MAITE DITUT MAITE

«Ni orain naizena naiz nagoen lekuan nagoelako»

Atseginez hartzen ditu Undak Urkiolara egiten dituen ibilaldiak. Baserrian naturaz inguratuta oreka aurkitu duela aitortzen du, eta horrek, gainera, nabarmen eragin diola arlo guztietan.

JAIZKI FONTANEDA/ FOKU.
jone arruabarrena
Aramaio
2020ko uztailaren 11
00:00
Entzun
9 urterekin hasi zen borrokan Maider Unda (Aramaio, Araba, 1977). Bosgarren postua lortu zuen Pekinen, 2008ko Olinpiar Jokoetan. Brontzea gero, 2012ko Londresko Jokoetan. Hala ere, bere sustraiak Aramaioko Oleta auzoan izan ditu beti, eta, elastikoa eskegi zuenean, gaztagintzari eta baserriko lanei ekin zien.

Zergatik Urkiolako parke naturala?

Azken finean, nire mendirako lehenengo joera hori da. Gainera, hurbil geratzen zait; ez daukat denbora askorik mendira joateko, eta nire irteera bakarrak, mendira egiten ditudanak, horiek dira. Gainera, lekua bera ere oso polita da.

Beti esan izan duzu lurrean errotutako emakumea zarela, eta lurrak eman dizula zure izaera. Urkiolaren moduko paisaiak badira izaera horren parte?

Ni orain naizena naiz nagoen lekuan nagoelako. Dena doa batera. Nik ez dut hemendik alde egin. Nik hemen bilatu dut nire oreka. Azken finean, pertsona bat dena da inguratzen duenarengatik.

Eta borrokari dagokionez, hazi zaren inguruneak zer eragin izan du zure kirol ibilbidean?

Batez ere baserri batean bizi izanak kirolerako balioak ematen dizkizu, lehenengo baserrian landu dituzunak direlako: konstantzia, sakrifizioa, lana...

Zure izaera ez ezik, bizimodua ere lurretik atera duzu, artzaintzatik. Beti izan duzu argi artzaina izan nahi zenuela?

Ez [barrez]. Ez, nik ez nuen argi izan. Izan ere, nik elektronika ikasi nuen. Eta elektronikarekin ez dauka zerikusirik. Kirol munduan ere jarraitu ahal izango nuke, baina honek lotu egin nau. Ni beti bizi izan naiz hemen, eta lehen, agian, laguntzaile aritzen nintzen, eta ez nuen neure burua hemen ikusten, baina bideari jarraitu diot eta bideak honaino ekarri nau.

Eta orain gustura zaude hemen?

Bai, bestela ez nintzen hemen geratuko. Mila aukera izango nituen beste zerbait egiteko, baina nik benetan sentitzen dudana hauxe da.

Emakume izatea ez da erraza borrokaren moduko kirol batean. Nolakoa da egoera artzaintzan?

Egia da bizi garen gizartean bizi garela. Eta badago jendea hori ondo ikusten duena eta beste horrenbeste ez duena ondo ikusiko. Baina ni ez naiz bizi jende horrek pentsatzen duenaren arabera: nik nire bidea egin behar dut. Argi dago denok ez dugula berdin pentsatzen, eta nire ustez, errespetatzen baldin badugu, bakoitzak egin dezala berea.

Zuk oztoporen bat topatu duzu artzain munduan emakume izatearren?

Ez. Egia esan, nik uste dut errazagoa dela artzain munduan kirolean baino.

Kirol munduan, bai?

Bai. Zoritxarrez gizarte matxista batean bizi gara. Egunero aurkitzen duzu matxista den jendea, eta ez diona berdin berba egingo emakume bati edo gizon bati. Ikusi nahi ez baduzu ere, hori errealitatean gertatzen da. Kirol munduan hierarkia asko daude; patriarkatua oso zaila da aldatzeko. Baina gauzak, apurka- apurka, badoaz.

Kirol munduan igartzen duzu gauzak aldatu direla zu hasi zinen garaitik gaur egunera?

Uf, bai! Gainera, ez bakarrik matxismoari dagokionez. Kirola nola ikusten zen lehen eta nola ikusten den orain, adibidez. Orain, osasunari lotuta dagoen hitz bat da kirola. Lehen, kirola jende arraroak egiten zuen gauza bat zen. Orain, menditik korrika ibiltzea-eta normal-normala da. Lehen, ordea, ez zen oso ohikoa.

Urkiolako parke naturala kuttuna duzu, eta Olinpiar Jokoetako domina ere bai. Elastikoa dohaintzan eman duzu, baina emango al zenuke domina?

Kar, kar, kar! Domina ez! Domina ez da erregalatzen! Hori, gainera, esaten da ezin dela oparitu! Berez, domina bera oparitu ahalko nuke. Niretzat hor pisua daukana, domina barik, hura lortzeko izan nituen bizipen guztiak dira. Eta hori bai ezin dela oparitu. Hori betiko izango dut. Baina ez, ez daukat asmorik dohaintzan emateko. Oparituko nioke pertsona jakin bati, baina horrela eman ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.