak ere badaude: 'solomangarefobia' dute.

 ©KANALDUDE

«Errezeta bera da, baina zapore berria eman nahi diot saioari»

Beñat Mujika Telleria

Sei urte eman zituen Crouspeyrek Euskal Irratietan, eta lehen esperientzia du telebistan, Kanaldudeko 'Harri Salda'-n. Adierazi duenez, bertako «kodeak eta moldeak» ezagutzen ari da.
Euskal bixkotxak erakusgai, aurreko ekitaldi batean, Kanbon. ©JOSEAN GIL-GARCIA

Bixkotxaren usaina

Enekoitz Telleria Sarriegi

Euskal bixkotxaren XX. jaia ospatuko dute gaur eta bihar Kanbon. Lehiaketak, tailerrak eta gastronomia ibilaldiak egingo dituzte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...