ATZEKOZ AURRERA. Ane Labaka. Gidoilaria

«Hitzetatik ekintzetara pasatu gara komikian»

'Tripontzia: burujabetzara bidean' komiki digitala sortu du Gure Eskuk. Ane Labakak eta Nerea Ibarzabalek idatzi dituzte testuak, eta Unai Gaztelumendik egin ditu marrazkiak.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2019ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Txakur Gorria kolektiboko kidea da Ane Labaka (Lasarte, Gipuzkoa, 1992), eta Gure Eskuk abiatutako Tripontzia komiki digitala idatzi du Nerea Ibarzabalekin batera. Protagonista ezberdinak dituzten zazpi istoriok osatzen dute komikia, eta burujabetzaren norabidea eguneroko erabaki txikietan hartzen dela irudikatzen du lanak.

Erabaki txikiek sortzen dituzte aldaketa handiak?

Bai. Gure Eskukoek proiektua aurkeztu zigutenean, burujabetzara bidean landu nahi zituzten zehar lerro desberdinetako bakoitzari istorio bat eskaintzea proposatu ziguten. Burujabetza bera oso hitz potoloa da. Beraz, hori egunerokotasuneko erabaki txikietara ekartzen saiatu gara. Egunerokotasunean hartu daitezkeen erabaki eta ekintza txikietan jarri dugu fokua edo lupa, beti aipatzen ditugun hitz handi eta potoloetan jarri beharrean.

Istorioetan, egunerokotasunetik landu duzue burujabetzaren bidea. Norbanakoen eguneroko iraultza txikiak garrantzitsuak dira?

Bai, eta hori islatzen saiatu gara. Istorioetako protagonistak gu izan gintezke, edo gure inguruko edonor. Helburu handi horiek egunerokotasunean non ikus daitezkeen lantzen saiatu gara. Norbanako ezberdinak agertzen dira, eta haien erabakietan ikusten ditugu lor daitezkeen asmo handiagoak. Gauza abstraktuak kontatu beharrean, gure inguruan isla zitezkeen zehar lerroak ikusi, eta horiek kontatzen saiatu gara.

Istorio bakoitzak protagonista bat du ardatz. Nolakoak dira?

Denetik dago, gaiaren araberakoa da. Zazpi zehar lerro proposatu zizkiguten: diaspora, hezkuntza, aniztasuna, euskara, natura edo ekologia, feminismoa eta kooperatibismoa. Gai horiek ondo islatuko dituzten protagonistak aukeratu eta sortu ditugu. Aniztasuna bilatu dugu, eta ahalik eta aberatsena izan dadin saiatu gara. Adin eta genero ezberdinetako pertsonaiak irudikatu ditugu, nahiz eta gehienak emakumezkoak diren. Nahita hartutako erabakia izan da. Emakumezkoen figura irudikatu eta ikusgarri egin nahi genuen. Oraindik, espazio askotan gizonak daude erdigunean, eta emakumeak azaleratzea izan da asmoa. Hainbat herrialde aipatzen ere saiatu gara, eta munduko hainbat txokotako euskaldunei buruz jardun dugu. Diasporaren kasuan, esaterako, Argentinan bizi den emakume bat da protagonista. Lotura handia sentitzen du Euskal Herriarekiko, eta, oraindik eta gertuago egoteko, erabaki batzuk hartzen ditu.

Jarrera aktiboa dute komunean denek. Herritarrei mezu bat bidaltzea da asmoa?

Bai. Ikusarazi nahi izan dugu askotan denbora galtzen dugula hitz potoloei buruz hitz egiten. Hitzetatik eguneroko ekintzetara pasatu gara komikian. Denek dute jarrera aktiboa, ekintza txikiak egiten dituzte, eta hori da mezua. Fokua egunerokotasunean jartzea da asmoa, eta jendeari pentsaraztea ea zer egin dezakeen horren alde. Gainera, istorio guztiek amaiera bera dute: erabaki txikiek egiten dituzte posible aldaketa handiak. Mezu hori indartu nahi genuen.

Hontza da istorio guztien lekuko. Zer irudikatzen du?

Nereak eta biok Unai Gaztelumendi ilustratzailearekin egin dugu lan, eta bera arduratu da gure testuei komiki forma emateaz. Tripontziari itxura bat ematea izan da Unairen lana. Nolabait, Tripontzia izan da guk kontatutako erabaki txiki guztien lekuko. Istorio guztietan agertzen da, nahiz eta ez duen parte hartzen. Behatzaile jarrera du, eta bera da, nolabait, istorio eta erabaki txiki horiek guztiak bildu dituena.

Zortzigarren istorioari dei egiten zaio; irakurlearenari. Zein da horren helburua?

Zazpi istorioetan jarrera aktiboa duten pertsonaiak agertzen diren bezala, azkenekoak ere irakurlearengan jarrera aktibo hori bilatzen du. Irakurlea interpelatu nahi da, eta gogoeta egitera bultzatu. Agian, jarrera pasibo batean irakurri ditzake testu guztiak, baina gonbidapen bat da hark ere jarrera aktibo hori hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.