ATZEKOZ AURRERA. Estitxu Arroyo Sanchez. Aktorea, performerra eta sortzailea

«Bizitza asko ditugu bizitzan, eta heriotza diferenteak»

Gorputza du ikertzeko, hausnartzeko eta adierazteko tresna. Erriberako landare batek piztu dio gogoeta bizitzaz, heriotzaz eta suntsipenaz.

MIGUEL ESTALES FRESAN.
Iker Tubia.
Iruñea
2021eko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Iruñeko Ziudadelako labea 360 graduko zirkulu bat da. Beste zirkulu bat dago barnean, kandelaz osatua, eta itsas salsola handi bat sabaitik zintzilik: «Landare aldare bat». Kali jainkoaren bi aldare txiki ere badaude alboetan. Estitxu Arroyo Sanchez (Cintruenigo, Nafarroa, 1973) artistaren instalazioa da: Salsola Kali: una deriva vegetal. Otsailaren 7ra arte ikusgai izanen da, baina gaur performancea ere eginen du toki berean, 18:30ean, 19:00etan eta 19:30ean.

Zer landare da itsas salsola?

Nafarroako Erriberan ohikoa da: zoru idorretan, basamortuetan hazten da, eta landare zukutsua da. Hemen, belar txartzat daukate. Orain ez da erabiltzen —lehen, xaboiak egiteko eta—; beraz, zapaldetan biltzen da, eta, ez dutenean gehiago biltzea nahi, erre egiten da. Haurtzaroa eta lurraldea gogora ekartzen dizkidalako interesatzen zait.

Zergatik erabili zenuen?

Haragiaren memoria ikerketan, bi alor lantzen ari naiz: lurraldearen memoria, eta familiarena edo gorputzarena. Nire sorterriko landare honen bizi zikloa asko interesatzen zait. Globo baten moduan puzten da, eta, idortzean, ziertzoak erauzi eta airean eramaten du. Landarea itzulika hasten da, eta, biraka mugitzen den bitartean, haziak botatzen ditu, bere familiako hurrengo genealogiak. Mugimendu birakari horri erreparatu diot, nola bere suntsipenetik berriz sortzen den landarea.

Gaztelaniaz salsola kali da landarearen izena. Landare aldareak badu loturarik Kali jainkoarekin?

Duela 15-20 urtetik yoga ikasten dut, eta nire lan guzia zeharkatu eta zipriztintzen du. Nire lana bilaketa bat da, bide espiritual bat. Salsola kali izena ezagutu nuenean, dena konektatu zen. Kali ez da edozein jainko; suntsipenaren jainkoa da: bizitzarena eta heriotzarena. Ekintza guziak maitasunez egiten ditu, suntsipenaren bidez berria sor dadin. Hori da bizitzaren esanahia, sortze eta hiltze betiereko zikloekin.

Zure gorputza instalazioan sartzen denean, zer gertatzen da?

Gorputzera eta eszenikora eramandako erritu bat da. Dei egiten da, eta ospakizun bat egiten da bizitzaren, heriotzaren eta zikloen irrikak bere edertasun guzia aska dezan.

Gorputza bilaketa eta hausnarketa objektu gisa erabiltzen duzu. Nora eraman zaitu gorputzak?

Nik gorputz bat dut; kasu honetan, emakume gorputza, eta gorputz horretatik abiatuta ikertzen eta esperimentatzen dut. Gorputzak, kodifikatutako zenbait mugimenduren bidez, energia bideak ireki ditzake. Adibidez, performanceetan gorputzetik egindako lan bat dago, dantza baten gisakoa, yoga eta Kalari Payattu mugimenduen bidez.

Zer harreman du dantzak yogarekin eta Kalari Payatturekin?

Dena gorputzetik pasatzen dela. Niretzat, gorputza ate bat da, zubi bat, espazio bat energiaren inguruan ikertzeko, baita gorputzak espazio ezberdinetan zabaltzeko dituen gaitasunen inguruan ere, eta nola horrek ireki ditzakeen beste leku eta irudi batzuk, eta publikoari informazioa igorri. Horrek lan praktiko handia eskatzen du; entrenamendu bat gorputza afinatuz joan dadin, instrumentu bat bezala. Praktika horien bidez, geruza sotilagoetan barneratzen naiz, gorputza komunikatzeko materia handi bat izan dadin.

Yoga ezinbestekoa duzu lanean?

Bai. Bilaketa espiritual bat da, eszenara atera eta zabaltzen dudana.

Bizitzari ez ezik, heriotzari eta suntsipenari ere egiten diezu dei. Zer hausnartu duzu bizitzari buruz?

Bada, bizitzaz gehiago hitz egiten dela heriotzaz baino; baina heriotza bizitza bezain presente eta gertu dugu. Ez naiz ari soilik heriotza fisikoaz. Bizitza asko ditugu bizitzan, eta heriotza diferenteak.

Esaterako?

Bikote harreman bat bukatzen denean, zerbait hiltzen da: dolua pasatu behar da, eta berriz ere sortu. Lan bat bukatzen denean, gauza bera gertatzen da. Bizitza ziklikoa da, etengabeko birsortzea, heriotzarekin eta bizitzarekin. Gauzak bukatu egiten direla aldarrikatu nahi dut. Baina heriotza guzietan maitasun eta sortze hazi bat dago, zerbait bukatzen denero tokia uzten dugulako zerbait berria sor dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.