ATZEKOZ AURRERA

«Iraultzaile», gortinen atzean

Balentziaga museoko bisitariek Getariako diseinatzailearen lana sakonago ezagutzeko aukera dute 'Cristobal Balenciaga. Moda eta Ondarea. Testuinguruak' erakusketarekin.

2020ko urtarrilaren 12ra arte egongo da ikusgai erakusketa Getariako museoan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Maialen Unanue Irureta.
Getaria
2019ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Zer polita!». Edo, «zoragarria!». Edo parean dutena zein ederra den adierazteko beste edozein hitz. Halaxe hasi du bidea emakume talde batek Getariako (Gipuzkoa) Balentziaga museoan, Cristobal Balenciaga. Moda eta Ondarea. Testuinguruak erakusketan. Sei aretoetatik lehenengoan daude. Gelatxo batera sartu dira: Balentziagaren biografia labur bat dago paretan, argazki zahar batzuk ondoan, eta soineko bat gelaren erdian. «Eztei bidaiara joan zen horrekin», gogoratu du Mertxe Aramendik; bere amonaz ari da. Urrutikoa, baina familiakoa zuen Balentziaga.

Erakusketa handia da: mila metro karratu hartzen ditu. Atzo inauguratu zuten: 80 jantzi inguru batu dituzte, gehienak aurretik ikusgai jarri gabeak, eta museoaren bilduma osoaren zati txiki bat baino ez da: guztira, 3.000 pieza inguru dituzte. «Etengabe» handitzen ari da, gordailuei eta dohaintzei esker: halaxe nabarmendu dute museoko arduradunek. Pozik dago Aramendia: «zoragarria» iruditu zaio. «Nik haren zapi bat daukat, baina nire izekok eta amonak soineko batzuk ekarri dituzte», azaldu du Aramendiak. Dohaintzen zerrendan ageri dira bien izenak: lehenak dira.

Erakusketak jantziak erakutsi baino gehiago egiten du: bisitariek Balentziagaren lan moldeak sakonago ezagutzeko moduan antolatu dituzte aretoak. Halaxe azaldu du Igor Uriak, museoko bilduma zuzendariak: «Gortinen atzeko iraultzailea deitzen zioten: bere lanak aurkeztean txalo zaparradak jaso arren, gortinen atzean gelditzen zen Balentziaga; horixe da helburuetako bat: bere presentzia ukiezina antzematea bisitariek».

Bisitaria, alegiazko bezero

Bigarren aretoan konturatzen da bisitaria horretaz: soinekoak daude, baina baita eremu berezi bat ere, Balentziagaren denda bateko saloi bat balitz bezala girotua. Bisitariak Balentziagaren bezero bihurtzen dira han: gortina erraldoi bat dago, eta, horren atzean, haren zenbait diseinutatik abiatuta egindako arropak daude. Hantxe dago Lourdes Rezabal museoko gida hezitzailea, bisitariei laguntzeko. «Hemen dauzkagu saltzaileen uniformeak, beltzak. Oso gertuko tratua ematen zieten bezeroei: haien bizitzak ikasten zituzten, haien gustuak, izaera... Esperientzia oso pertsonala bihurtzen zuten salmenta».

Saltzaileek egiten zituzten fitxa pare bat daude horren erakusgarri. «Jantzien diseinuak dira, beren oihal pusketa eta guzti; baina, horrez gain, saltzaileak bestelako informazioa gehitzen zuen: kapelaren bat jantziko ote zuen bezeroak, lepokoren bat... Horrek erakusten digu ez zirela jantzietara mugatzen: bezeroekiko tratu pertsonala bukaeraraino mantentzen zuten».

Balentziagaren lanak kronologikoki ordenatu dituzte, haren lanen garapena erakusteko. Bigarren aretoan garbi ikusten da hori. «Bere oinarria beti bera zen: geometria hark egindako patroi guztietan zegoen, adibidez. Garbi ikusten da bilakaera bat haren lanetan, baina hasieratik izandako oinarri haiek galdu gabe», azaldu du Rezabalek. Judith Clarke erakusketaren komisarioa bat dator Rezabalekin: bigarren aldia da Balentziaga museoarekin lan egiten duena, eta zenbat ikasi duen nabarmendu du. «Zenbat eta gehiago aztertu, agerikoago egiten dira ñabardurak, bere lan moldearen ukituak».

Balentziagaren garaian,XX. mende erdialdean, jantziek zurrundu egiten zituzten emakumeak, eta Balentziagak «askatu» egin zituen, gerrialde lasaiagoekin, Rezabalen esanetan. Halaxe egin zuen 1955 inguruko tunika estiloko soinekoekin, esaterako: gerria pixka bat estutzeari utzi eta nola lasaitu zuen ikus daiteke hiru piezaren bidez. Halakoxeak dira bisitariek probatzeko jarri dituzten piezak ere, zabalak.

Kontserbazio gunea ere badu erakusketak. Museoaren lan garrantzitsuenetako bat horixe baita: Balentziagaren ondarea kontserbatzea. Askotan izendatu izan dituzte haren lanak artelan gisa, eta, horrenbestez, gorde beharreko ondare gisa. Ikusgai ez dauden pieza guztiak zaintzapean daude. «Material oso delikatuak dira, eta dozenaka urte dituzte batzuek: ikusgai dauden bitartean, manikietan zutik jarrita, marruskadura jasaten dute puntadek», azaldu du Rezabalek. Ikusgai diren 80 pieza horiek urtarrilaren 12ra arte ikusi ahal izango dira; beste batzuk jarri beharko dituzte gero, oraingoak zaintzapean jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.