ATZEKOZ AURRERA. Iosu Zapata. Sortzailea

«Txabolismoa desobedientzia zibil gisa ikus daiteke»

Irrati ibiltari batekin herriz herri dabil Iosu Zapata, Eguesibarren, uztaila amaitu arte. Irrintzi proiektuak hiria eta herria harremanetan jarri nahi ditu, naturaren balioak erdigunean jarriz.

Iosu Zapata, aurrean, eta Xabier Apestegi, zutik, irrati ibiltariaren gainean Sarrigurenen, asteazkenean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iruñea
2019ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Hiriaren eta naturaren arteko erlazioa, periferiak, esparru abandonatuak... Denak dira Iosu Zapata sortzailearen (Iruñea, 1981) lanen gaiak. Uztaila amaitu arte, Irrintzi proiektuan dago murgildua. Eguesibarren, (Nafarroa) herriz herri mugitzen da egunero, irrati ibiltari batekin, Xabier Apestegi DJarekin batera, zuzeneko irratsaioak egiten. Iruñeko Sanduzelai auzoan jaio zen, eta hurbil izan ditu beti gizartean baztertuak egon diren kolektiboak, ijitoak batez ere.

Nondik artera zen irrati ibiltariaren ideia?

Eguesibar udalerriak badu zerbait berezia: Sarrigurenen moduko hiri esparruak ditu, baina baita herrietako zonak ere, Ibiriku edo Egues kasu. Bi guneak lotu nahi nituen. Konturatu nintzen irratia zela zuzeneko batean basoko zerbait hirira eramateko bidea, edo alderantziz, eta ibiltaria izan behar zuela herri guztiak konektatzeko.

Zergatik Irrintzi izena?

Lehen esaten zen irrintziak mendi batetik bestera komunikatzeko modua zirela. Halako zerbait egiten dugu guk ere, leku batean egin eta beste batera iristen den zerbait sortzen ariko bagina bezala. Komunikazio ikurra da guretzat irrintzia.

Diziplina artistiko asko landu dituzu. Zergatik zeharkakotasun hau?

10 urte nituenean hasi nintzen pinturarekin, estudio batean, baina gaztetan musikan ere sartu nintzen. Unibertsitatean, diseinu grafikoa ikasi bitartean, paraleloki musika ere landu nuen; elkar elikatzen diren bi mundu izan dira niretzako musika eta arlo plastikoak.

Zer erlazio izan du musika ikasteak gerora soinuak uztartzearekin?

Uste dut nire lan guztiak izan duela interesa soinuarekiko. Erritmoa garrantzitsua da. Pintura bat egitea, adibidez, bi orduko zerbait izan daiteke, edo egunero hiru ordu eskaintzen diozun zerbait. Erritmoaren indarraz konturatzen bazara, emaitza erabat aldatzen da.

Mexikon, Txabola nomada proiektua landu zenuen hiru urtez, galeria ibiltari bat. Zer da?

Nire lanean arkitektura prekarioen ideia garatu nuen. Henry Thoreau XIX. mendeko estatubatuarra desobedientzia zibilaz idatzi zuen lehenetarikoa da; hark Walden lakuan txabola bat eraiki zuen, protesta moduan, desobedientzia zibila balitz bezala. Haren irakurketak ezagutzean, azkar ekarri nituen gogora ijitoak. Beti estigmatizatu egin dugu kolektiboa, baina, Thoreauk egin bezala, txabolismoa desobedientzia zibil gisa ikus daiteke.

Hortik dator arkitektura prekarioak garatzearena?

Bai; horren harira, autoeraikuntza duindu nahi izan nuen. Iruñean hasi nintzen lehen txabolak egiten, baina horiei erabilgarritasun bat ematea pentsatu nuen: arkitektura prekarioa ere arte galeria bat izan daiteke. Horrela, orga gaineko txabola bat sortu nuen; Mexikoko hiriburuan zehar nindoan, hirian bizi ziren hainbat artistaren erakusketak barnean hartuz.

Naturak garrantzi handia du zure lanetan. Zergatik?

Esparru abandonatuetan, azkar hasten dira lehen landareak hazten. Giller Clement paisajista frantziarrak horri «hirugarren paisaia» deitzen zion. Belar txar gisa hartzen dira, baina edozein testuingurutara egokitzeko ahalmena dute benetan, orokorrean prekaritatean edo estigmatizatuak bizi diren kulturak bezala, ijitoak kasu. Landareen antzera, prekaritatean bizi diren pertsonak ezagutzen dituzunean, benetan haiek duten adoreaz jabetzen zara; kontsumismotik at bizirik irauteko ahalmen izugarria dute.

Ibiltari kontzeptua ezberdina da Euskal Herrian edo Mexikon?

Erabat. Hemen, ibiltari izatera joka dezakegu, baina, Mexikon, benetan jende asko bizi da horrela; adibidez, kaleko janarien postu ibiltarien bidez. Mexiko ibiltaria da berez.

Zer balio ditu naturak?

Bizi garen gizarteak ematen dizkionak baino gehiago. Gure sistemak ez ditu naturaren berezko balioak kontuan hartzen, eta natura bere zerbitzura jartzen du; alderantziz izan beharko luke.

Zer dira periferiak zuretzat?

Gure gizartearen aniztasuna gehiago islatzen duten guneak, hirietako erdialdeak ez bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.