ATZEKOZ AURRERA. Juan Luis Napal. Zinemagilea

«Gazteek badute informazioa, baina ez dakite kudeatzen»

Indarkeria matxistaren inguruan kontzientzia piztea ezinbestekoa dela dio Napalek, eta hezkuntzan lan egin behar dela horretarako, egun gazteen artean gertatzen direlako kasu asko.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Indarkeria matxista lantzen da Juan Luis Napal eta Virginia Senosiainek zuzendu duten Kabi biluziak dokumentalean. Joan den urtean estreinatu zuten lehenbizikoz, Nafarroan, eta, hainbat proiekzio egin ostean, Barton Films banatzaileen bidez beste estreinaldi bat izango dute ostiralean Bilbon. 2016ko sanferminetako talde bortxaketako kideak behin-behinean kaleratu ostean iritsi da estreinaldia, giroa bero dagoela.

Iruñeko talde erasotzaileak kaleratu ostean dator estreinaldia. Zein pisu dauka kasu honek?

Manada-ren kasua aipatzen dugu dokumentalean, eta Iruñeko Udaltzaingoko kide batek azaltzen du nola landu zuten gaia hasieratik. Segurtasun Zibileko zinegotziak ere lehen eskutik kontatzen du sanferminetarako sortutako protokoloaren berri. Iruditzen zaigu Iruñeko Udalak sekulako lana egin duela alor horretan, eredu bezala hartu baitute askok. Beste hiri batzuetako protokoloen oinarrian dago Iruñean landu zena, eta hori nabarmendu behar dela iruditzen zaigu.

Indarkeria matxistaren gaia landu duzue dokumentalean. Zer asmorekin?

Kontzientziatzeko. Hala ere, dokumental honekin beste pauso bat eman nahiko genuke. Hezkuntzan sartu nahiko genuke dokumentala, bertsio motzago batekin. Baina dokumentalean indarkeria asko erakusten da, Virginiak eta biok antzeztua, eta [Espainiako] Kultura Ministerioak hamasei urtetik gorakoentzako dokumentala dela esan digu. Pentsatzen ari gara bertsio leunago bat egitea, institutuetan emateko.

Zer da gomendagarriago, indarkeria erakustea ala leuntzea?

Niretzat, haur batek ikus dezakeen dokumental bat da hau, baina esaten digutenera egokitu behar dugu.

Zenbaterainoko indarkeria ikusten da, ba?

Agerikoa da, hori egia da. Baina esan behar da Virginiak berak halako indarkeria kasu bat jasan zuela, eta harentzat terapia moduko bat izan dela.

Barne kateak askatzeko dokumental bat izan da orduan?

Bai, eta, gainera, bihotzez egindakoa. Gidoi bat egin gabe hasi ginen —eta egia da denborarekin gidoia egin behar izan genuela—, baina hasieran bihotzez hasi ginen grabatzen, oso ongi jakin gabe zer egin behar genuen.

Helburua ostera etorri zela, alegia, hasieran terapia zegoelako.

Hala da. Dokumentalaren hari nagusia tratu txarrak eman dizkioten emakume baten testigantza da, eta horrekin kontzientziak astindu nahiko genituzke. Izan ere, gure asmoetako bat eragitea da, eta dokumentalean jende gehienak dio hezkuntzan dagoela irtenbidea. Hala da, baina, era berean, zalantzak sortzen zaizkigu.

Zergatik?

Eguneroko albisteetan agerian ikusten baitugu gero eta gazteagoak direla erasoak egiten dituzten mutilak. Hor akats bat dago. Informazioa badute gazteek, baina ez dakite kudeatzen. Bikotekideen kontrola, sare sozialen erabilera, arropa... Hor asko dago hobetzeko.

Justiziak ematen duen irudiak zenbateraino lagundu dezake?

Ez du askorako balio. Indarkeria jasan dutenek salaketa jarri behar dutela aldarrikatzen dugu, beharrezkoa delako pauso bat aurrera emateko. Egia da, hala ere, tratu txarrak salatu dituzten emakumeen %40k soilik irabazten dituztela epaiketak. Nik ez dut sinesten sistema honetan, erabat patriarkala delako, gizonek egiten dutelako. Hala ere, %60 horrentzat positiboa da salaketa jartzea, aurrerapauso bat ematen dutelako.

Gizartea gero eta mobilizatuago dago. Hori bada beste aurrerapauso bat...

Bai, eta nik uste dut, gainera, iraultza bat dagoela, emakumeak egiten ari diren iraultza bat dela. Oso positiboa da, emakumeen aldetik etorriko delako aldaketa. Gaur egun mundu osoan ari dira mugitzen emakumeak, eta, horien artean, gazte asko ateratzen dira elkarrekin mezu bakar bat emateko, eta hori oso positiboa da. Belaunaldi askotako emakumeek bat egin dute, eta hori baloratu beharra dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.