Sanferminak Iruñean. PERTSONA NORMALEN FESTA

Zuri beltzezko argazkien galderak

Joxerra Senar -

2019ko uztailak 12
Pamplonesaren inguruko orrialdea prestatzeak hainbat zertzelada eta anekdota bitxi ikasteko aukera eman dit. Badakizue, egunero ikasten da zerbait. Ehun urte bete ditu bandak, eta 1925eko edo 1930eko zuri-beltzeko argazkiei begira, halako sentzazio deskribaezin batek erasan dit. Beti gertatzen zait antzera argazki zaharrekin. Horietan azaltzen diren pertsona (ia) guztiak, gazte zein zahar, hilik daude. Haien kezka, alaitasun, bizipen eta gainerako guztiak berekin eraman ditu denborak.

Bestelako transzendentzia kontuetan sartu nahi izan gabe, galdera ugari egiten dizkigute argazkietako aurpegi horiek: nolakoak dira zuen sanferminak? Ehun urte ez dira alferrik igaro. Beste Iruñea bat zen hura. Erlijioak pisu handia zuen, eta horren isla dira oraindik ere egitarauan irauten duten ekitaldietako batzuk; baina, ziurrenik ere, horien izpiritua ere eraldatu da. Beste batzuk, berriz, frankismoak asmatu zituen, eta gaur milurte bat iraun duten ohituratzat hartzen dira. Orduko iruindar horiek harrituta begiratuko liokete gaur egun zuri-gorriz jantzitako oinordekoei. Interesgarria litzateke jakitea zerk harrituko lituzkeen gehien, eta zerekin sentituko liratekeen etxean bezala.

Galdera aurrerantz ere proiekta dezakegu. Hemendik ehun urte barruko iruindarrek nola ospatuko dituzte sanferminak? Egongo al da entzierrorik? Eta zezenketarik?Peñek iraungo al dute? Banderekin egongo al da gatazkarik? Gurtuko al da San Fermin? Nola jantziko dira iruindarrak? Orain bezain sonatuak izango al dira? Nolakoa izango da normaltasuna, eta nola begiratuko diete egun normaltzat hartzen ditugun kontuei?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna