MAITE DUT MAITE... TXARANGOREN 'TANT DE BO' ABESTIA. Jone Uria. Bertsolaria eta matematikaria

«Kantu baikorra eta pesimista da aldi berean»

Oxala. Hori esan nahi du Jone Uriak hautatu duen kantuaren tituluak: 'Tant de bo'. Txarangorena da, eta, espiritu baikorra duen arren, badu alde iluna ere. Katalanez da, eta horregatik ere maite du.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Nagore Arin.
2020ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun

Txarangoren Tant de bo abestiaren argi-ilunak maite ditu Algortako Jone Uria bertsolari eta matematikariak (Getxo, Bizkaia, 1990). Bere hitzetan, «alaia eta pesimista» da, eta horregatik ere gustatzen zaio. Doinuan baino gehiago, kantuaren hitzetan egin du azpimarra.

Txarangoren kantu bat hautatu duzu: Tant de bo. Zergatik hori?

Zaila egin zait bakarra hautatzea, baina nahiko argi nuen katalanez izan behar zuela. Kataluniako talde dezente entzuten ditut: Txarango, Antonia Font... Guztien artean bat aukeratzekotan, hau hautatu nuen: gustatzen zait erritmoz, eta hitzak ere bai. Gaztelaniazko ojalá esan nahi du. Asko erabiltzen dut: indar handia du. Euskaraz ere oxala esan dezakegu, baina ez du indar bera.

[Youtube]https://youtu.be/nrfkvYfKqpw[/Youtube]

Duela sei urte plazaratu zuten abestia. Orduan ezagutu zenuen edo gerora ezagutu duzu?

Gerora ezagutu dut. Taldea, ordea, lehenagotik ezagutzen nuen; izan ere, Bartzelonan bizi izan nintzen urtebetez, eta orduan hasi nintzen entzuten. Ez nintzen katalanezko eskoletara joan; unibertsitatean eta lagunekin soilik hitz egiten nuen. Liburuen eta kantuen bidez ikasi dut. Kantu hau lagun baten USBan ezagutu nuen, bidaia batean.

Bartzelonan egin zenuen egonaldi horrekin lotzen duzu?

Kantuak baino gehiago, katalanez izateak gogorarazten dit egonaldia. Gainera, katalana bada hizkuntza bat nostalgia sortzen didana: asko preziatzen dut. Abestiaren hitzak gustatzen zaizkit: baikorra da, eta pesimista da, aldi berean. Tant de bo espresioak esperantza puntu bat adierazten du; baita oraindik bete ez den zerbait ere.

Zer testuingurutan entzuten duzu bereziki?

Ez naiz abestiak momentuaren arabera entzutekoa: autoan entzuten ditut normalean. Abesti asko nolanahi pasatzen dira, baina Tant de bo ez. Edozein momentutan entzun daiteke. Alai zaudenean martxan jartzen zaitu; bereziki alai ez zaudenean, berriz, animatu egiten zaitu.

Ideia asko biltzen ditu abestiak... Zein gustatzen zaizu gehien?

Tant de bo horren ostean datorren esaldi hori izaten da: ea pasatzen den. Beste batzuetan: oxala horrela ez balitz. Esperantza adierazten du; baina oraindik ez da gertatu. Jende gehiago ere biltzen du abestian, eta hori ere gustatzen zait: besteei ere opa die dena ongi joan dakiela. Ez da kutsu egoista duen oxala, munduari begirako oxala baizik.

Badu loturarik matematikarekin edo bertsolaritzarekin?

Matematikarekin ezetz esango nuke. Egia da une batean esaten duela: tant de bo dos i dos sumin quatre [bi eta bi lau izango ahal dira]. Baina hori da duen lotura estuena. Bertsolaritzari so, doinua asko gustatzen zait, baina gehiago preziatzen ditut hitzak. Gainera, abestiak asko errimatzen du une batzuetan.

Katalana preziatzen duzula aipatu duzu. Noiztik datorkizu grina?

Bartzelona erakargarria iruditzen zitzaidalako joan nintzen. Behin hara iritsita, eskoletara apuntatu nahi izan nuen, baina epea pasatuta zegoen. Nahi gabe ikasi nuen. Ez zen izan ikasketa prozesu kontziente bat: unibertsitatean katalanez hitz egiten genuen, lagunekin ere bai, jendeak katalanez hitz egiten zidan kaletik... Testuinguru horretan, beste gustu eta motibazio batekin ikasi nuen. Euskal Herrian askotan ezinezko dirudiena gertatu zait: hizkuntza bat ikasi eta hizkuntza horretan bizitzea eta pentsatzea. Geroztik, ahalik eta gehien entzuten saiatzen naiz, eta abestien bitartez ere egiten dut hori.

Horrela dio abestiak amaierara iristean: Bizitza gudu bat ez izatea nahi nuke, eta dantzatzera atera zaitezen dantzan ari denean...

Oso etsikorra da: bizitza bataila bat dela berresten du. Baina, bestalde, dantzatzera atera zaitezen esaten dizu, eta horretara animatzen zaitu. Bigarren hori errealitate bihurtzea bai dela gauza posible bat, baina zu zara dantzatzera atera behar dena.

Zein da zure Tant de bo hori?

Abestian agertzen diren guztiak, hasteko. Garai honetan: honetatik guztitik onik atera gaitezen gizarte bezala. Ezin da jakin nola amaituko dugun; oxala ez balitz izango amaiera ematen duten aukera horietako bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.