TXAPELA BURUAN. Josu Kintana. Herrialde Katalanetan bizi den bilbotarra

«Gure bidea egitea lortu dugu, eta oso harro gaude»

Bartzelonara ikastera joan zen Kintana, duela zazpi urte. Orain, Sabadellen bizi da, eta fisioterapia enpresa propioa sortu du lagun batekin.

BERRIA.
Peru Azpillaga Diez.
2020ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Etxera bueltatu beharrean, «arriskatu», eta, ikasketak amaitutakoan, Bartzelonan geratzeko hautua egin zuen Josu Kintanak (Bilbo, 1996). Erroak bota ditu Herrialde Katalanetan, eta, noizbait Euskal Herrira itzultzeko ideia izan arren, oriangoz ez dauka bertatik mugitzeko intentziorik. Fisionum deituriko fisioterapia enpresa txikia sortu du lagun batekin, eta «oso pozik» dago orain arte egindako ibilbideaz.

Zazpi urte daramatzazu Herrialde Katalanetan. Nola hasi zen dena?

2014an etorri nintzen Bartzelonara fisioterapia ikasketak egitera. Hasieran, lau urteko proiektu bat zen: ikasketak egin eta gero ikusiko nuen zer egin; baina lehenbiziko ideia etxera bueltatzea zen.

Baina geratzea erabaki zenuen.

Bai. Lau urte horietan oso harreman sendoak osatu nituen hemen, eta ikasketak amaitzean, gainera, lana aurkitzea lortu nuen. Azkenean, ni 18 urterekin heldu nintzen hona, eta hemen garatu naiz pertsona modura. Nik ez dut hau esperientzia bat bezala bizi izan; bizitzan hartutako bide bat izan da niretzat eta, oraingoz, hemen geratzea erabaki dut.

Zure fisioterapia proiektu propioa ere jarri duzu martxan, ezta?

Hala da. Ikasketak amaitzean, hemen geratzeko apustua egin nuen. Ekonomikoki errazagoa da agian etxera bueltatzea, baina nik hemen geratu nahi nuen. Mutualitate batean hasi nintzen lanean, baina fisioterapia arlo horretan ez dago batere ondo, eta ez nengoen gustura; oso prekarioa zen dena, gainera. Orduan, lana aldatzea erabaki nuen, gustuko nuen fisioterapia eredu batean murgiltzeko. Elkarlanean, Fisionum izeneko enpresa txikia sortu dugu lagun batek eta biok, eta guk nahi dugun fisioterapia lantzen dugu. Bagenekien ez genuela asko irabaziko hasieran, baina guk nahi genuen horretan lan egingo genuen. Zaila izan da, baina aurrera atera gara, eta pozik gaude. Gure bidea egitea lortu dugu, eta oso harro gaude horretaz.

Bartzelonatik Sabadellera lekualdatzea ere erabaki zenuen. Zergatik?

Lau urte neramatzan Bartzelonan bizitzen. Pisuarekin arazo bat izan genuen, eta, geroztik, galdu nuen han egoteko gogoa. Bartzelona sekulako negozioa dela sentitzen nuen. Oso hiri polita da, baina mugitzeko beharra nuen, eta Sabadellen beste lasaitasun bat topatu dut. 40 minutura dago garraio publikoan, eta beste bizimodu bat dut hemen. Bartzelonarekin konparatuta, herri bat da hau. Errugbi taldeko lagunak ditut hemen, alokairua askoz merkeagoa da eta enpresa ere hemen sortu dugu. Leku atseginagoa da bizitzeko.

Zergatik diozu hori?

Beste harreman bat garatzen duzulako bizitokiarekin. Betiko tabernara zoaz, okindegikoa ezagutzen duzu... Bartzelonan oso galduta dago hiriarekiko harreman hori, eta, bertan bizitza guztia eman ezean, zaila da hiriaren parte sentitzea eta gertutasun hori izatea.

Zazpi urteren ostean, nongoa sentitzen zara zu?

Askotan egin diot galdera hori neure buruari. Asko maite dut Euskal Herria, baina kanpoan bizitzeak ere beste ikuspuntu bat ematen dizu gauzen inguruan. Han zein hemen egon, beti sentitzen naiz etxean; bi kultura barneratuta dauzkat, eta hori oso polita dela uste dut.

Kulturalki talka handia nabaritu duzu?

Bueno, azken finean nahiko hurbil gaude, eta bizimodua oso antzekoa da. Nik lehenengo talka hizkuntzarekin izan nuen, baina, egia esan, oso erraza da hemen murgiltzea eta katalanez ikastea. Gero, lagunak eta kuadrilla kontuak, bada, desberdinak dira. Alde horretatik, nik hemen berotasun handia sentitu nuen hasieratik jendearen partetik; oso gertukoak egin zitzaizkidan, eta asko eskertu dut.

Zelan daramazu konfinamendua?

Ondo. Ez dugu galera handirik izan, eta jadanik ireki ahal izan dugu berriz. Hala ere, sekulako neurriak bete behar ditugu, eta zentzugabea da beste jarduera batzuekin alderatuz gero. Argi dago ekonomia jarri dela erdigunean, eta ez bizitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.