ATZEKOZ AURRERA. Maite Asensio. Galtzaundiko kidea

«Inauterietan euskara geroz eta gehiago entzuten da»

Aurten ezin izango da Tolosako inauteriez gozatu, baina Tolosaldeko Galtzaundi euskara taldeak inauterietako kantuekin hasiko du 30. urteurrenaren harira egingo duen egitaraua, igandean.

GORKA RUBIO / FOKU.
jone arruabarrena
2021eko otsailaren 11
00:00
Entzun
1990. urtean sortu zen Tolosaldeko Galtzaundi euskara taldea, eta bertako kide da Maite Asensio (Tolosa, Gipuzkoa, 1980). Azken 30 urteotan Tolosaldeko euskarak inauterietatik edan du, eta inauteriek edan dute euskaratik ere. Horren erakusgarri da taldeak urteurrena ospatzeko asmoz iragarri duen lehenengo ekitaldia: inauterietako kantuekin osatutako kontzertua emango du Et Incarnatus orkestrak, igandean, 12:00etan, Leidorren.

Nolabait, inauterietako gogoa asetzeko balioko du igandeko kontzertuak?

Ez da inondik inora inauteriak ospatzeko ekitaldi bat. Garbi daukagu inauteriak aurten ez daudela, baina inauterietan Tolosako txarangetanurtero entzuten ditugun abesti horiek beste modu batean entzuteko aukera emango digu kontzertuak, harizko orkestra baten bitartez, modu askoz lasaiago eta goxoago batean.

Galtzaundiren 30. urteurreneko lehen ekitaldia dela azaldu duzue, eta sorpresaren bat egongo dela ere esan duzue. Zerbait aurreratu dezakezue?

Aurten gure asmoa da urtean hainbat ekitaldi antolatzea, eta hau lehena izango da. Gonbidatu bereziak ere egongo dira taula gainean, modu batean edo bestean, inauteria irudikatuko dutenak, eta orkestra horri ahotsa jarriko diotenak.

Inauteriak ezingo dira ospatu aurten; nola sentitzen zara?

Uste dut denok aspalditik bagenekiela ezingo genituela inauteriak ospatu. Hala eta guztiz ere, datak gerturatu heinean, zailagoa da. Hemen, tolosarrak egun horietan ogia erosteko atera behar bagara ere, zerbait janzten dugu. Mozorrotu gabe biluzik bezala sentitzen gara.

Ostegun gizena da gaur, baina aurreko urteekin alderatuta, desberdina izango da gaurkoa. Ospatzeko asmorik?

Ostegun gizenean, Tolosan txilaba janzten da, baina aurten, printzipioz, ezer ez, norberak erabakiko du. Gainera, Tolosan txistorra jateko ohitura dago, eta aurreko urteetan tabernetara joan eta txistorra pintxo batera gonbidatzen zintuzten. Beraz, pentsatzen dut batek baino gehiagok txistorra mokadutxoa jango duela.

Zergatik da hain berezia ostegun gizena tolosarrentzat?

Festa hasten den eguna delako, eta oso herri giroa izaten dugulako. Azkeneko urteetan Tolosako inauteriek oihartzun handia izan dute, etajende asko gerturatzen da egun horietan. Baina ostegunean, herriko jendea egoten da, eta inauterien hasiera denez, gogo biziz hartzen dugun eguna izaten da. Txaranga doinuak ere urtean asko entzuten ditugu, baina egun horretan lehen aldiz entzuten ditugun momentu hori oso berezia izaten da.

Zer lotura daukate euskarak eta inauteriek?

Galtzaundi elkartearen izena inauterietako abesti batetik dator, eta elkarteari izen hori jarri zitzaionean, alaitasuna, giro ona eta umorea lotu nahi genituen euskararekin eta elkartearekin. Inauterietan euskara geroz eta gehiago entzuten da, baita herrian ere. Iazko emaitzek esaten digutaren arabera, lehenengo aldiz, azken urteetan euskara izan da nagusi, eta urtean egiten dugun lanaren isla izaten da inauterietakoa.

Zer lan egiten du Galtzaundik Tolosan?

Euskararen erabilera zer esparrutan bultzatu beharko litzatekeen ikertzen dugu, eta 30 urtean egitasmo pila bat egin dira helburu hori lortzeko.

Zer egoeratan sortu zen Galtzaundi duela 30 urte? Eta zer egoeratandago gaur egun Tolosaldea euskarari dagokionez?

Duela 30 urte Galtzaundi sortu zenean, Tolosan gehienek gazteleraz hitz egiten zuten, eta euskararen presentzia txikia zen. Orain, 30 urte geroago, Tolosa Uemako udalerri bat da, eta euskara hizkuntza nagusia da kaleetan. Haurrak eta gazteak dira, batez ere, euskaraz bizi direnak, eta duela 30 urte zaharrak eta haurrak ziren. Hori kontuan hartuta, ikusten dugu ona dela euskarak Tolosaldean daukan etorkizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.