Noiz sortua: 2020-02-14 00:30:00

ATZEKOZ AURRERA. Ander Berrojalbiz. Musikaria eta historialaria

«Bateratzeko tresna gisa sortu zen inkisizioa»

Suak piztu saminen garrasiak entzuten ditu oraindik Berrojalbizek. Euskal Herriko sorginkeria auzien agiririk zaharrena atzeman berri du.
ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainize Madariaga -

2020ko otsailak 14
Garai ilunari argia ekarri nahi dio Ander Berrojalbizek (Durango, Bizkaia, 1983). Musikan nola, historiaren lerro artekoa ezagutarazten du. Garrüzeko (Nafarroa Beherea) 1370. urteko sorginkeria auziaren agiria errauts artetik atera, eta inkisizioaren atzaparrez mintzatu da bart, Donapaleun (Nafarroa Beherea), Zabalik elkarteak antolatu, otsail ostegunen karietara.

Harritzeko da: Maria Perez de Ibarra inkisizioak Durangon hil zuen alargunaren ondorengoa zara.

Los herejes de Amboto liburuan (Pamiela, 2016) inkisizioaren zerrenda bat agertu nuen, baina ez nuke esango ondorengoa naizenik, ezin baita frogatu, ez baitago iristerik XV. mendera arte. Alargunak Berroja abizena zuen, zeina XVII. mendean Albiz deiturarekin batu baitzen. Durangon oraindik abizen berak dituzte askok.

Heretikoa, heresia, ber gauza dea?

Bai. Grezieratik dator: aukeratzen duena adierazten du. Hortik latinera pasatu zen, eta kutsu erlijioso eta negatiboa hartu zuen: ortodoxiatik irteten dena. Erlijioa boterea delako. Funtsean, heretikoa da erlijioa beste modu batean ulertzen duena.

XIV. mendeko sorginkeria auzietatik XVII. mendeko inkisiziora nolakoa izan da bilakaera?

Inkisizioa Erdi Aroan sortu zen epaiketa era bat da, zeinean akusatzailerik ez baitzen behar. Ordura arte, akusatzaileak, akusatuak eta epaileak egon behar zuten. Eliza izan zen heretikoak azaltzeko tresna: fedearen aurkako edozer akusatzeko. Hasierakoak puntualak ziren. Geroago, ordea, 1480. urte inguruan, Gaztelako eta Aragoiko Errege-Erregina Katolikoek aita santuaren baimen iraunkorra lortu zuten epaiketa horiek egiteko, zeina XIX. mendera arte luzatu baitzen. Europako beste herrialdeetan, historia desberdina da, han ere egon zen inkisizioa, baina ez Espainiakoa bezain luzea.

Inkisizioak zer zuen zinez nahi?

Kontrol sozialerako tresna bat zen. Berez, juduen aurka sortu zen. Horiek katolizismora konbertitu eta boterea lortu ahala, orduan konbertituen aurkakoa ere izan zen. Funtsean, boterea kontrolatzeko eta dirua lortzeko baliatua izan zen.

Nafarroako Erresumaren okupaziorako ere baliatu zuten?

Tresna politiko indartsua ere izan da. Isabel II.a eta Fernando Katolikoa ezkonduak baziren ere, bakoitzaren erresumek beren legeak zituzten. Inkisizioak, ordea, jurisdikzio beraren pean sartzen zituen: Gaztela, Aragoi, eta, geroago, Nafarroa ere bai. Haiek bateratzerako sortutako instituzio bat izan zen inkisizioa; hirurak kontrolpean edukitzeko.

Zuk duzu ediren Iharreko Pes de Goiti eta Condessa de Beheitiren kontrako sorginkeria epaiketa, Garrüzekoa, 1370. urtekoa.

Euskal Herrian gorde den zaharrena da; sorginkeriaren historia birpentsatzera garamatza. Garrantzitsua da dokumentua; datuez harago, edukia baitu, eta akelarrea lehen aldiz agertzen baita, okzitanieraz: boquelane. Gainera, Nafarroako Erresumako kontu kaieretako gastuei esker —egurra, borreroaren soldata, kateak...—, aurkitu dut Nafarroa Beherean gutxienez hamabost emakume erre zituztela. Alta, ez dakigu erritmoak jarraitu ote zuen, gainerako kaierak galdu egin baitira.

Leiho hormatua eman diozu izenburua barda eman zenuen hitzaldiari. Alta, inkisizioari sua dario.

Pes eta Condessa zigortu eta torturatu egin zituzten Garrüzeko gazteluan. Leiho hormatua da eraikinak Erdi Arotik gordetzen duen ezaugarririk nabarmenena. Ezin da zabaldu ikusteko: interpretatu egin behar da.

Erre zituztena?

Ez dakigu. Iloba hiltzeagatik urkatu behar zuten batek Pes eta Condessa salatu zituen. Zioen sorginkerian hazi zutela, hiruren artean haur sortu berria kalitu zutela, eta horretarako Condessak txakur itxura hartu zuela atepetik pasatzeko. Sententziak dio Orkoienen [Nafarroa] burdin goria eskuetan hartu eta hiru urrats ibili beharra zutela. Hiru egunean buruko markarik balitz, erre egingo zituzten; bestela, libre. Ez zen ezinezkoa libratzea. Horregatik, Amikuzeko Jaunaren ordezkariek eskatu zuten zigor gogorragoa jar ziezaietela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna