ATZEKOZ AURRERA. Miren Mindegia eta Jesus Iriarte. 'Arantzazu harriz herri' dokumentaleko egileak

«Arantzazuko santutegian punk hutsak izan ziren»

Nabarraldek Euskal Herriko memoria lekuak «berreskuratzeko» lanean beste ale bat jarri du Arantzazuri buruzko dokumentalarekin.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Altzuza
2019ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Hamalau dira Arantzazuko basilikan ageri diren apostoluak. Jorge Oteizaren eskultura haiek hamabost urtez izan zituzten bide bazterrean, duela 50 urte paratzeko baimena lortu zuten arte. Urteurrena dela eta, dokumental bat egin du Nabarraldek: Arantzazu, harriz herri. Gaur estreinatuko dute, 19:30ean, Hernaniko Orona Ideoko auditoriumean (Gipuzkoa). Urriaren 2an Donostiako Okendon emanen dute, eta abenduaren 6an, Durangoko Azokan. Miren Mindegia (Elizondo, Nafarroa, 1985) gidoigilea da eta Jesus Iriarte (Iruñea,1981), errealizadorea.

Zer arrazoi izan duzue gazteluak alde batera utzi eta santutegi bati heltzeko?

MIREN MINDEGIA: Egia da Nabarralden anitz landu dugula gazteluen gaia, baina egia da azken urteetan erabaki dugula nolabait Euskal Herriko memoria leku diren toki guzi horien inguruan hitz egitea. Tartean badira gazteluak, baina badira bertze hainbat leku ere.

Zer esanahi dauka Arantzazuk gaur egundik begiratuta ?

M.M.: Arantzazun zenbait gai uztartzen dira. Gipuzkoako santutegi nagusia da, baina gogoratu behar da bertan garai batean uztartu zirela arte garaikidearen aldeko apustua, oso berritzailea izan zena, eta euskararekin eta euskal kulturarekin izan zuten konpromisoa. Frankismoan zen; beraz, apustu arriskatua izan zen. Bertan egin ziren Euskaltzaindiaren bilera esanguratsu batzuk, Jakin aldizkaria bertan hasi zen argitaratzen... Horrez gainera, bertan egin zuten obra erreferentziazko hori, arte erlijioso guzian—eta artean orokorrean— pauso bat emanez. Nahiko erradikalak izan ziren bertako fraide frantziskotarrak.

Zer garrantzi du santutegiak gaur egun?

M.M.: Gaur egun pisu turistiko handia du, baina memoria leku bezala pisu nabarmena duela uste dugu. Historia ezaguna da, baina ez horrenbertze aipatutako gauza guzi horiek. Biltzen dituen gauza guzi horiek elkarrekin kontatzea, eta jendeari erakustea, gogoratzeko, garrantzitsua da, hemen gertatu ziren hainbat gauza gure herriarentzat oso garrantzitsuak izan baitziren momentu batean.

Apostoluek azkenean beren tokia hartu zuten duela 50 urte. Hori da abiapuntua?

M.M.: Gai nagusietako bat da. Arantzazun 1950ean erabaki zen basilika berritzea, eta proiektu berritzaileena aukeratu zuten. Proiektu horrek elizaren bertzelako planteamendu bat ekarri zuen, oso iraultzailea. Aldi berean, erabaki zen arkitekturarekin batera bertze arte diziplinak uztartzea. Oteizaren planteamendua oso erradikala zen, eta Elizarekiko arazoak ekarri zituen. Prozesu luze eta latza izan zen.

Nola bizi izan zuten frantziskotarrek?

M.M.: Basilikan apustu argia egin zuten, eta haien erabakia azkenera arte mantendu zuten. Oso fidelak izan ziren proiektuarekin, bazekitelako proiektu horretan herria identifikaturik sentitzen zela. Basilika guztiz bateratu nahi zuten inguruarekin eta naturarekin.

JESUS IRIARTE: Erakutsi nahi izan dugu frantziskotar horiek oso urratzaileak zirela, eta lotura zutela artearekin eta kulturarekin. Arte mota horren alde egitea pentsaezina zen garai hartan. Ez da errealista,espresionista baizik. Elizaren irudi kontserbadore horren ondoan, haiek punk hutsak izan ziren. Hori izan zen haien meritua.

Inguru ederrean dago santutegia. Lagungarri izan al da hori dokumentaleko irudiak hartzeko-eta?

J.I.: Drone batekin irudi ederrak hartu ditugu, eta, jakina, apostoluak goitik behera eta ezker-eskuin grabatu ditugu. Oteizak denbora asko eman zuen harkaitzei begira, inspirazio bila. Apostoluen formek, hutsuneek-eta badute lotura inguruarekin. Apostoluak paisaiaren parte dira; paisaiak, beraz, garrantzi handia du.

Aukera izanen da dokumentala eskuratzeko?

M.M.: Emanaldiak eginen ditugu ahalik eta leku gehienetan. Ondoren, USB formatuan banatuko da, jendearengana iristeko formatu egokienetako bat delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.