ATZEKOZ AURRERA. Diana Marin. Bioteknologiako doktoregaia

«Txertaketak sustatu nahi ditugu mahats landareetan»

Mahastietako landareak hobetzeko ikertzen du Marinek, eta haien propietate hidraulikoak aztertuko ditu Okzitanian. Beharrezkotzat jo du klima aldaketari egokitzeko neurriak hartzea.

NUP.
Iker Tubia.
Iruñea
2018ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Nafarroako Unibertsitate Publikoko bioteknologiako doktoretza programan ari da Diana Marin (Iruñea, 1990), eta Okzitaniara joanen da igandean, tesian lagungarri izanen duen ikerketa egitera. Make our world great again Frantziako gobernuak klimaren aldaketari buruzko ikerketak bultzatzeko sortutako egitasmoan hartu dute, eta hilabeteko egonaldia eginen du han.

Zer aurkituko duzu laborategian?

Landareetako erlazio hidraulikoekin lan egiten dute, batik bat fruta arbolekin eta baso zuhaitzekin. Mahastiekin ez dute deus egiten; beraz, nire landareak eramanen ditut.Haiek lantzen dutena ikastera noa batez ere, gero mahastizaintzan erabiltzeko. Batik bat idorteei aurre egiteko aztertzen dute haiek eroankortasun hidraulikoa.

Landare ezberdinak dira, baina.

Bai, ezberdinak dira, mahastietakoak txertatuak daudelako. Mahasti landarea amerikar txertaka bat da, orain dela ehun urte pasatxo mahats-zorri izurrite batek Europako mahasti guziak suntsitu zituelako.Lehen, mahastiek ehun urte irauten zuten, eta, orain, 10-20-30 urte asko jota. Jakin nahi dugu zergatik. Horretan ari naiz lanean.

AEBek klima aldaketari buruzko Parisko hitzarmenari muzin egin ondoren sortu zuen programa hau Frantziak. Zer iritzi duzu?

Uste dut jendea geroz eta kontzientziatuago dagoela klima aldaketarekin. AEBen irteerak ondorio garrantzitsuak ditu, eta Frantziak horrelako gauzak sustatzea oso ongi dago. Klima aldaketa ezin da ukatu, hemen dago, eta ez du balio soilik atmosferara berotegi gasak isurtzeari uzteak, han baitaude botatakoak. Nork bere esparruan klima aldaketara egokitzeko neurri txikiak bultzatzea beharrezkoa da.

Baita mahastien alorrean ere?

Hor, gure helburua da landareek gaitasun handiagoa izatea tenperatura handiagoko inguru batean eta muturreko fenomeno atmosferikoekin irauteko eta egokitzeko.

Beraz, klima aldaketak ardoari ere eragiten dio?

Gauza guziei. Mahatsa urrian heltzen zen lehen, goizez tenperatura beroak eta gauez freskoak daudelako. Oso ongi datorkio tenperatura aldaketa hori. Orain, abuztuan, bero handiagoa egiten duenez, agudoago heltzen da. Beraz, kalitate parametroak jaisten dira. Kalitatezko ardoei eragiten die, batik bat.

Ardo ekoizleak kezkaturik daude?

Bai. Horri aurre egiteko estrategia asko daude: ziklo luzeagoa duen landare mota bat aukeratzea, adibidez. Guk txertakak sustatu nahi ditugu, horrek vinifera-n eragiten duelako. Batzuek zikloa luzatzen dute, eta beste batzuek, moztu. Zikloa luzatuta, beranduago helduko da mahatsa, eta kalitate hobea izanen du.

Txertakak garatu gabe daude?

Hemen 1920tik ez da txertaka berririk atera. Mahats zorriena ikertu zenetik, txertaka berak erabiltzen dira, baina sektorearen beharrak aldatu egin dira: klima aldaketa, gaixotasun berriak...

Orain arte zergatik ez da egin?

Oso zaila delako: geneak hobetzeko programa bat da, urte asko behar dira...Vitis Navarrak hogei urte daramatza honekin, eta orain txertaka bat baimentzen saiatzen ari da, baina proba pila bat egin behar dituzte.

Zer beste kezka dituzte mahastizainek?

Vit landareen gaixotasunak, batez ere. Onddoek nekrosia sortzen dute, eta landareak urte gutxian hiltzen dira. Kasu honetan eroankortasun hidraulikoak badu zer ikustekorik, txertaketa puntuko konexioak gaizki eginez gero nekrositateak sortzen baitira landarean, eta horrek onddoak sortzea errazten du.

Zuen ikerketak luzera begirakoak dira?

Neurri hauek epe ertain-luzerako dira, bai. Batetik, txertakak sortzeko prozesua oso luzea delako. Bestalde, ongi legoke protokolo bat egotea haztegi batean landare bat erosterakoan konexioak neurtu eta landareen kalitatea azter dezaten. Neurketak baleude, landare hobeak sortu beharko lituzkete.

Proiektu honek zer eman dezake?

Garrantzitsuena laborategi horrekin lankidetza sortzea da. Frantzian ere mahasti asko daude, eta, haiek ikusten badute ikerketa lerro bat dagoela, sortu genezake sare bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.