Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Mirtha Salamanca eta Victor Manuel Vargas Filgueira. Selk'nam eta Yagan populuetako ordezkariak

«Orduko zeremoniak oraingo eskolak ziren»

Europara etorri dira, europarren arbasoek 'gogaitu' zituztenetik zertan diren kontatzera: «Hilzorian».
Jose Gonzalez Calderon, Lauriane Lemasson, Victor Vargas Filgueira eta Myrtha Salamanca.
Jose Gonzalez Calderon, Lauriane Lemasson, Victor Vargas Filgueira eta Myrtha Salamanca. FRANÇOIS BERLAND Tamaina handiagoan ikusi

Ainize Madariaga -

2019ko urriak 22 - Baiona

Haizebegi musikaren munduak festibala kari gomitatu dituzte Victor Gabriel Vargas Filgueira eta Jose German Gonzalez Calderon yagan populukoak; eta Myrtha Salamanga Selk'nam populukoa, Argentina eta Txileko Suaren Lurraldetik, Lauriane Lemasson antropologoaren bidez, zeinak tesiaren gaia, preseski, bi populuen memoria baitu. Beraien lekukotasuna garraiatu dute, populu horiek jasandako genozidioa odolean daramate, baina bizirik daudela aldarrikatzen dute, biziaren alde borrokatzen dira.

Zertara etorri zarete?

MYRTHA SALAMANCA: Selk'nam populuko jatorrizko gisa etorri naiz gure egia kontatzera.

VICTOR GABRIEL VARGAS: Konkista bat izan delarik, badelako beti menperatua eta menperatzailea. Eta kultura batek desagertu beharra du bertzearen supremaziarekin. Eta horixe egin dute; Argentinako leku askotan islatua dago kolonoaren eta konkistatzailearen pasaia: estatuetan, beirateetan... Alta, denboraren pasearekin ohartzen zara gauzak ez direla horrela.

Zer ekarri duzue hona?

M.S.: Lola izena eman zion zuriak, baina egiazki Kiepja zuen. Amama kendu egin didate, haren memoria. Ez zen bizi erraza izan emakumeentzat. Haren kantuak xamanikoak ziren, sendatzeko balio zuten. Eta antropologoek edatera eman zioten kanta zezan, eta oraingo egunean musika ere ematen diote. Baina kantu horiek bazuten beraien funtzioa. Eta hori oso barnetik daramat. Funtsean, nire herriko emazteek bizi izandakoa da: bakardadea, bortxaketak, misio salestarrera eramandako seme-alabengandik bereizketak, eta gizonen hilketak.

V.G.V.: Badugu soroa hiritik kanpo, zalapartatik urrun. Eta geure buruari galdetzen diogu ea gure aitatxi-amamek nahi ote zuten 2x2 metroko etxetxorik? Nahi ote zuten sedentarioa izan? Jakinez herri nomada zela eta enbor-azalezko kanoetan nabigatzen zutela. Historia ez da ehiztari indigenena. Edo lanaren truke gure jendeari ematen ez zitzaien saria. Bada nagusitasun gaitza. Erabakitzeko botere horrek gu baztertzen segitzen gaitu.

Bortxak zizelkaturiko herriak zarete.

V.G.V.: [Jose de] San Martinek Andeak gurutzatu omen zituen, eta indioekin, mulatoekin eta gautxoekin —Argentinako gautxoa ere bazterkina izan zen—, idatzia utzi zuenez. Haiekin zeharkatu zuen, ez baitzuten erabakitzeko botererik: «Bazatozte, edo bazatozte». Eta kontatzen du Buenos Airesko aberatsek hiru zerbitzari ematen zizkiotela beraien haurrak harekin joan ez zitezen.

M.S.: Amak beti uste izan zuen ez zuela amarik, harik eta 1979an agertu zen arte. Orduan kolpeak, arropa pozoituaren banaketa kontatu zizkigun, haurrei banatzen zitzaizkien goxoki pozoituak... Behin baino gehiagotan eskapatu zen herrietatik hamaika kilometrora zegoen misiotik, baina Poliziak harrapatzen zuen bakoitzean zafratzen zuen. Esklabotza modu bat zen. Bizkarra sahats adarrez jotzen zioten, odoletan uzteraino.

Amamaren bizkar.

M.S.: Horregatik, amamaren argazkia denetan ikusten dudalarik, musika modernoarekin... errespetua eskatzen dut. Eta inork baldin badu dudarik, etor dadila baimena eskatzera, ez dezala liburutik har; galde diezagula. Egia ez da asmatzen. Baina borrokatzen gara bizirik garela errateko; gure amama ez zen azkena: hor gaude gu.

Indigenaren kosmobisioa aipatu duzu?

V.G.V.: Farmaziako medikamentuetan indigenok ez ditugu kutxak ikusten, baizik eta zein landaretatik atera diren. Landareotatik kutxetara iristeko bide bihurria eginarazten dizute, eta hori da kapitalismoa. Eta zein da Argentinaren eta Txileren etsairik handiena? Indigena; indigenak nahi duelako zuzen joan, bide bihurririk gabe.

Kosmobisio horretan, gizakiok badugu arima bat, eta hura badoalarik, gorpuak lurperatzen genituen saiengandik babesteko... Zientziak dio: «Mitologia!». Ez, ordea: gizakiak ziren, eta orduko zeremonia horiek oraingo eskola eta hezkuntza ziren.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai ©Gorka Ruio / Foku

Martiarena eta Torregarai ‘Harpa jotzen’ ibiliko dira podcast batean

Urtzi Urkizu

EITBk astelehenean estreinatuko du umorezko podcasta. Zortzi atal izango dira, eta bakoitzean gonbidatu batekin gai zehatz baten inguruan mintzatuko dira.

 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Surfaren klixeak desegitea oso zaila da»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Lopez de Gereñuk bere pasioetako bi uztartu ditu aurreneko aldiz: artea eta surfa. 'Surf Like You Are, Live Like You Surf' erakusketa jarri du Bilboko Itsasmuseumen. Erretratuak paperezko poltsetan egiten ditu.
Aleix Garrido dronearekin grabatzen. ©ALEIX GARRIDO

Hegan egitearen antzekoena?

Unai Etxenausia

Oraindik ere gerretan erabiltzen dira, baina oso bestelakoa da jende askok droneari ematen dion erabilera. Aisialdirako jarduera bat izateaz gain, eguneroko lanaren parte bihurtu da askorentzat. Legedia zorroztu da, eta baimen bereziak eskuratu behar dira arazo barik gidatu ahal izateko.

Toni Collette aktorea, <em>The Power</em> telesailaren irudi batean. Sari nagusia irabazteko hautagaietako bat da Lillen. ©AMAZON

Series Mania jaialdiko edukiak Iparraldean ikusgai, sarean

Urtzi Urkizu

Lillera joan gabe, lehian diren telesailak ikusi ahalko dira plataforma batean. Martxoaren 17tik 24ra egingo dute nazioarteko jaialdia

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Ainize Madariaga

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.